Joan Mari Torrealdai: 'ohorea itzultzearen obsesinoak atrapau egin nau zazpi urte honeetan'
2010-04-16 11:19 BarriketanEgunkariako Administrazino Kontseiluko burua
Euskal kulturearen totem-a, kazetaria eta soziologoa, Euskaltzain Osoa, Jakin aldizkariaren zuzendaria, hamaika liburu eta lan-ikerketaren egilea, euskereari eta euskal kultureari emona bizi izan da eta bizi da Joan Mari Torrealdai. Foruan, Bizkaia, jaioa 1958an, egun Usurbilen bizi da, ezkonduta dago eta seme-alaba biren aita da.
Orain zazpi urte, bere bizitza eten egin zan, Euskaldunon Egunkaria zarratu eben gau horretan Guardia Zibilek eroan ebenean. Hortxe aldatu zan dana. Terroristatzat hartu eben, Egunkariaren beste lau kargugaz batera Madrileko Auzitegi Nazionalean epaitua izan zan, eta lan-ikerketan dedikau behar eban denporea, bere eta euskerearen beraren ohorea itzultzearen burrukan emon dau. Eta berak ironiaz esaten dauen legez, polizia-literaturan aditu bihurtu da.
1- Zazpi urte eta gero, sententzia entzunda, zeintzuk dira zure sentimentuak?
Poza da lenenengo sentimentu nagusia, baina ez da poz euforiko bat, baizik eta holako poz, zorion, satisfakzino…, espero zenduana azkenik jazo dala, tarte horretan dagoan zeozer da. Sentimentu sakon bat da, ez da barre eginez ataraten dana, irribarre baten bidez kanporatzen dan horreetakoa baino. Poz sakona da, baina ez da betea; eta ez da betea honek segidu egiten dauelako.
2. Zer nabarmentzen dozu sententziaren edukiaz?
Nik neuk nabarmentzen dot garbi-garbi esaten dauela ez dagoala delitu gairik, egin dan bidea bide okerra izan dala arlo juridikoan, gehiegikeriez betea. Epaiketa aretoan ikusi genduan frogatzat emoten ziran horreek ez eukiela funtsik, ez eukiela heldulekurik. Epaiketa aretoan bertan gertatutakoa islatu egiten dau sententziak eta esaten dau aurreretxiz hartutako eta probarik bako erabagiak zirala, bai guardia zibilaren aldetik, bai akusazinoaren aldetik. Ahuldade hori agertzen da eta, beste epaiketa askotan ahuldade hori jokabide normal bat baldin bada, honetan tribunalak egurra emoten dau eta hori oso inportantea da. Horregaitik uste dot sententzia hau erreferentziala izango dala.
3. Patxi Lopezek blogean idatzi dau Egunkariaren itxierea ez zala izan euskerearen kontrako ekintza bat, adierazpen askatasunaren kontrakoa baino. Zer deritxozu?
Baina epaileak berak be esaten dau, hain zuzen, akusazinoek ETA euskereagaz lotzen dabela errazegi. Eta Guardia Zibilak txosten batean esaten dau euskerearen aldeko lana ETAren estrategiapeko ekimena dala. Tesia hor dago eta tesi hori erabili dau akusazinoak gu salatu, auziperatu eta jesarriarazoteko, ez gure kontra eukiezan probak. Hau da, geugaz batera, euskerea bera egon da han jesarrita, auziperatuta. Eta hori oraintsu dimitidu dauen Ramon Etxezarretak be oso ondo formulau eban.
4. Eta orain, zer? Erantzunkizunak eskatu beharko dira…
Beno, ez dakit. Kontu horreek juridikoak dira. Politikoei ahoa erraz beteten jake horregaz, erantzunkizunak eskatu behar dira eta ez dakit zer… Baina seguruenik ez daukagu zer eginik, arlo ekonomikoan. Estaduak 60 miloe pagau beharko deuskuzala esan dabe hainbat hedabidek, baina hori Daniel Portero Dignidad y Justiciako presidenteak asmau eban testuinguru zehatz batean, izan be, epaiketa bitartean esan eban epaileak guri arrazoia emon ezkero, Estaduak emon beharko euskuzala 60 miloe euro eta kantidade hori terrorismoen eskuetara joango zala. Eta jenteak orain uste dau guk jasoko doguzala 60 miloe horreek. Eta hori ez da inoiz gertatuko!
5. Maila pertsonalean eta profesionalean be zelan eragin deutsu honek guzti honek?
Asko, asko, asko. Bietan. Maila pertsonalean, hasieratik kolpe ha… Gauetik egunera zure bizitza aldatzen danean goitik behera, terrorista egiten zaituenean eta zeure buruari buruz daukazun irudia, daukazun estatusa, daukazun hartu-emon mundua ikaragarri, goitik behera aldatzen jatzunean... Horrek jota ixten zaitu. Gero, familia be bai eta familiagaz batera norbera, jakina. Eta profesinoan, goitik behera eragiten deutsu. Zazpi urte honeetan orduak eta orduak pasau doguz gai honegaz, hartu-emon munduan ibili gara batera eta bestera, ez dakit zenbat kilometro egin doguzan, eta hori da zure lanari kentzen deutsazun denporea. Ganera, honek obsesino modura atrapetan zaitu eta lehenengo orduak kenduta, ez pentsau zure burua kartzelatik ataratea dala inportanteena, ez, ez, ohorea da. Ohorea eta kezka, konturatzen zaranean kontrako epai bat balego, zer eragin izango leuken euskalgintzan.
6. Eta poliziak eroandako zure lan-ikerketei buruzko paperak eta dokumentuak berreskuratu dozuz?
Batzuk bai itzuli deustiez, ez danak, baina hain desordenauta etorri da materiala, nik ezin izan dodala miatu be egin. Niretzat galera handia izan da. Edade bategaz konturatzen zara zure bizitzan urteetan pilatu dozun hori ezin izango dozula inoiz errekuperau, ez dozula indarrik horretan sartzeko. Eta gero badago beste kontu bat eta horretzaz ez dot asko berba egin: nire ibilbidean bide garrantzitsu bat zentsurearen inguruko lanena izan da eta kontua da ze bide hori zarratu edo moteldu egin dodala, bildurtu egin nazelako...
7. Esperientzia txarretatik be ataraten da zeozer onik; hemendik zer atara da onik zuretzako?
Gauza asko. Guk egin dogun bidea izan da beti batzekoa, metatzekoa, horretan emon doguz urte asko eta horrek orain fruituak emon ditu. Guk ikasi dogu eta irakatsi be egin dogu. Eta hori alderdi oso positiboa da. Lan asko egin dogu, baina egin doguna baino askoz gehiago, uzta hobea jaso dogu. Jaso dogun maitasunak, berotasunak, atxikimenduak, solidaridadeak, babesak… zutunik mantendu gaitu. Bizi-arnas, bizi-poz hori bizi izan dot, barru-barruraino sartu jat jentearen laguntasun hori eta hori da, hain zuzen, guk itzuli nahi doguna orain. Eskerrak emon beharrean gagoz, dana emon deuskuzue, jasotako babes eta berotasun hori barik emoitza hau ez geunkelako lortuko. Atara kontuak, Euskal Herriaren ahotsa heldu da Auzitegiko areto barruraino. Eta, entzun eta gero, sinistu egin deuskue.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!