Mendebalderen eskutik, Bilbok izan dauen bilakaerea eta bilakaera horren eragina euskerearen erabileran aztertzeko jardunaldiak

Bizkaie! 2010-04-15 15:34   Euskerea berbagai

Jardunaldion izenburua 'Bilbon mundua ikusi' da eta gaia, barriz, Bilbok izan dauen bilakaerea eta bilakaera horren eragina euskerearen erabileran. Berbaldiak maiatzaren 7an eta 8an izango dira Euskaltzaindiko aretoan.

Bilboko Udaleko Euskara Sailak Mendebalde Kultura Alkarteak antolatzen dituan jardunaldiak garatzen lagunduko dau. Jardunaldion izenburua 'Bilbon mundua ikusi' da eta gaia, barriz, Bilbok izan dauen bilakaerea eta bilakaera horren eragina euskerearen erabileran. Berbaldiak maiatzaren 7an eta 8an izango dira Euskaltzaindiko aretoan.

Jardunaldien antolaketan honako honeek be izan dira partaide: BBK, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila, Bizkaiko Foru Aldundia eta Metro Bilbao.

Gaur egungo Bilbo eta euskereak eta euskaldunek urian daben egoerea izango dira aztergai, zenbait ikuspegi kontuan hartuta: Bilbok izan dauen bilakaera urbanistikoa eta soziala, euskerearen erabilerea urian, euskalduntze-prozesua aurrera eroateko ekimenak, uriko euskal komunikabideak etab.

Kontuak kontu, lehenengo egunean, maiatzaren 7an, barikua, Joseba Zulaika antropologo eta Nevadako (Reno) Unibersidadeko Euskal Ikasketen Zentroko irakasleak Bilbo modernoaren giltzarriak jorratuko ditu: gerra eta gerraosteko egoera latza, Unamunoren literaturea, indarkeria politikoa, industrializazinoa, Guggenheim etab. Zulaika antxinatik dabil uriagaz lotutako gaiak aztertzen: Guggenheimen sorrerea, uriaren bilakaerea, indarkeria politikoa etab.

Pedro eta Aitor Zuberogoitia 'Bertan Bilbo' izeneko liburuaren egileak dira eta gaur egun euskereak Bilbon dauen egoeraz berba egingo dabe, 'Bilbo postindustrialaren bigarren eraldaketaz', euren esanetan.

Iñaki Gaminde filologo eta EHUko irakasleak emongo dau jardunaldietako lehenengo eguneko azken hitzaldia, Bilboko gazte euskaldunen ezaugarri linguistikoak aurkezteko.

Zapatuan izango da bigarren jardunaldia, Bilbo euskalduntzeko gauzatzen diran ekimenei buruzkoa. Zenbait esparru arakatuko ditue hizlariek: Administrazinoaren lana izango dau aztergai Jose Joaquin Gallastegi Bilboko Udaleko euskerako teknikariak. 'Sorkuntza bideak: ez dok amairutik kafe antzokira' gai hartuta jardungo dau Jose Angel Irigarai idazleak eta kolektibo bien kide sortzaileak. Euskerea bultzatzeko ikastolek egin daben leba handiko lana izango da Manu Aurrekoetxea Bizkaiko Ikastolen Alkarteko zuzendariaren gaia.

Berbaldien ostean, mahai-ingurua egingo da, Bilboko euskal komunikabideen gainekoa, Juantxu Rekalde moderatzaile dala. Parte-hartzaileak: Goizalde Landabaso idazlea, Euskadi Irratiko kazetaria eta bestelako argitalpen eta komunikabideetako kolaboratzailea; Asier Larrinaga EITBko Euskera Zerbitzuaren arduraduna eta Naroa Iturri Hamaika Telebistako kazetaria.

Jardunaldiak amaitzeko omenaldia egingo jako Euskerazaleak Alkarteari, Bizkaian bizkaierea eta euskerea indartzeko 35 urte kera barik beharrean ibili dan eta dabilen alkarteari, hain zuzen be.


'Bilbon mundua ikusi'. Egitaraua:

Maiatzaren 7a, barikua

• 16:00. Harrera eta dokumentazinoa banatzea.
• 16:30. Aurkezpena. Eneko Barrutia (Mendebalde Kultura Alkartea).
Lehenengo ekitaldia: 'Bilbo eta modernitatea'
• 16:45. Bilboko Ilargi zaharra: euskaldun izatearen zauria Joseba Zulaika.
Bigarren ekitaldia: 'Bilbo eta euskera'
• 18:30. Bilbo postindustrialaren bigarren eraldaketa Aitor eta Pedro Zuberogoitia.
• 19:00. Bilboko gazte euskaldunen ezaugarri linguistikoez Iñaki Gaminde.


Maiatzaren 9a, zapatua

Hirugarren ekitaldia: 'Euskalduntzeko ekimenak'
• 09:30. '25 urte ofizioa ikasten', Jose Joaquin Gallastegi.
• 09:55. 'Sorkuntza bideak: ez dok amairutik kafe antzokira', Jose Angel Irigarai.
• 10:20 'Bilbo euskalduntzen, ikastolen ikuspegia', Manu Aurrekoetxea.
Laugarren ekitaldia: mahai-ingurua: 'euskal komunikabideak Bilbon'
• 11:15. 'Pausu labur eta sendoak', Goizalde Landabaso.
• 11:20. 'Zelan emon atsegin euskaldunei?', Asier Larrinaga.
• 11:25. 'Aurreiritzien aurka', Naroa Iturri.
• 11:30. Mahai-ingurua.
• 12:45. Omenaldia: Euskerazaleak taldea.

Jardunaldietan izena emoteko 30 euro pagau behar dira eta epea maiatzaren 6an amaituko da. Ikasleek 10 euro. Parte-hartzaile guztiei 'Bilbon mundua ikusi' jardunaldietako hitzaldiak batzen dituan liburua banatuko jake aurreneko egunean.

Argibideak: 94 4028084 (10:00etatik 14:00etara) eta 639 152787


Mendebalde Kultura Alkartea

Alfonso Irigoienen zuzendaritzapean sortu zan 1996ko udagoienean, lau urteko lanaren ostean. Mendebaldeko berbakerea aztertu, egokitu eta prestigiatuz, euskerea bera indartzea da helburua. San Inazioko Euskararen Etxean dauka egoitza.

Hamalau urte daroaz jardunaldiak antolatzen, bakotxean gai bat hartuta. Orain arte, honakoak aztertu ditue, besteak beste: euskalkien lekua literaturan, administrazinoan eta hezkuntzan; euskerearen transmisinoa eta erabilerea; bizkaierearen ekarpena etab.

Liburuak, ikerlanak eta irakaskuntzarako materialak argitaratu eta irakasleentzako prestakuntza-ikastaroak be antolatzen ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu