Juanjo Zelaia: 'geure etxean be ez badogu euskeraz egiten, akabo'
2010-04-23 12:12 BarriketanLau urterik behin antolatzen dan eta Euskal Herriko zazpi probintzietara zabaltzen dan txapelketa bakarrak, Euskal Kantu Txapelketeak aurten 25 urte beteko ditu eta Haur Kantari Txapelketeagaz batera, ehundaka lagun batuko ditu kanporaketa saioetan. Apirilaren 24an, Ugaoko eleizan izango da lehenengo saioa arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Kantu zaharrak gogoratu, galtzeko zorian dagozanak berreskuratu, euskal kantuen aberastasuna ezagutarazo eta kantu eta kantari barriak plazaratzeko helburuagaz beharrean dabil azken 25 urte honeetan Euskal Kantuzaleen Alkarteko buru dan Juanjo Zelaia.
1.- Euskal Herria beti izan da kantuzalea baina azkenaldian, jokera edo zaletasun hori galtzen doala pentsetan dozu?
Galtzen baino, beste bide batzuetatik doala esango neuke. Abesteko jokerea zabal dago, abesteari ez jako itxi, berbarako koralak eta oso indartsu dabilz eta pop, rock eta bestelako estiloetako taldeak be ugari dabilz. Kontua da ze, lehengo jokerea tabernatan, bazkaloste eta afariosteetan kantetako hori bai galdu dala asko.
2.- Hogeita bost urteko ibilbidean gorabeherak be izango ziran. Parte-hartzaile kopuruaren aldetik eta abeslarien kalidadearen aldetik, zeintzuk izan dira urterik onenak?
Holango zehaztasunak ez dira erraz egiteko modukoak. Berbarako, Bizkaian, azken 15 urteotan, urtetik urtera gora ta gora joan gara, lehenengo urteetan 10 bat parte-hartzaile edo izaten genduzan eta sano gogorra izaten zan zuberotarrei eta ganerakoei aurrea hartzea baina azken txapelak Bizkaian geratu dira. Oro har, azkenengo 25 urteotan ikusi dogu musika eskola, ikastetxe, kontserbartorio eta edozein lekutan jente asko dabilela kantuan. Sei urtetik gorako umeakaz hasi eta 11-15 eta hortik gorakoak be badabilz. Kantu zaharrak, barriak, a capella, musika tresnakaz, bakarka, binaka zein taldeka, arlo danatan izaten dira parte-hartzaileak eta kasu askotan, parte-hartzaile bat hiruzpalau bider taula gainean ikustea be ez da arraroa izaten.
3.- Euskal Kantu Txapelketan parte hartu ondoren, ezagun eta ospetsu bihurtutako batzuk badagoz egon, berbarako, Naroa Intxausti bilbotar sopranoa...
Bai. Naroa gazterik etorri zan Lauro Ikastolatik, hasieran Basaurin egon zan talde bategaz baina gero bakarka kantetako erabagia hartu eta bigarren urtera ahots onenari saria irabazi eban. Hirugarren urtean, barriz, Nafarroan, Euskal Herriko txapelduna izan zan. Ordutik maila polita emon dau eta hor munduan dabil onenen artean.
Andeka Gorrotxategi abadiñoar tenorea be ez neuke ahaztu gura, makinatxu bat sari irabazita dago, Maria Bayogaz be kantau izan dau, puntaren puntan dabil.
Danak aitatzea ez da erraza baina Bizkaia mailan jarraituz, Rakel Pujana markinarra, Estibalitz Asua galdakoztarra, Iraide Bilbao ugaotarra, Irantzu Rojo Barakaldokoa, Maria Lazkano Balamasedakoa, Iraide Torrontegi Mungiakoa...
Lugarri taldekoak be kantu txapelketan ibilitakoak dira, Argi Zameza elantxobetarrak The Uskis taldean koruak be egin izan ditu eta ia nork ez dauen ezagutzen Mikel Urdangarin zornotzarra...
4.- 'A capella' edota soinu laguntzaz, banaka, binaka edo taldeka eta edadeari jagokonez, 6-10 urte bitartekoak eta 11-15 urte bitartekoak izango dira parte-hartzaileak. Eskualdeka zeinetan dago kanturako zaletasun handiena?
A capella eta bakarka gitxi ausartzen dira, gehienak musika tresnakaz lagunduta eta taldeka datoz. Hasi ezkero, Bizkaia mailan zerrenda luzea botako neukizu ze Bizkaiko ia herri gehienetako parte-hartzaileak izaten doguz. Hori bai, parte-hartzaile gehien Abadiñon izaten da. Azkenengo urteotan lan handia egiten dabilz 5-6 urtetik 15 urtera artekoakaz eta irabazitako txapelak hor dagoz horren erakusgarri.
5.- Bi kantu motatan banatzen dira parte-hartzaileak: kantu ezaguna eta kantu barria edo kreazinoa. Biak bardin baloretan dira?
Kantu zaharrak eta barriak, sormenezkoak onartzen dira, danak dira ondo etorriak baina nik beti esaten dot pena dala kantu zaharra ahaztutea eta barria ez ikastea.
6.- 25 urteko ibilbidean, hartu izan dozu sorpresarik parte-hartzaileren batek kantu barri ederra aurkeztu dauelako edo ahots zoragarriagaitik edo kantetako teknika bereziagaitik?
Sorpresak beti izaten dira eta ezustekorik handienak maisuek eurek hartzen ditue eta umeek eurek be bai sarritan. Igaz pasau zan Araban; taldeak piloa datoz beti eta egoera horri bueltea emon guran hango arduradunei esan neutsen bikoteren bat edo bakarlariren bat ez ete egoan. Kontua da ze, 'Xalbadorren heriotzea' kantuagaz agertu zala 10 urteko mutil-bikote bat eta ikus-entzuleak zutunik eta txalo zaparrada ikaragarriagaz hartu zituela.
7.- Euskerazko kantuak baino ez dozuez onartzen...
Bai. Inglesezkoak, frantsezezkoak eta... Horreek galtzeko arriskurik ez dago. Gure etxean be ez badogu euskeraz egiten... Gu euskerearen alde gabilz, euskerea galdu ez daiten. Euskerea egoera larrian dago Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoan eta oso garrantzitsua da Iparraldeko euskal hiztunek holako eremu elebakarrak eukitea eta hemengo euskaldunakaz hartu-emonak izatea. Elebitasuna beharrezkoa bada be, ikerketa soziolinguistikoen arabera, hizkuntza bakarrean komuniketako guneak sano onuragarriak dira hiztunak ez galtzeko eta, esangura horretan, kantuak erabiliz gure hizkuntzea barriro eskuratzeko helburua bete leike ekintza artistiko kultural honek.
8.- Kantu baten interpretazinoan epaileek zer baloretan dabe?
Teknikea, ahotsa, karismea, taula gainean egoten jakitea, mobimentuak, koreografia txikiak...
9.- Euskal Kantu Txapelketea eta Haur Kantariena batera egiten dira, probintzia mailan eta eskualdeka. Aurten, Bizkaiko lehenengo kanporaketea Ugaon egingo da apirilaren 24an eta gero, Haur Kantariko Bizkaiko finala Gernika-Lumoko Lizeon jokatuko da bagilaren 12an eta Euskal Kantuko Bizkaiko finala bagilaren 19an, Barakaldo Antzokian. Euskal Herriko finala, barriz, non jokatuko da?
Aurten Euskal Herriko finalik ez da egingo. Datorren urtean, barriz, Haur Kantari Txapelketan, Euskal Herrikoa toketan da. Gogoan hartu, Euskal Kantu Txapelketaren kasuan, lau urterik behin egiten dala Euskal Herriko finala, eta Haur Kantarienean, barriz, bi urterik behin.
10.- Euskal Kantuzaleen Alkartea Iparralden sortu zan ondoko helburuak betetako asmoz: euskal kantuaren tradizino herrikoiari eutsi eta sendotu, kantari zein talentu barriak topau eta Euskal Herriko kulturea eta folklorea zabaltzen lagundu, idazle konpositoreak sustatu eta sormenari laguntzeko. Urteotan lan handia egin dozue baina zer falta da, ze erronka dago orain?
Behetik gorantza gabilz gu beharrean, umeakaz hasi eta 11-15 urtekoetara bitartean. Hortik gora, jarraipentxua egiten deutsagun arren, bakotxak bere bideari ekiten deutso eta asko galdu be egiten doguz. Kontuan hartu, abeslari legez bizimodua ataratea sano gatxa dala eta gurean gatxagoa.
Beraz, irakaskuntzarena da bide bat eta nik makinatxu bat irakasle ezagutzen dodaz Euskal Kantu Txapelketan eta Haur Kantari txapelketan hasitakoak. Euskal Herritik kanpora joan behar izatea be nahikoa normala da, hor dagoz Naroa Intxausti eta beste batzuk.
Beraz, beharrean aurrera segidutea baino ez jaku geratzen, holan euskal kantuari eta euskereari be eutsiko deutsegulako. Sekula ez jat ahaztuko orain urteak Zuberoako herritxu batean pasau jatana, galduta nengoan herri bat topetan eta han agertu jatan andratxu bati euskeraz egin neutson, alkar ulertzeko arazoak izan geinkezala jakin arren; begira geratu jatan eta: -segiiiii aurrera- esan eustan. Hori buruan daukat sartuta.
Informazino gehiago:
www.kantuzale.net
www.haukt.org
www.badok.info
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!