Jon Arretxek 'Sustrai Beltzak' eta Maribel Aiertzak 'Tigreak hondartzan' lanak aurkeztu ditue

Bizkaie! 2010-04-22 15:32   Kulturea

Aiertzaren liburuaren hariaren jatorria orain dala urte batzuk autoreak entzundako istorio batean topau behar dogu, ama batek, semea desagertu ondoren, oraindino bizirik egoala sentiduten ebala inoana. Arretxeren liburua oso bestelakoa da, nobela baltza baita.

Jon Arretxe eskarmentu eta esperientzia handiko idazlea izan arren, bere lehenengo lana argitaratu dauen Maribel Aiertza idazleagaz batera aurkeztu dau gaur bere lana. Arretxeren 'Sustrai Beltzak' eta Aiertzaren 'Tigreak Hondartzan' lanak izan dira berbagai gaur Bilboko Elkar Megadendan.

Aiertzaren liburuaren hariaren jatorria orain dala urte batzuk autoreak entzundako istorio batean topau behar dogu, ama batek, semea desagertu ondoren, oraindino bizirik egoala sentiduten ebala inoana. Jarrera hori barruraino sartu jakon Etxebarriako idazleari eta, beste bi istorio paralelogaz batera (zirku italiar baten abenturak eta animaliak gustetan jakozan Ander umearen kontuak), istorio 'dramatikoa, hunkigarria, emozinoak sortarazo gura dituana' kontetan dau liburuan.

Lana pintura arloko berbakereagaz definidu behar izan ezkero, 'errealista eta kostunbrista' berbakaz egingo leuke Aiertzak, 'baina pintzelkada handiz margoztutakoa'. Obran, idazkera irakurterraza darabil, gozoa, erritmikoa eta bizkai euskerearen zertzeladakaz.

Arretxeren liburua oso bestelakoa da, nobela baltza baita, 'Sustrai Beltzak' izenekoa. Orain dala urte batzuk ikusi eban argia Elea argitaletxearen eskutik baina, merezidu eban oihartzunik izan ez, eta barriro argitaratzea erabagi dau. Bertan, munduko hainbat txokotan idatzitako ipuinak kateatzen dira, bata bestearen atzetik, irakurlea bildurtu guran. 'Hasiera-hasieratik saiatzen naz bildurra sortarazoten, irakurlea atrapetako', onartu dau autoreak. Generoz genero saltoka ibili izan da Arretxe eta, orain, bildurra landu arren, umorea be erabili izan dau bere lanetan. Baina badago lan danetan agiri dan ezaugarri bat: bidaietan jasotako esperientziak batzen ditu. 'Oraingoan, Marrakex, Siberia, Amazonia, Varanasi... dira aitagarri, baita aireportu aseptiko bat edo norbere etxeko ataria be, ikareak nonahi eta noiznahi atrapetan gaituelako, ustebakoan gehienetan'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu