Patxi Baztarrikak 'Babeli gorazarre' izeneko liburua argitaratu dau
2010-04-13 12:24 Euskerea berbagaiLiburuko 426 orrialdeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatutako hizkuntza politikak aztertu ditu Baztarrikak eta Espainiako eta Europako politikei be erreparau deutse. 'Auzi honen gakoa, azken batean, Babel madarikazinotzat hartu beharrean bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi alkarren artean ulertzeko bidea emoten deuskuna.
Orain dala urtebetera arte Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde izan zan Patxi Baztarrikak Babeli gorazarre izeneko liburua argitaratu dau bizikidetzarako hizkuntza aniztasunak dauen garrantzia goraipatzeko helburuagaz. Liburuko 426 orrialdeetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan garatutako hizkuntza politikak aztertu ditu Baztarrikak eta Espainiako eta Europako politikei be erreparau deutse. 'Auzi honen gakoa, azken batean, Babel madarikazinotzat hartu beharrean bedeinkaziotzat hartzea da, hizkuntza aniztasuna baita gizakioi alkarren artean ulertzeko bidea emoten deuskuna', esan eban Donostian egindako aurkezpenean.
Liburua Alberdania argitaletxeak argitaratu dau eta gaztelaniazko itzulpena be kaleratu dau editorialak: Babel o barbarie. Berbaurre bi ditu liburuak: Pedro Migel Etxenike zientzialariarena bata, eta David Crystal filologo irlandarrarena bestea.
Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuorde izandakoak hiru ikuspegitatik egin ditu gogoetak. Lehenengoa, globalizazinotik, 'hizkuntzen auzia ez baita auzi lokala, globala baino'; bigarrena, Europar Batasunetik eta Europa osotzen daben estaduetatik, izan be, 'arazo hori ez da herrialde bakotxarena, Europa osoarena baino'. Azkenik, euskerearen kasua aztertu dau, Euskal Herritik eta, 'batez be, Euskal Autonomia Erkidegoko errealidadetik'.
'Hizkuntzen arteko oreka harmonikoari bizkar emoten deutsen sistema demokratikoak eta nortasun baztertzaileak'okertzat jo ditu Baztarrikak, eta hizkuntza aniztasuna ondo kudeatzearen alde egin dau. Jaurlaritzari jagokonez, azken urtean euskerearen ezagutzea eta erabilerea sustatzeko politikak 'moteldu' egin direla uste dau. Halanda be, gobernuak Euskara 21 gogoetan 'ados jarteko ahalegina' egiteko proposamenari eutsiko deutsola espero dau.
Baztarrikak aurkeztutakoa 'sustapenean oinarritutako gogoetea' da. Bere eretxiz, politika publikoei eustea, euskereagazko atxikimentua bultzatzea, euskerearen erabilerea bultzatzea eta maila guztietako herritar elebidunak onartzea ezinbestekoa da garapenagaz eta bizikidetzeagaz jarraitzeko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!