‘Nafarroan euskeraz biziteko eskubidea’ manifestazinorako deialdiagaz bat egin dabe honezkero 1.600 lagunek

Bizkaie! 2010-04-29 11:31   Euskerea berbagai

Ekimenaren aurkezpena Kontseiluko bazkideakaz batera 80 bat lagunek egin dabe. Ordutik, atxikimenduak gehitzen joan dira etenbarik. Momentu honetan 1.600 atxikimendu batu dira ekimenerako sortutako blogaren (www.blogak.com/maiatzak15) bitartez.

Nafarroan euskeraz biziteko eskubidea aldarrikatzeko manifestazinoa antolatu dau Kontseiluak. Maiatzaren 15ean izango da, arratsaldeko 18:00etan, Golem zinemetatik abiatuta. Ekimenaren aurkezpena Kontseiluko bazkideakaz batera 80 bat lagunek egin dabe. Ordutik, atxikimenduak gehitzen joan dira etenbarik. Momentu honetan 1.600 atxikimendu batu dira ekimenerako sortutako blogaren (www.blogak.com/maiatzak15) bitartez.

Atxikimenduen barri emoteaz gan, ekimenaren iragarpena egiteko sortutako spotaren aurkezpena egin dau Kontseiluak Iruñeko Zaldiko Maldiko alkartean egindako agerraldian. Spota be blogean dago ikusgai. Spotagaz gizarteratu nahi dana azaldu dau Paul Bilbaok: 'Erakutsi nahi dogu norbanakook be badogula zer egin. Harrotasunez adierazo behar dogu euskaraz biziteko nahia; eta zorionez, ohartuko gara gizartearen babesa izango dogula'.

Kontseiluak egindako deialdiari atxikimendua emon deutsien lagun guztietatik, musikari, idazle, aurkezle, kirolari, editore… luze bat dago. Horren ordezkari 30 bat lagun egon dira Kontseiluarekin batera agerraldian.

'Honek, egoereagazko ardurea zabala dala adierazoten dau eta baita hori gainditzeko nahia be. Gaur, gu guztiok hemen batzeak hori adierazoten dau. Gizartearen gehiengo zabal baten nahia Nafarroan euskeraz bizitea dala', adierazo dau Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. 'Ezaguna da euskereak eta euskaldunok Euskal Herrian bizi dogun egoerea. Ezinezkoa da egunerokoan euskeraz bizitea, behin eta barriro esan dogu hori eta datuek be holan dala egiaztatzen dabe. Hizkuntza eskubideak arlo guztietan urratzen dira', azaldu dau Bilbaok. Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egiten dauen urteko txostenean argi jasoten da datu hori urtez urte.

Nafarroako egoerearen larritasuna aitatu dau Kontseiluko ordezkariak. 'Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politika zuzenean bideratuta dago euskerearen kontra. Trabak gero eta handiagoak dira'. Murrizketak be gero eta nabariagoak dira eta horren aurrean aktibetako beharra nabarmendu dau Kontseiluak, 'horren aurrean erantzuna aktibau beharra dago eta behar horri erantzuteko helburua dauka manifestazinoak. Egoera hori gainditzeko eta orokorrean euskerearen normalizazinoan pausuak emoteko be, beharrezkoa da danok, bakotxak bere ildotik eta bakotxak, jagokon neurrian lan egitea'. Agerraldian batutako Nafarroako gizartearen ordezkaritza zabalak horri erantzuten deutso Bilbaoren esanetan.


Kontseiluagaz batera batutako norbanakoen izenean adierazpen laburra irakurri dabe agerraldian:

Euskerearen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikari erantzuteko eta gure gizartean hizkuntza-politika barri eta eragingarriago baten beharra ikusarazoteko abiatutako dinamikeagaz bat egiten dogula adierazoteko batu gara gaur hemen. Gertatzen ari diran eraso larrien aurrean geldi egoteko asmorik ez dogu eta nafar gizartearen babesa eta laguntza batu nahi doguz euskerearen normalizazinora eroango gaituen baldintza politiko, administratibo, sozial eta ekonomiko barriak lortzeko biderik sendoena dalakoan.

Helburu horregaz, Kontseiluak datorren maiatzaren 15erako deitu dauen manifestazinoan parte hartzeko deia egin nahi deutsagu jendarteari. Nafarroan euskeraz biziteko eskubidea leloa izango dauen manifestazinoak euskerearen alde dagozan eta euskerearen normalizazinoa desiratzen daben guztion manifestazioa izatea lortu behar dogu.

Bizi dogun egoerearen aurrean, lehenengo eta behin, hemen gagozala esatea ezinbestekoa da. Erasoek ez gaituela geldituko esatea garrantzitsua da. Euskerearen kontrako diru-murrizketak, erasoak, injustiziak, babes ezak eta ganerakoen aurrean euskal komunidade osoa agertzea funtsezkoa dala uste dogu. Indar erakustaldi handi bat egiteko ordua dala uste dogu. Baina ez hori bakarrik, beste egoera batera eroango gaituen oinarriak jarteko zereginetan, gutariko bakotxak, norbanakook be, zeregin zehatzak daukaguz eta hori be agertu nahi dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu