Gerediaga Elkarteak 'Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian' ipuinaren aurkezpen antzeztua eskainiko dau

Bizkaie! 2010-04-14 14:33   Kulturea

Gerediagak Merioaren ibilbidea proiektu zabalari jagokon lehen pausua emon dau Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian ipuina argitaratuz. Ipuinaren aurkezpen antzeztua eguen honetan, hilaren 15ean, egingo dau, Durangoko (Bizkaia) liburutegian, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Gerediaga Akarteak Merioaren ibilbidea proiektu zabalari jagokon lehen pausua emon dau Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian ipuina argitaratuz. Ipuinaren aurkezpen antzeztua eguen honetan, hilaren 15ean, egingo dau, Durangoko (Bizkaia) liburutegian, arratsaldeko 19:00etan hasita.

Patxi Zubizarreta ipuinaren egilea eta Patirke Belaza ilustratzailea izango dira aurkezpenean Gerediagako kideakaz batera. Ekitaldia girotzeko, barriz, Karrika antzerki taldekoek parte hartuko dabe. Aurkezpenera doazen gaztetxuek ipuina eta merioaren irudia dauen eskuko telefonoarentzat galtzerdia eskuratuko dabe.

Gerediagako iturriek adierazo dabenez, Merioaren ibilbidea: hegaldi bat lehenaldian ipuina 60 orrialdetako liburuxka bat da eta 10 eta 12 urte arteko gaztetxuei zuzenduta dago. Durangaldearen sorrerea, erakundeak eta ezaugarriak ezagutzera emoteko Gerediaga Alkartea preparetan dabilen ibilbidean oinarritutako kontakizuna da. 12 ikaslek Durangaldean ibilbide bat egingo dabe, baina Maria izeneko gidari misteriotsu batek txangoa guztien memorian gelditzea lortuko dau.

Ipuinaren egilea Patxi Zubizarreta izan da. Ordizian (Gipuzkoa) 1964an jaioa, Gasteizen bizi da, bertan amaitu baitzituan Euskal Filologia ikasketak. Haur eta gazte literaturan hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste Usoa, Atxiki sekretua, Gizon izandako Mutila eta Pantaleon badoa; azken bi lanakaz jaso eban Euskadi Saria.

Bestalde, Patrike Belaza ilustratzailea bilbotarra da, 1974an jaioa. Arte Ederretan lizentziatua, eskultura, argazkigintza, zeramika garaikidea eta bideoak egiten ditu. Kartelak eta ilustrazinoak esku hutseko marrazkia eta collage digitalaren teknikeagaz buztartzen ditu.

Gerediaga Alkarteak ipuinaren 3.000 ale argitaratu ditu. Ohiko liburudendetan zortzi euroan salgai jarteargaz batera, asmoa ikastetxeetan lanerako tresna izatea da. Horretarako, bai irakasleentzat eta bai ikasleentzat material didaktikoa preparauko ditu ikasturte barrirako.

Horregaz batera, ibilbidea bera egiteko bisita gidatuak be antolatzeko asmoa dauka. Honezkero Durangaldeko ikastetxe batzuek interesa erakutsi dabe proiektuan parte hartzeko. Ipuinagaz batera, eskuko telefonoetarako galtzerdiak egin ditu Gerediaga Alkarteak.

Durangaldearen sorrerea eta erakundeak bereziak izan dira beti, eta horren barri ezagutzera emoteko ibilbidea diseinau dau Gerediagak. Ibilbidea gaztetxuenei erakusteko ipuina da proiektuaren lehenengo emoitzea, eta gitxi barru ibilbidea bera erakusten dauen eskuorria argitaratuko dau. Hurrengo pausua ibilbidea seinaleztatzea izango da.

Merioaren ibilbidea Goiurian hasten da. Momoitio, Garai eleizatea, Gerediagako foru-zelaia, Astola auzoa, Muntsaratz, Sanagustinetxebarria eta Elorrion zehar egiten dau bidea. Erdi Aroan Merioa Bizkaiko jaunaren ordezkaria izan zan Durangaldean eta pertsonaia hori izango da ibilbidean zehar bisitariaren gidari eta eskualdeko sorrera eta erakundearen ezaugarriak azalduko dituana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu