Hirurogeta hamabi bertsolarik emon dabe izena Bizkaiko Bertsolari Txapelketan

Bizkaie! 2010-05-03 15:36   Bertsolaritzea

Bi urterik behin izaten da Bizkaiko Bertsolari Txapelketea eta, honezkero, hastear dago Eskualdeetako txapelketea, ondoren, udagoienean, Bizkaiko Txapelketeari ekiteko. Informazino-eguneratua www.bizkaikotxapelketa.biz webgunean jaso zeinkie.

Bi urterik behin izaten da Bizkaiko Bertsolari Txapelketea eta, honezkero, hastear dago Eskualdeetako txapelketea, ondoren, udagoienean, Bizkaiko Txapelketeari ekiteko. Ekimenaren aurkezpenean Bizkaiko Bertsozale Alkarteko buru Karmelo Uriarte; Bizkaiko Foru Aldundiko Euskerea Sustatzeko Zuzendari Miren Dobaran; BBKren ordezkari Gorka Martinez; eta Beñat Vidal eta Aitor Arrutia bertsolariak izan dira.

Aurtengo txapelketan 2008an baino 10 bertsolari gehiagok parte hartuko dabe. Dobaranen esanetan, 'bertsolaritzea Bizkaiko eskualde guztietara zabaldu da, euskaldunenetatik ez horren euskaldunetara. Bertsozale Alkarteak produktu erakargarria eskaintzen jakin izan dau eta gazte ugari erakarri ditu bertsolaritzara'.

'Euskereak sarea josi behar dau', dino Dobaranek, eta Bertsozale Alkarteak gogor egin dau bertsolaritzea egungo sarearen ezaugarrietara moldatzeko. Karmelo Uriartek azaldu dauen moduan, 'webgunea oso eguneratuta egongo da eta sare-sozialetara be ailegauko gara'.

Beñat Vidal (aurten 30 urte beteten dituan Algortako Bertsolari Eskolako kidea) Ipar Uribeko taldekidea izan da orain arte jokatu dituan txapelketetan baina, aurtengoan, Uribe Butroe taldeagaz jokatuko dau: 'Uribe Butroe lehenengoz izango da txapelketan, orain arte Ipar Uribe taldean kantau izan dogulako baina, aurten, taldea bitan banatu da: Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta. Lehenengoan 12 bertsolarik kantauko dabe eta, bigarrenean, 18k'.

Kontuak kontu, honeek dira eskualdeak: Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri, Lea-Artibai, Uribe-Butroe eta Uribe-Kosta. Danetara, 72 lagunek emon dabe izen. Epaile-lanetan arituko dan Gorka Intxaurbek (Iñaki Aurrekoetxeagaz, Jurgi Fuentesegaz eta Asier Ibaibarriagagaz batera) emon euskun bere azken artikuluan saioen barri.

Eskualde bat bitan banatzea garrantzitsua bada, aitagarria da, baita, Enkarterri taldearen ekarpena, 12 bertsolarigaz. Aitor Arrutia bertsolariak emon deusku bertako egoerearen barri: 'Enkarterrin, oso garrantzitsua da bertsolaritzea eskola arautuan eskaintzea, umeek ez daukielako etxetik bertsolaritzearen barri. Horrek eskualdeko zaletasuna indartzeko balio dau'.


www.bizkaikotxapelketa.biz

Hemendik aurrera, urtero, helbide horretan topauko dozue txapelketearen ganeko informazino oso eta eguneratua. Baina, ez bakarrik txapelketako barri, 'Bizkaiko bertsolaritzearen plaza izatea gura dogulako'. Txapelketa urteetan zein txapelketarik ez dagoanean be egongo da martxan. Izan be, bertso-eskola, irakasle zein zaleentzat lagungarri izan daitekeen datu-base garrantzitsua izan gura dau webguneak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu