Pello Ramirez: 'disko hau koloretsuagoa da, espansiboagoa'

Saioa Torre Gereketa 2010-04-06 10:54   Barriketan
Musikaria

Isiltasuna, itsasoa, lanbroa, mendia, eguzkia, ura... Horreek dira Pello Ramirez (Ordizia, 1966) musikari gipuzkoarraren inspirazino-iturriak kanta barriak egiterakoan. Akordeoia eta txeloa ardatz, beste hainbat musika-tresna be entzun daitekez Ramirezen bigarren diskoan, Eskuz lurrari, eta, tartean, ahotsen bat be bai. Aitaren memoriari eskainitako lana da, bost urtean mamitutakoa. Ganerakoak berak azaldu deuskuz.


1.- Bost urte joan dira zure lehenengo diskoa, Haize oihalak, plazaratu zenduanetik. Bost urtean ibili zara disko barria preparetan ala beste zeozertan aritu izan zara?

Lehenengo diskoa kaleratu ondoren, nire konposizinoakaz jarraitu neban eta, beraz, bigarren disko honetarako kantak ia sortuta izan dodaz denpora tarte horretan. Hasieran, puntu edo kanta bategaz hasten da diskoaren formatoa baina hortik tiraka sortzen dira doinu guztiak. Estudioan be hainbat ordu sartu doguz eta tartean hainbat buruhauste be izan dira.


2.- Zelan definiduko zeunke 'Eskuz lurrari' lan barria?

Aurreko diskoagaz alderatuta, hau koloretsuagoa da, instrumentazino aldetik nahiko zabala eta, aurrekoa barnerakoia bazan, hau espansiboagoa da. Kanpora urteten dauen diskoa da.

'Eskuz lurrari' izenburuak lurrazalari, planetari musikearen bitartez egindako laztana esan gura dau. Diskoa aitari eskaintzen deutsat, aitaren memoriari; bihotzez egindako lana da eta izan dagiala, entzuten dauenarentzako, animo bat eta biziten laguntzeko elementu bat.


3.- Espansiboagoa dala dinozu. Zein zentzutan?

Oraindino denporea beharko neuke diskoa ondo definiduteko baina, oraingoz, uste dot lan barriak, aurrekoagaz alderatuta, beste energia bat daukala. Aurrekoa oso barnerakoia zan, barrurantz joian abentura bat. Hemen badagoz doinu batzuk, itxuraz azalekoagoak, kanporantz doazenak.


4.- Zerk eragin dau hori, testuinguruak ala ezaugarri hori zeure aldartearen erakusgarri da?

Holan izango da, seguru. Zeozer egiterako orduan, ez dot pentsetan zer egin behar dodan. Egin ondoren, bueltak emoten deutsadaz zergaitik egin dodan holan. Ez dot pentsau sekula holako edo halako doinu bat sortu behar dodanik. Behin eginda, orduan pentsetan dot zergaitik urten jatan holan edo halan.


5.- Non kokatzen dozu, sortzaile legez, zure burua egungo euskal musikearen esparruan?

Nire musikea ez da klasikoa, ez da folka... Musika oso sugerentea da, irudietatik, naturatik ibilbide bat egiten laguntzen dau, nik naturatik hartzen baitot hasierako indarra musikea sortzerako orduan, haizea, errekak, itsasoa, lainoa... Asko inspiretan nau natureak eta egiten dodan musikeak paraje horreetara eroaten zaitu; alde horretatik, behintzat, oso sugerentea dala uste dot.

Halanda be, onartu behar dot nahiko ezjakina nazala musika-estiloak definitzerako orduan. Musika asko entzuten dot baina ez dakit entzuten dodan hori ze sailkapenetan sartzen dan. Musika asko entzuten dot, baina ez dakit ondo zer sailkapen dauen. Ez dakit nire musika new age edo old age dan. Eukiko dau zerozer, azkenean informazino asko jasoten dogu, eta horrek humus bat sortzen dau. Humus horretatik ataraten dira frutuak.


6.- Jentearen erantzuna jasoten dozu?

Bai, erantzuna jasoten dot eta erantzun horrek asko beteten nau. Disko bat kaleratzen dozunean, diskoak berak esango dau nondik nora doan. Bide horretan, publikoaren aldetik oso erantzun hunkigarriak jaso izan dodaz, gauza ederrak esan deustiez lehenengo diskoari buruz eta horrek asko animetan dau aurrera jarraitzeko orduan.


7.- Azken lanaren kontzeptua instrumentala da: akordeoia, txeloa eta pianoa ditu ardatz. Halanda be, gehien entzuten dana akordeoia da.

Azken urteotan oso maiteminduta nago akordeoiaz, gezi bat bezala daukat gurutzatuta nire bihotzean eta hori diskoan igarten da. Niretzat, akordeoia ume-umetatik ikasi dodan instrumentua da eta oso barneratuta daukat.


8.- Ahots bakarlari batzuk be entzun daitekez, baita Oiartzuneko abesbatza be. Lehenengo diskoan, barriz, ez egoan ahotsik. Zergaitik aldaketa hori?

Beti iruditu izan jat zoragarria koru baten sonoridadea, ahots horreetan energia asko transmitiduten da. Beti neukan gogo hori eta esperientzia bikaina izan da. Oiartzuneko abesbatzaren jarrerea bikaina izan da eta, benetan, plazer handia izan da niretzat eurekaz lan egitea. Hiru kantatan dago abesbatzaren ekarpena eta oso kanta indartsuak dira.


9.- Kolaborazino ugari izan dozuz lan honetan: Juantxo Zeberio (pianoa), Xabier Zeberio (biolina eta niekelharpa), Francisco Herrero (biolina), Oliver de Castro (tronpetea), Bikuñ (gitarrak), Ordiziako Oroith abesbatza, Xabi Lopez (bateria) eta ahots bakarlariak (Nerea eta Jessica). Zelakoa izan da alkarlana?

Egia da diskoan jente askok parte hartu izan dauela eta diskoaren grabazinoaren azken egunetan estres apur bat bizi izan genduan dana ondo lotu ahal izateko. Baina, hori be, erronka moduan hartu dot. Azken momentuan, azken egunean egindako aldaketak dagoz eta pozik geratu naz emoitzagaz. Askotan, gauzak aurretik preparau arren, gero hori, praktikan, diskora eroateko orduan, eromena izaten da eta gauzka asko kontroletik kanpo egoten dira. Horregaitik, ezinbestekoa da inprobisetan jakitea eta oso adi egotea, gero ez baitago atzera bueltarik eta, behin puntu horretara ailegauta, norberaren neurosia baino ez da geratzen, pentsetan zenbat gauza dagozan txarto...



10.- Esaten dozunaren arabera, diskoaren atzean estudioko lan handia dagoala suma daiteke. Holan da?

Bai, produkzino-lan handia dauka diskoak eta eskerrak emon behar deutsiedaz nire inguruan izan diran profesional guztiei, baita disketxeari be, baina batez be Mikel F. Krutziaga soinu-teknikariari, aitatutako azken orduko aldaketa horreetariko asko berak proposatutakoak izan baitziran. Proposamen asko eginda egozan, nik sortutakoak ziran, baina banekian oso irekita egon behar zirala, batez be kontuan izanda kolaboratzaile askok parte hartuko ebiela produkzino-lan horretan. Alde horretatik, Mikelek esperientzia zabala dauka.


11.- Zuzenekoakaz hasiko zara laster ala etxean lasai-lasai entzuteko lana da?

Udagoienetik aurrera hasiko naz zuzenekoakaz baina honezkero hasi gara ikuskizuna preparetan. Diskoan agiri dana gatxa izango da zuzenekoetan diskoan agiri dan moduan erakustea, ezinezkoa.

Zuzenekoak eta diskoa mundu oso desbardinak dira edo, nik behintzat, holan ulertzen dodaz. Disko bat disko bat da eta disko batek emoten deutsuzan aukerak mundu espresibo batzuk adierazoteko diskoan baino ezin daitekez egin, zuzenean oso gatxa izango litzateke egitea. Zuzenean beste magia bat dago, beste energia bat. Mundu biek ez daukie zerikusirik eta argi neukan hasieratik.

Zuzenekoetan, izango dira, bai, diskoko ezaugarri batzuk, baina beste ikuskizun-mueta bat ari gara preparetan.

Honezkero, ibilbide bat egin dogu, lehenengo diskoagaz 20 kontzertu emon genduzan eta. Hor, talde bat sortu genduan, Alos Quartet laukotea, pianoa, nire txeloa eta beste bi txelo. Horrek aukera handia emoten dau eta, ikuskizunaren momentu batean, bi txelo baino ez dira agiri taula ganean.

Disko honetan, biolinak oso momentu garrantzitsuak eskaintzen ditu eta hori zuzenekora eroatea be gustauko litzaidake. Halanda be, badakit, mueta horretako ikuskizunak oso bereziak dirala eta, horregaitik, planteamentua oso edegita dago, uda honetan joango gara preparazino-lanak zarratzen eta kontzertuetarako zuzeneko bikainak preparetan. Printzipioz, behintzat, lehenengo diskoan jarraitutako bide beretik joko geunke, beti be egungo testuinguru ekonomikoak baldintzatutako ezaugarriak kontuan izanda eta ahalik eta medio gitxienagaz zeozer interesgarria montetan ahalegindu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu