Normalizazinoan pauso bat harago joateko deia egin dau Paul Bilbaok Kontseiluaren idazkari nagusi kargua hartu ondoren

Bizkaie! 2010-04-26 11:58   Euskerea berbagai

'Funtzino sozial guztiak euskeraz garatzeko aukerea ahalik eta azkarren lortzea ezinbestekoa da eta horretarako euskalgintzearen eta eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko sinergiari eutsi behar deutsagu', esan dau Bilbaok.

Zapatuan Bilboko Euskalduna jauregian egindako ekitaldian, Xabier Mendiguren Bereziartuk, sorreratik (1998) Kontseiluko idazkari nagusia izan danak, kargua itxi eta Paul Bilbao Sarriari lekukoa emon deutso.

Bilboko Euskaldunan egindako ekitaldia izan da Xabier Mendigurenek Kontseiluko idazkari nagusi karguan egin dauen azken agerraldia. Bertan, hamabi urtetako ibilbidearen errepasoa egin dau eta urte honeetan guztietan bidelagun izan dituan gizarte eragileetako ordezkariak, ordezkari politikoak, instituzioak... eskertu ditu. Aurrerantzean be Kontseiluak gertu izango dauela esan dau Mendigurenek. Idazkari nagusi izentau barriak, Paul Bilbaok euskerearen normalizazinoan pausu barriak egiteko nahia azaldu eta konbidapena luzatu deutse ekitaldian parte hartu dabenei, baina oro har, baita gizarteari be.

Ekitaldian, Kontseiluko bazkideen ordezkariakaz batera, euskal jendartearen ordezkaritza zabala batu da, besteak beste, Bilboko kultura zinegotzia Ibone Bengoetxea; Udalbiltzako Loren Arkotxa; EUDELeko Bittor Oroz; UEMAko Jon Bollar, Ezker Abertzaleko Mikel Galartza; EAko Jon Aritz Bengoetxea eta Irantzu Obieta; Ezker Batuako Mikel Arana; Aralarreko Felipe Urkidi eta Alexander Menendez; LABeko Jagoba Zulueta eta Sonia Gonzalez; ELAko Leire Txakartegi; ESK-ko Xabier Barber eta Zigor Zerrato; STEE-EILAS-eko Josu Zalbidea eta Belen Arrondo; HIRU sindikatuko Bittor Galarza; Berriako zuzendari, Martxelo Otamendi; Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko Andoni Zendoia; Kutxako Hizkuntza Kudeaketa arduradun Imanol Miner; Euskadiko Kutxako Fernado Martinez eta Athletic-eko Jose Angel Iribar.

Kontseiluko idazkari nagusi barriak, Paul Bilbaok, kargua hartzeko orduan egindako berbaldian pauso bat harago emotearen ideia nabarmendu dau. Kontseiluko bazkideei zuzendu jake lehenengo. 'Duda barik, gure hizkuntzeak aurrera egin dau azken urteotan eta Kontseilua osotzen daben bazkideek zeresan handia izan dabe, eta egun be badabe bilakaera horretan'. Eskerrak emon deutsez erakutsitako konfidantzeagaitik eta Kontseilua erabili daien dei egin deutse. 'Egunerokotasunaren zurrunbiloan gatxa izaten jaku batasun hori islatzea, baina lortu behar dogu. Kontseiluak batzen zaitue; Kontseiluak batzen gaitu, Kontseiluak batzen dau euskalgintzearen indarra eta horrexegaitik zuok be Kontseiluaren erreferentzialtasunean pauso bat harago joango zariela ez daukat dudarik', adierazo dau Bilbaok.

Gizarte eragileei lankidetzarako deialdia egin deutse, orain arte egin daben moduan. Eta horreei be eskaerea luzatu deutse. 'Funtzino sozial guztiak euskeraz garatzeko aukerea ahalik eta azkarren lortzea ezinbestekoa da eta horretarako euskalgintzearen eta eragile sozial, politiko eta sindikalen arteko sinergiari eutsi behar deutsagu', esan dau Bilbaok.

Agintari politikoei gaur egun euskereak bizi dauen egoereari bueltea emoteko bidean lan egiteko deia egin deutse. 'Ez dago ulertzerik, ezta onartzerik be, berezko hizkuntzan bizi nahi dauen hizkuntza-komunidade bati eskubidea ukatzea, horrek oinarrizko eskubidea urratzea dakarrelako. Horregaitik, Kontseilua alkarren ondoan izango da; une oro bai hizkuntza-eskubideen bermerako bai eta euskerearen normalizazinorako pausu eraginkorrak emoten laguntzen. Geure hizkuntzearen berreskurapen osoa helburu izango dauen hizkuntza-politika eraginkorra abian jarten'.

Herritarrei oro har euskerearen aldeko atxikimendua izate hutsetik pauso bat harago egin daien eskatu deutse. 'Hizkuntzea ezagutu egin behar da, erabili, gozau... Izan bagara, eta garenok eragin behar dogu. Geure burua aktibau behar dogu eta komunidade-eragile moduan jokatzeko pausuak emon behar doguz. Egunerokotasunean adierazo eta erakutsi behar dogu euskeraz bizi nahi daben herritarrak garela'.

Eta azkenik, Xabier Mendigureni zuzendu jako Bilbao: 'Ohore handia da zu ordezkatzea. Ordezkatzea barik, ohore handiagoa izan da zeugaz lan egin izana. Orekea, sendotasuna, jakituria, adiskidetasuna... horreek guztiak dozuz ezaugarri eta horreek guztiak konpartiduteko aukerea izan dogu azken urteotan. Bi elur-maluta ez dira sekula bardinak izaten, baina elementu asko ditue partekatuak. Bi elur-maluta desbardinak izan arren, biak ala biak dira zuriak, hotzak, ederrak. Xabier, gu biok desbardinak izan arren, uste dot lanerako ezaugarri garrantzitsuenak transmitidu deustazuzala: gogoa, ilusinoa eta pasinoa'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu