Aramaioko taldeak irabazi dau Kuadrillarteko txapelketako finalerdietako ligilan
2010-04-12 11:02 BertsolaritzeaHurrengo saioa hilaren 18an izango da Araiako Andra Mari aretoan. Bertan Amurrioko Altubepekoak taldea eta Gasteizko Kakiturri-Ehari lehiatuko dira.
Gopegiko kultur etxeak Arabako Kuadrillarteko I. Bertsolari Txapelketearen lehenengo finalerdia jaso eban atzo, hilak 11. Hiru talderen arteko ligilla baten bitartez jokatuko dira finalerdiak eta puntu geihen ataraten dituen biak pasauko dira finalera. Eguraldiak lagundurik, jente ugari batu zan aretoan Gasteizko Kakiturri-Ehari eta Aramaio taldearen arteko leiha zertan geratuko ete zan ikusteko.
Kapitaletik hiru beterano: Ricardo Gonzalez de Durana, Juan Mari Juaristi eta Felipe Zelaieta. Aramaio aldetik, barriz, lau burrukalari sutsu: Andere Arriolabengoa, Manex Agirre, Iker Agirre eta Xabi Igoa. Honeek izan ziran zazpi bertsolarien artean egin beharreko lanak Lierni Altuna gai emoilearen gidaritzapean: partaide bakotxak zortziko nagusian hiruna bertsoko bi saio ofizioka, partaide bakotxak zortziko txikian hiruna bertsoko bi saio ofizioka, taldekide bakotxak bina punturi erantzun, gaia emonda bi bertso nahi zan doinu eta neurrian, partaide bakotxak hamarreko txikian hiruna bertsoko saioa ofizioka eta taldeka hiruna kopla trikitilarien laguntzaz.
Halan da be, bat-bateko saioagaz hasi aurretik bertso jarrien txapelketearen finalerdia jokatuz hasi zan arratsaldea. Leihan hiru talde: Gasteizko Bertsoaren Saltsan eta Aldapazaleak eta Maeztuko bertso eskolea. Euren bailarea gaitzat hartuta bertso sorta ederrak entzun ziran muxukitarra, tanbor eta biolinen soinuagaz batera. Epaimahaikideek bertso jarrien lehengo finalistea nor izango aukeratu behar izan eben. Gatxa izan zan aukeraketea, hiru taldeak polito ibili ziralako. Baina bat aukeratu beharra egoan, eta finalean leihatuko dan lehenengo taldea Aldapazaleak izango dala erabagi eben.
Giroa bero-bero egoan bat-bateko bertso saioa hasi zanean. Juaristik agurreko bertsoan esan eban moduan dirua gorri egoan, Aramaioko taldearen alde. Eta apostuek ez eben hutsik egin. Anderek amaierako agurreko bertsoan pala eta eskoba eskatu zituan Gasteizko taldearen zatiak jasoteko. Holakorik ez zan behar izan, bikain ibili baitziran gasteiztarrak. Holan, Aramaiok 581,5 puntu eskuratu zituan eta Kakiturri-Eharik 568,5.
Saioan zehar ale politak entzuteko aukerea izan zan. Ofizioko saioak nahiko makal joan ziran, alerik politenak bakarkako lanetan entzun ziran. Manex Agirrek bertso ederrak bota zituan euskerearen normalizazinoaren inguruan. Hamarreko txikianbe bertso politak entzun ziran. Andere Felipe lagunaren bila joan zanean harek ordenagailuan geratuko zala erantzun eutson. Bi bertsolariak polito ibili ziran, baina Anderek nagusitasuna erakutsi eban tokau jakon papera ederto defendiduz. Arratsaldeko ginda Santi Mamiñe doinuan kantautako bertsoek jarri eben. Hor azalerartu ziran saio guztian zehar azaldu ez ziran txispa eta umorea. Bai gasteiztarrek eta bai aramaioarrek amaiera ederra emon eutsien saioari.
Behin saio puntuagarriagaz amaituta ligilako lehenengo puntua Aramaioko taldearentzat izan zan. Hurrengo saioa hilaren 18an izango da Araiako Andra Mari aretoan. Bertan Amurrioko Altubepekoak taldea eta Gasteizko Kakiturri-Ehari lehiatuko dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!