Alkarte gehiago batu dira Topagunera
2010-04-19 12:22 Euskerea berbagaiFederazinoan bazkidetza eskatu daben lau alkarte barriri be emon deutse ondo etorria Batzarrak: Euskara Añanan Mingainean (Añanako kuadrila); Goierriko Euskal Eskola (Lazkao); Txirritola (Aramaio); eta Gutxisolo (Trebiñu).
Abiatu barri dauen Kongresua izan da Topagunea Euskara Alkarteen Federazinoaren Urteko Batzar Nagusiko protagonista joandako zapatuan Iurretan (Bizkaia) egindako bilkuran. Euskera Alkarteen Mobimentua XXI. Mendearen erronkei begira jarri da eta bere oinarriak birpentsau eta bizibarritzeko oinarriak jarriko dira Kongresuaren bidez.
Hego Euskal Herriko 95 euskara alkarte batzen dituan federazinoak 20.000 euskaldun baino gehiago batzen ditu eta hausnarketa prozesu honen bidez, barruko kohesinoa areagotu nahi dau. Diskurtso osoago baten bueltan, euskaldun kontziente eta aktibo gero eta gehiago erakarri nahi dira mobiemntura, alkarteon jarduna eta eragin eremuak zabaltzeko helburuaz.
Euskera Alkarteen Mobimentuaren Kongresua
2009ko jardueran krisi ekonomikoak zeresana emon dau, alkarte batzuetan besteetan baino gehiago eragin dauelarik. Oro har egitasmo nagusiei eutsi arren, zenbait alkartetan jarduerea dezente murriztu behar izan da eta zenbaiten egoera larria be azpimarratu da. Krisiak krisi, federazinoak egitasmo barriak martxan jarri dituala azpimarratu dau Karmen Irizarrek eta sentsibilizazio sailetik abian jarritako motibazino tailerrak eta etorri barriak euskerara hurreratzeko 'Auzoko' egitasmoa, azpimarratu ditu barritasunen artean.
2010era begira honako erronka nagusiak azpimarratu dira: TOKIKOM garatzea, aisialdi egitasmoen inguruan ikerketa eta garapenean ahalegin berezia egitea eta kultur dinamiken inguruan gogoetea eragitea, besteak beste. Bestalde, Araban egingo dan sustapen lan trinkoa azpimarratu dau Jasone Mendizabalek eta zemendirako Gasteizen egingo diran jardunaldiak izan ditu berbagai.
Egitasmo zehatzetatik harantzago, Iker Martinez de Lagosek 2009an bazkideei egindako inkestearen ondorioak azaldu ditu eta besteak beste, mobimentuaren garapenerako hausnarketa eskariari erreparau deutso. Kongresuak bazkideen eskari horri erantzun nahi deutso lehentasunez. Euskera alkarteek gizartean egun beteten daben funtzinoa aztertu eta hurrengo urteotako erronkak zehaztea dau helburu abiatutako gogoeteak eta bertan berraztertuko dira euskera alkarteen pentsamendua, helburuak, jarduerak eta antolakuntzea. Bi urteko prozesua bazkide kanpaina bateratu bategaz amaitzeko asmoa dago eta Batzarrak lehentasunezko egitasmo honi oneretxia emon deutso. Kongresuak euskera alkarteen barruko ahalik eta partaidetza zabalena lortzea nahi da eta hainbat adituk be ekarpena egingo dabe prozesu osoan zehar.
Zuzendaritza Batzordea
Estatutuetan agindutakoari jarraituz, Federazinoaren Zuzendaritza Batzordea barritu egin da: Durangoko Berbaro Alkarteko Leihor Elorriagak eta Elgoibarko Izarra alkarteko Imanol Larrañagak hartu ditue Nahia Zarzosa eta Olatz Zabaletak itxitako karguak.
Bestetik, Zuzendaritzako kide barriei ez eze, Federazinoan bazkidetza eskatu daben lau alkarte barriri be emon deutse ondo etorria Batzarrak: Euskara Añanan Mingainean (Añanako kuadrila); Goierriko Euskal Eskola (Lazkao); Txirritola (Aramaio); eta Gutxisolo (Trebiñu).
Era berean, urtean zehar bi euskera alkartek emon dabe Federazinoan baja, euren jarduera nagusiak eten dituelako: Oñatiko Laixan euskera alkarteak eta Zarauzko Txaparrok.
Ohiko gai zerrendaz kanpo, bi gairi aitamen berezia egin deutse Topaguneak: alde batetik, Euskaldunon Egunkaria izan dau gogoan, Egunkariako bost auzipetuen absoluzinoa ospatuz eta Euskaldunon Egunkaria osotzen eben partaide eta irakurle guztiak zorionduz. Egunkaria itxi ebenetik sortutako kalteak zuzentzerik ez badago be, beharrezko kalte ordainak berma daitezela eta barriro be holakorik gerta ez daiten eskatu dau era berean Federazioak.
Azken buruan, nafarrek euskeraz biziteko dituen zailtasunak gero eta larriagoak dirala salatu dau Topaguneak. Nafarroako Gobernuak eta Euskarabideak itolarrian jarri ditu euskeraz bizi nahi daben nafarrak, euren alkarteak baliabiderik barik itxita, hedabideentzat diru iturriak itxiz eta euskerea ikasteko zein administrazinoagazko hartu-emonetarako aukerak murriztuz, besteak beste. Euskalgintzako beste erakundeakaz hartu-emonak indartu eta ekimen bateratuak antolatzeko erabili dira 2010aren lehen hilebeteak eta horren erakusgarri izango da maiatzaren 15ean 'Nafarroan euskeraz biziteko eskubidea!' lemapean egingo dan manifestazinoa. Manifestazioan parte hartzeko deia eginez emon deutso amaierea Batzarrari Topaguneak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!