Kakiturri-Ehari eta Aramaio joango dira maiatzaren 8an jokatuko dan finalera
2010-04-26 14:03 BertsolaritzeaAramaio izan zan arratsaldeko protagonista nagusia, harek eroan baitzituan puntuak bi modalidadeetan: bertso jarrietan eta bapatean.
Astegoienean jokatu da Arabako Kuadrilla arteko bertsolari txapelketearen finalerdietako ligillaren azken saioa. Aramaioko taldetik Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre eta Xabi Igoa. Amurrioko taldean, Unai Mendibil, Iker Ibarrola, Serapio Lopez, Ainhoa Comas eta Julen Eizagirre. Nor baino nor ibili ziran, finalerako txartela egoalako jokoan. Aramaio izan zan arratsaldeko protagonista nagusia, harek eroan baitzituan puntuak bi modalidadeetan: bertso jarrietan eta bapatean.
Bertsolariek honako lana egin behar izan eben Idoia Beitia gai-emoilearen gidaritzapean: Taldeko batek beste taldeko bategaz ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso (2), taldeko batek beste taldeko bategaz ofizioka zortziko txikian hiruna bertso (2), bina punturi erantzun zortziko txikian, gaia emonda bi bertso nahi dan doinu eta neurrian, taldeko batek beste taldeko bategaz ofizioka hamarreko txikian hiruna bertso, taldeka, gaia emonda, taldeko hiru lagunen artean, hiruna kopla.
Baina txapelketa honetan ohikoa bihurtu dan legez, bapateko saio puntuagarriagaz hasi aurretik bertso jarrien txapelketeagaz hasi zan arratsaldea. Musikaz lagundurik alaitsu etorri ziran parte-hartzaileak: Aramaioko taldea eta Errioxa eta Amurrioko bertso eskolak. Bapatekoagaz paraleloan jokatu dan lehiaketa honetan be astegoienean erabagi da zeintzuk izango diran maiatzaren 8an Araba gaitzat harturik finala jokatuko daben hiru taldeak: Gasteizko Martin Ttipia eta Aldapazaleak eta Aramaioko taldea.
Kontuak kontu, giroa bor-bor egoala emon eutsien hasierea bapateko saioari. Zortziko nagusiko saioak nahiko gorabeheratsuak izan ziran, saio guztiaren antzera, halan da be, ale politak entzuteko aukerea egon zan. Aramaioarrak, oro har, gainetik ibili ziran saio guztietan zehar. Bertsorik politenak entzuteko aukerea halan da be bakarko lanetan izan genduan. Manex Agirre hurrengo egunean erretirauko zan irakaslearen larruan sartu behar izan zan. Txirrinak azkeneko aldiz jo eban momentuan jarri eban gai-emoileak. Bertso politak abestu zituan, bere bizitzan gainditu beharreko azkeneko azterketea oinarritzat hartuta. Umore punturik nabarmenenak kopletan etorri ziran. Trikitilariek Santi Mamiñe jo bitartean abestu behar eben bertsolariek eta horrek animauta alai ibili ziran seiak eta bertaratutakoen algarak ataratea lortu eben. Bertso puntuagarriak amaitu ondoren, epaimahaikideek ez eben ezustekorik emon, puntua aramaioarrentzat izan zalako arratsalde guztian zehar erakutsitako nagusitasunaren ordainetan.
Honenbestez, amaitu dira finalerdiko ligillako saioak eta erabagi da zein bi talde joango diran maiatzaren 8ko finalera: Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aramaio. Finala Gasteizko Landatxo kantxan izango da bazkari eder baten ostean. Sarrerak dagoeneko eskuragarri dagoz bertsosarrerak.eu webgunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!