Jon Arretxe: 'estilo desbardinak jorratuz sentiduten naz gustura'
2010-04-30 12:22 Barriketan'Sekretu beltzak' lanaren idazlea
Makinatxu bat liburu idatzitakoa da Jon Arretxe. Hasieran, bidaia-liburuagaitik egin zan ezagun eta euskal literaturara zeozelako barritasuna ekarri eban lanokaz. Oraindino be espirituz bidaiaria izan arren, eta liburu-mueta horreei esker onespena, arrakastea eta euskal letren munduan lekutxua lortu ondoren, generoz aldatu, eta umore-liburuak idazten hasi zan. Hori be sorpresea izan zan, asmau egin eban Arretxek, estilo arin eta hurrekoagaz. Azken urteotan, beste salto bat emon dau eta genero barri bati oratu deutso, genero baltzari. Orain dala urte batzuk, egun desagertuta dagoan Elea argitaletxeagaz 'Sustrai Beltzak' izeneko lana argitaratu eban baina, merezidutako arrakastea lortu ez, eta barriro argitaratzea erabagi dau Arretxek, oraingoan Elkar argitaletxeagaz.
1.- Bidaia-literaturan oinarritutako liburuakaitik zara ezaguna, tartean umorea be jorratu izan arren. Orain, barriz, nobela baltzera egin dozu. Zelan ailegau zara genero horretara? Helburu zehatzen batek bultzatuta, akaso?
Bidaia-literaturea edo bidaietako inspirazinoa beti euki izan dot baliabide moduan. Ni bidaia-liburu hutsak idazten hasi nintzan, bidaia-kronikak idazten edo benetako bidaietan oinarritutako nobelak zein ipuinak idazten. Nik, irakurle moduan, beti izan dot gustuko bildurra, bildurrezko istorioak, Edgar Alan Poerenak edo Howard Phillips Lovecraft-enak eta estilo horretako gauzak. Beti izan dot gogoa neu be hor sartzeko eta bururatu jatan nik bidaietatik ezagutzen nituan lekuetan kokatzea bildurrezko istorioak, hemen, Euskal Herrian kokatu beharrean. Beraz, ipuin honeek be, zeozelan, bidaietan oinarrituta dagoz.
Hamar bat ipuin agiri dira eta bakotxa munduko leku batean kokatuta dago.
2.- Ze leku dira horreek eta zergaitik erabili dozu euretariko bakotxa inspirazino-iturri legez?
Lehenengo ipuina, Faustoren irribarrea, hemen, gure artean kokatzen da, gehiegi zehaztu barik non. Baina bigarren lantxoa, 'Zazpi Santuak', Marrakex-era doa. Marrakex nahiko ondo ezagutzen dodan herria da, oso ondo ezagutzen dodana eta misterio-ikutu hori daukana. Hango kaleen artean kokatuta dago istorioa baina, berez, legenda zahar batean oinarrituta dago, Marrakex-eko Zazpi Santuen legenda zaharrean.
Gero, 'Malikaren erabakia' ipuinean, Burkina Fasoko prostituta baten istorioa kontetan da, Afrika Baltzeko hainbat herritan magia zuri zein baltzaren inguruan daukiezan siniskerak aitatuz, buduaren mundua tartean.
'Agurearen maleta' Frankfurt-en kokatzen da, Alemanian. Behin Madrileko aireportuan ikusi neban zelan lapurtzen zituen maletak mutiko bik, ipuin honetan kontetan dan erara: biktimak komunean jesarrita egozan momentua aprobetxatuz, hareen atepeko zulotik eskua sartu eta tira eginaz. Ideia horretatik abiatu neban narrazino hau.
'Ilun' Pakistanen inspirauta dago. Bakarrik bidaiatu ezkero, nahiko leku arriskutsua izan daiteke, bidaiari bakartientzat ez da leku oso egokia. Erraza izan zan niretzat leku horretan inspirautako zeozer idaztea, oso ondo ezagutzen dodalako.
Amazoniara salto egin dot 'Egunkari galdua' idazteko ze ni sarritan egon izan naz han, danetara hilabete batzuk pasau dodaz eta bertakoakaz be biziten egon izan naz. Amazoniako mundu magikoa ezagutzen dot, bizi-bizirik dago indioen artean magia, bene-benetan sinisten dabe oraindino basoan ostututa dagozan izaki liluragarrietan, eta milaka istorio ditue kontetako. Hori guztia aprobetxau dot, jakina, ipuin honetarako.
'Aitorpena' nik oso gogoko dodan beste leku batean kokatu dot, Silos-ko monasterioan. Nik beti behar izan dodaz horrelako leku bakartiak eta lasaiak idazteko eta errazago produziduteko eta inspiretako be bai. Monasterio hori da leku horreetariko bat eta esan neike nire liburuetako asko hantxe idatzi dodazala edo, behintzat, orrialde piloa bai, Silos-ko Monasterioko ostatuko bakardadean. Horregaitik erabagi neban ipuin horreetariko bat bertan kokatzea baina ez dot aurreratuko zer pasetan dan istorio horretan eta, ganera, espero dot bertako abadeak ez enteretea...
'Kali-ren sumina' lantxoan, India da ardatza eta induen mitologiako jainkosa bat. 'Pilarren gomutak' nire herrian, Basaurin, kokatzen da, atari batean jazotako gertakari baten oinarritu nintzan istorio hori sortzeko. 'Siberiako soinujoleak' tren transiberiarrean inspirauta dago, hori be ezagutzen dodalako; Errusiako trenek ez daukie izen ona, kontu txarrak pasetan diralako.
Azken ipuina 'Bost egun Varanasin' da. Niri, inork, lekurik gogokoena zein dodan galdetzen deustanean, erantzun bat topetea asko kostau arren, beti esaten dot Varanasi, Indiako Ganga ibaiaren ikuspegi ederra eskaintzen dauen lurraldea. Bertako magia ekarri dot ipuin honetara.
3.- Honako datu hau aitagarria da: liburuaren bigarren argitaraldia da. Zer pasau zan lehenengoagaz eta zergaitik erabagi dozu barriro argitaratzea lan bera?
Berez, liburu hau orain dala urte batzuk argitaratu zan egun desagertuta dagoan Elea argitaletxearen eskutik. Iñaki Mendizabal editorea eta biok oso gustura egon ginan emoitzeagaz, baina argitaraldiak ez eban izan uste genduan arrakastarik eta argitaletxea desagertzeagaz batera, iruditu jatan liburu honi ibilbide luzeagoa falta jakola. Orain, Elkar argitaletxearen eskutik atara dogu, lana berraztertu, moldatu eta aurrerago aitatutako epilogoa erantsi ostean.
4.- Epilogoaren garrantzia aitatu dozu. Zergaitik dauka horrenbeste pisu zure lanean?
Epilogoan azaltzen dira ipuin bakotxa zertan inspirauta dagoan eta zegaitik dagoan kokatuta leku horretan. Horri esker, liburua osotuago, biribilago geratzen da.
5.- Zer esan deutsue irakurleek genero-aldaketearen ganean?
Irakurle askok esan deustie askotan egiten dodala genero-aldaketea eta ia zeinetan sentiduten nazan gusturago. Baina nik, azken batean, nire literatura hutsa lantzen dot, bidaiak, umorea, nobela baltza... Izan be, estilo desbardinak jorratuz sentiduten naz gustura.
Nire hasierako bospasei liburuak oso serioak ziran, bidaietan oinarritutakoak bai, serioagoak. Pozik nengoan egindako lanagaz, baina monotonia ikutu hori sentiduten hasi, eta aldatzeko gogoa eta beharra sartu jatan. Orduan, umorera egin neban salto eta, umoretik, bildurrezko gaiak lantzen. Azken batean, hori da nire estiloa: aldatzea.
6.- Pozik dagoz bide barri horregaz?
Lan hau irakurri izan dabenak pozik geratu dirala esan deustie eta horrek animau nau, hein handi batean, liburua berrargitaratzera, lanaren ibilbidea luzeagoa izateko helburuagaz. Baina, badinotsut, bildurra beti izan dot gustukoa, bildurra jorratzen daben idazleak beti gustau izan jataz eta zeozer egin gura neban arlo horretan.
7.- Uste dozu lortuko dozula irakurleak bildurtzea?
Batzuk baietz dinoe! Lehenengo ipuina irakurten hasi eta erabat bildurtu diran batzuk badagoz. Hori ona da. Ganera, lehenengo ipuinaren hasierea oso gogorra da. Down Sindromedunen egoitza batean girotuta dago, mahai luze batean dagoz danak jarrita, zaindaria da mahaiburua eta zeozer jaten dagoz, eta zer dagoz jaten? Ume baten gorpua, bakotxak bere zatitxua dauka platerean... Hori da abiapuntua.
Niri beti gustau izan jataz hasiera harrigarriak, ez dot ulertzen irakurle batek dinoenean: 'lehenengo 80 orrialdeak apur bat aspergarriak dira baina gero hasten da gaia pixka bat interesa hartzen...'. Nik hori ez dot onartzen, ez irakurle moduan, ezta idazle moduan. Nire estiloa da gogorra dan zeozegaz hastea, kontu deigarri bategaz, atrapau egiten dabenagaz. Gero, amaieran be, irakurlea harritzen saiatzen naz, edo espero ez dauen amaierea idazten. Eta liburu honetan be hori egiten ahalegindu naz. Batzuei gustauko jake, besteei ez; baina hori gustu kontua da.
8.- Hurrengo bidaia nora?
Ez dakit, ez daukat ideiarik, baina hurrengo nobela baltza Tangerren kokatuko dot. Behin egon naz han eta atxakia polita da bueltetako hango giroan murgiltzera.
9.- Zer da lehenengo, beraz, bidaia ala istorioa?
Ez daukat jarraibide zehatzik. Honezkero, bidaia asko egin izan dodaz eta aspaldian bai pentsetan dot lehenengo non kokatu lana eta gero noa hara.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!