Idurre Alonso: 'itzulitako euskerazko literaturea be irakurri beharko geunke'

Koldo Isusi Zuazo 2010-04-12 12:22   Barriketan
Mondragon Unibersidadeko irakaslea

Idurre Alonso (Eibar, 1978), Euskal Filologian lizentziatua, egun Mondragon Unibersidadeko irakaslea da. EHUko Filologia, Geografia eta Historia Fakultadeko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak saileko Patxi Juaristi eta Jon Batti Kortazar irakasleen zuzendaritzapean egin dau tesia, eta bi beka jaso ditu: Santiago Onaindia Ikerketa Beka (Ametx Erakunde Autonomoak emona) eta Juan San Martin Ikerketa Beka (Eibarko Udalarena).

Egunotan argitaratu dau ‘Erdigune literarioak irakaskuntzan’ liburua UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzuak eta honek Idurre Alonsok igaz aurkeztutako doktorego tesia dau oinarri. Tesi horrek Batxilergoko euskal literaturearen irakaskuntzea ikertu dau.


1.- Euskal Hizkuntza eta Literatura ikasgaiagaz lortu nahi diran helburuak, erabilten diran metodologiak eta lantzen diran edukiak eta gaur egungo euskal literaturearen irakaskuntzeak ez duela curriculum-legeak ezarritako helburu bat bera be lortzen dinozu tesi-lanean. Zer proposatzen dozu?

Bai. egun ikastetxeetan egiten dan euskal literaturearen irakaskuntzeak ez dau komunikazino gaitasuna garatzen, ezta irakurzaletasuna bultzatzen be. Proposamena da gaitasun komunikatiboak gehiago lantzea, ez izatea horrenbeste literaturearen historia, teoria buruz ikastea, literaturea lantzea eta literatureagaz gozetea baino eta horretarako nahitaezkoa da eztabaidarako eta talde lanean interpretazino desbardinetarako bideak eskaintzea. Pasibo barik ikaslea aktibo izatea ahalbidetu beharko litzateke. Ikasleak gaitu behar doguz bihar-etzi literaturea irakurri daien.

Alde batetik, literaturearen irakaskuntzea, historia, eta zehatzago, ospetsu bihurtutako idazle eta testuen historia transmitiduteko eredua dago eta, bestetik, eredu komunikatiboa, literaturearen irakaskuntzea ikaslearen gaitasun literarioak eta komunikatiboak garatzeko eta irakurketarako zaletasuna sustatzeko aukeratzat ikusten dauena. Bi eredu horreen gainjartzea dala eta, ez ikasleek ezta irakasleek be ez dakie argi zer eta zelan ikasi behar dan eta ez dago argi ze helburu lortu behar dan. Ganera, euskal literaturea eta euskerea batera ikasten dira ikastetxe askotan eta, kasu batzuetan euskereari emoten jako lehentasuna literaturea bigarren mailan itxita.


2.- Ikerlan bat argitaratu zenduan orain pare bat urte 'Euskal literatur sistema eta literaturaren didaktika aztergai' izenburupean, 34 euskal idazle eta kritikariri eta batxilergoko hainbat irakasleri bialdutako galdetegien erantzunetan oinarrituta eta, besteak beste, euskal literatur sisteman indar handiena daben faktoreak merkatuagaz lotutakoak dirala ondorioztatu zenduan. Zer esan gura dozu, literatur erispiderik ez dagoala?

Kritikeak indar gitxi daukala esan gura dot; kritika gitxi irakurten da, gehiago da hedabide, argitaletxe zein liburudenden indarra eta, beraz, merkatuagaz lotutako faktoreak dira nagusi euskal literatur sisteman. Irakaskuntzeak be, zoritxarrez, bide horri, merkatu legeari jarraitzen deutso erispide pedagokikoagoak baztertuz edo ahaztuz.


3.- Euskal Literatura Garaikidearen kanonaz be luze eta zabal eztabaidatu da. Azalduiguzu zer dan euskal literaturearen kanona?

Belaunaldiz belaunaldi memoria kolektiboan kultura batean gordetzen dana, hori da kanona, azkenean, literaturearen historian gordeko dana, garrantzitsuak izan diran idazle moduan. Hori bai, erdiguneak eta kanonak bereizten dodaz: erdigunea da momentuan zerk daukan indarra eta kanona da momentu jakin batean indarra daukan hori historian zehar gordeko dan ala ez. Argi dago gaur egun indarra daben idazle batzuk 'gordeko' dirala eta beste batzuk, barriz, 'desagertu' egingo dirala.

Kanona aldatzen doa baina zer irakurten dan aldatzen da gehiago eta ez horrenbeste literaturearen historian zer lantzen dan. Testuliburuetan jasota dagoana urtez urte ez da asko aldatzen. Liburu guztietan idazle berberak aitatzen dira aldaketa txiki batzuekaz, egun klasiko batzuk ez baina Atxaga, Saizarbitoria, Irigoyen, Lertxundi eta holako batzuk agiri dira, segurutik bihar-etzi be literaturearen historian egongo diranak.


4.- Literaturea funtzino komunikatibotzat hartzeak teoria eta azterketa barrien beharra ekarri dau, ezinbestean. Egun literaturearen kontzeptu hau aztertzeko metodologia emonkorrena Sistema Anitzen Teoria dogu. Labur azalduko zeunke zer dan hori?

Teoria horrek komunikazino ekintza legez hartzen dau literaturea. Komunikazino ekintza horretan idazleak beti dauka buruan irakurle mota bat eta irakurle horrentzat idazten dau eta, era berean, ezinbestekoa da testuak irakurleak izatea, zeozelako feedback-a sortzeko. Komunikazino ekintza horretan, beste faktore batzuk dagoz indar handikoak; horreetako batzuk dira instituzinoa eta merkatua. Azken batean, horreen guztien eragina aztertzea da Sistema Anitzen Teoriak proposatzen dauena, ez bakarrik idazlea idazle moduan, ez irakurlea irakurle moduan baizik eta tarteko faktore horreek ze indar daukien testua irakurleakana heltzeko prozesuan. Tarte horretan sartzen dira literatur sariak, testuliburuen garrantzia, erakundeen jarrera egile batzuk indartu eta beste batzuk baztertzeko, hori guztia.


5.- Irakasleek ez dakitela literaturea zertarako irakatsi behar dan eta nork bere aukeraketea egiten dauela be esan zenduan. Noren errua da hori?

Kultura plan bat dago indarrean eta Hezkuntza Sailean Curriculum Legea idazten dauenik be bada; beraz, neurri handi batean horreen lana eta erantzukizuna da helburuak zehaztea eta jarraipen lana egitea. Kontua da ze irakasle askok ez dakiela Curriculum Legea interpretetan, helburuak zehaztuta badagozalako egon baina helburu horreetara heltzeko ze pausu emon eta ze metodologia erabili behar dan ez dalako adierazoten.


6.- Datuak gorabehera, euskaldunok irakurle finak al gara? Euskal literatur produkzinoa bat al dator eskabideagaz?

Kanonaren gaiagaz oso lotuta dago hau guztia. Irakurten da indartzen dan autorea eta ganerakoak ez dira irakurten, edo gitxiago irakurten dira; esangura horretan, irakurle finak izaten dira, asko irakurten dabenak eta beste sensibilidade eta interes batzuk dituenak. Gaur egungo ikasleei ez jake ikuspegi zabal hori eskaintzen, kanonizautako autoreak eta kasuan kasuko irakaslearen gustoen araberakoak baino. Generoari jagokonez, ikastetxeetan gehiena narratibea izaten da eta ikasleei ez jake poesiarik, saiakerarik eta bestelakorik eskaintzen eta ondorioz, eskolatik kanpo be ikasleek genero horretara joten dabe.


7.- Udabarrian bete-betean sartuta, loraldia dogu euskerazko liburuen arloan; batzuk aitatzearren, Mikel Antzaren lehenengo nobelea, Miren Agur Meaberen helduentzako ipuina, Karlos Linazasororen liburu bi edota Maribel Aiertza, Iratxe Esnaola, Yurre Ugarte eta Beatrice Urruspilen lehenengo lanak. Irakurten al dozu euskal libururik?

Bai, pozgarria da jente barria agertzea eta sektorea zabaltzea baina hori gero zeozelan irakaskuntzan be islatu beharko litzatekeela pentsetan dot.

Bestetik, irakurlea banaz, jakina, eta nire irakurle kuttunak be badaukadaz baina azken aldion igaz aurkeztu neban tesiagaitik eta literaturea irakurteko asti gitxi euki dot, gehiago ibili naz teoriagaz eta didaktikearen gaiagaz.

Gauza bat esango deutsut, euskal literaturea irakurteaz gan, itzulitako euskerazko literaturea be irakurri beharko geunkela uste dot; aukera hori apur bat baztertuta daukagu eta badagoz liburu egokiak eta sano interesgarriak.


8.- Hiru-lau izen handiak eta narratibea bazterrean itxita, ba al da euskal literaturarik?

Bai, herrialde bakotxak berea dauka. Jakina, euskal literaturea be hortxe dago eta danok buruan daukaguzan horreen artean, bat azpimarratuko deutsut, berbarako, Koldo Izagirre, punta-puntako idazlea da, literatur tekniketan eta bikaina eta, halan da be, ikastetxeetan ez dauka ezelako oihartzunik eta hedabideetan be haren irakurleok nahi baino gitxiago. Askotan idazlearen gaitasun komunikatiboaren arabera, bere izaerearen arabera epaitzen dogu eta emoten deutsagu oihartzun mediatikoa ala ez. Holakoetan, sarritan balio handiko idazleen lana ezagutu barik geratzen gara.


9.- Liburuaren Nazinoarteko Eguna ospatuko dogu apirilaren 23an. Holako egunak beharrezkoak ete dira?

Ez dakit beharrezkoak diran, beharbada bai baina holako egunak motibagarriak izan beharko litzatekez; egia esan, ikastetxeetan egiten dira literatur maratoiak, irakurraldiak, sorkuntza lanak aurkezteko saioak eta bestelakoak eta, beraz, alde horretatik positiboak dira holakoak. Edozelan be, eguneroko lana da garrantzitsuena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu