Euskerearen aldaerak jasoten dituan atlasa aurkeztu dabe Bilbon

Bizkaie! 2010-04-30 15:24   Euskerea berbagai

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu. Euskaltzaindiak 1983an onartu eban egitasmo hau, Markina-Xemeinen egindako Dialektologia Barne Jardunaldietan, eta gaur aurkeztu dira lehenengo liburuki biak.

Hizkuntzaren ahozko aldaera desbardinak mapatan agirian emoteko egiten dira hizkuntza atlasak. Hortaz, Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskerearen aldaerak mapetan jasotea dau helburu. Euskaltzaindiak 1983an onartu eban egitasmo hau, Markina-Xemeinen egindako Dialektologia Barne Jardunaldietan.

Gaur aurkeztu diran Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren (EHHA) lehen bi liburukiak Euskadiko Kutxaren babesaz argitaratu ditu Euskaltzaindiak.

1984an martxan jarri zan egitasmo honen buruak honeek izan dira: Jean Haritschelhar, Beñat Oihartzabal, Andolin Eguzkitza eta Adolfo Arejita, egungo zuzendaria dana.

Bestalde, Gotzon Aurrekoetxea eta Xarles Videgain dira egitasmoaren arduradun teknikoak. Horreez gain, inkestak egiten eta transkribiduten, mapak osotzen eta informatizazino lanetan honeek ibili dira: Isaak Atutxa, Iñaki Camino, Ana María Etxaide, Jose Maria Etxebarria, Izaskun Etxebeste, Aitor Iglesias, Gorka Intxaurbe, Jon Irigoras, Amaia Jauregizar, Juan Antonio Letamendia, Juantxu Rekalde, Koro Segurola.


145 herri, 2.857 galdera, 320 lekuko

Euskararen Herri Hizkeren Atlasaegitasmoa egingo zala erabagi ondoren, 1984an prestatze lanak egiten hasi ziran. Holan, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu ziran. Galdesorta horrek hizkuntzearen datu guztiak batzen ditu: lexikoa, fonetikea, morfologia eta sintaxia. Datuak batzeko, Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziran:

– Euskal Autonomia Erkidegoan: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan be 36.
– Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri.
– Ipar Euskal Herrian: Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

1987an hasi zan Euskaltzaindia inkestak egiten eta 1992an amaitu.

Inkesta-leku bakotxean 2.857 itaun egin ziran: 2.163 lexikoaz, 595 morfologiaz (335 izen morfologiaz eta 260 aditz morfologiaz), 62 sintaxiaz eta 37 fonetika sintaktikoaz. 145 herri horreetan eginiko inkestakaz 2.400 zinta grabau ziran. Euskaltzaindiak batuta dituan grabazinoak 4.000 ordutik gora dira (bataz beste 27 ordu herriko).

Inkestea egiteko adineko pertsonak aukeratu ziran, sortzez eta familiaz lekuan lekukoak, baita herritik kanpora gitxi ibilitakoak be. II. liburukiaren berbaurrean Adolfo Arejitak azpimarratzen dauen legez, 'inkestak 80ko hamarkadan egin ziranez, asko hilda dagoz harrezkero. Horrek berorrek balio handiagoa emoten deutse gaur orduan jasoriko datuei: jaso ezinezkoak izango litzatekez orain, orduan batu ziran erantzunetariko asko'.


Kontsultak

EHHAren emoitzak bi modutan kontsulta daitekez: soinuzko datuen kontsultearen bidez eta transkribidutako datuen kontsultearen bidez.

- Soinuzko datuen kontsultea. Azkue Bibliotekan ikertzaileen esku dagoz CD-ROMak (4.000 ordu baino gehiago).

Transkribidutako datuen kontsultea. Kontsulta hau nork bere etxean egin ahal du bi eratara: liburuan edo CD-ROMean.

Bestalde, sarean be jarri dau Euskaltzaindiak lehen eta bigarren liburukien edukia.


Lehenengo bi liburukiak

Lehenengo liburukiak 268 galderaren erantzunak eskaintzen ditu, gai honeei buruz: intsektuak, itsas arrainak, ibai arrainak eta ibai arrantzako tresnak, narrastiak eta urpekoak, txoriak, basa animaliak eta ehizako arteak, eguzkia eta zerua, eguraldia, edurra eta hotza.

Bigarren liburukian aztertu eta landu diran esparruak hiru dira: denpora kronologikoa, topografia eta landaretzearen lehen atala. Denporearenean, berbarako: astearen egunak, hileak, urte sasoiak eta urteak, eta euretariko bakotxaren parteak landu dira; baita oraingo, lehengo eta geroko denbora-unidadeak be.


2000an Ohiko Euskal Mintzamoldeen Antologia argitaratu zan

Edonorentzat bada be, Euskararen Herri Hizkeren Atlasa baliagarriagoa izango da, batez be, ikerlarientzako. Hori dala eta, publiko zabalagoa gogoan eukala, 2000an, orduan be Euskadiko Kutxaren babesagaz, Ohiko Euskal Mintzamoldeen Antologia argitaratu eban Euskaltzaindiak.

Antologia ha egiteko, EHHA egitasmorako batutako dokumentuetan oinarritu zan Akademia. Ez zan hizkuntzalari eta euskalarientzako bakarrik egindakoa; euskaldun guztientzat egin zan, euskereak dituan musika guztiak entzuteko eta ezagutzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu