Lourdes Oñederra: 'euskerea behar aina erabili nahi bada, erabilera maila guztietara egokitzeak berebiziko garrantzia dauka'
2010-03-29 15:43 Euskerea berbagaiPasa dan barikuan egin zan Lourdes Oñederra euskaltzain osoaren sarrera ekitaldia, Donostian. Odon Elorza alkatearen ondo etorri, eta Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurragaz hasierea emon jakon saioari eta ondoren, Lourdes Oñederrak 'Drift' izenburuko sarrera-hitzaldia irakurri eban. Erantzuna, barriz, Miren Azkarate euskaltzainak emon eutson, 'Ur-lasterraren dama' hitzaldiarekin.
Drift berbea izenburutzat hartu dau Lourdes Oñederrak, hizkuntzearen sena eta izaera ezin hobeto irudikatzen dauelakoan; Edward Sapir hizkuntzalaritzaren Language liburua izan dau inspirazino, hizkuntzearen aldaketa historikoari jagokon 7. kapituluaren izenburua, hain zuzen be. Uraren edo airearen mobimentuari, edo elementuok eragindako mobimentuari esaten jako drift ingelesez eta, Oñederraren eretxiz, 'hizkuntza airez eta memoriaz dago egina, berbetea airezkoa da, aire mobimentua, airea mobidutea'. Hori holan da, bere aztergai nagusia dan fonetikeari jagokonez be, 'uhinetan mobiduten dan hotsa da ahotsa' eta horrek azaltzen dau hizkuntza baten etenbako eraldaketea eta eboluzinoa. Finean, 'hizkuntzearen etenbako aldaketea, mobimentua, ur lasterrarena lakoa, airearena lakoa da, komunikazino behar eta baldintzetara egokitzeko'.
'Hotsak urrutiago dagoz gure jakinaren gaineko ezagutzatik. Behar bada horregaitik gramatikagileek, idazleek, irakasleek, araugileek be kasu gitxiago egin izan deutsie ahoskereari'. Baina berak ulertzen dau ahozkoa hizkuntzearen garapenaren giltza dala, hizkuntzearen beraren jatorria bertan dago: 'Hizkuntzea berba egitean bere kasa aldatzen da, hiztunoi baimenik eskatu barik, baina guk, hiztunok aldatzen dogu, gauzei izenak jarteko beharragaitik, gure memoriaren mugakaitik, entzuten doguna ulertu egiten dogula sinisteagaitik, mundua zatika, esaldika antolatzearen zailtasunak behin eta barriro gainditu, konpondu nahi izate horregaitik, eta, ahoskereari jagokonez, gure entzumen mugakaitik, gure gihar alferren lana arintzeko grinagaitik… Barrikuntzeak, etenbarik, hizkuntzearen maila bakotxaren barreneko gatazkan eta mailen arteko etenbako norgehiagokan, hizkera eta garaien arabera, noiz eragile bat, noiz beste bat lehenesten dalarik'.
Hartu barri dauen Euskaltzaindiaren egiteko nagusia, bere ustez, hizkuntzea bideratzea baino, zaintzea da, 'euskerea behar aina erabili nahi bada, erabilera maila guztietara egokitzeak berebiziko garrantzia dauka. Hor behar dau gure zaintza'. Eta bere egiteko partikularrari jagokonez, 'ni, euskaltzainek horretarako deitu izanaren ohoreari ahal bezain ondo erantzuten saiatuko naz, euskerearen haize eta urak olatu bihur leikien zurrunbilo guneak bilatuz, aztertuz ur lasterren bideak, drift horren nondik norakoak fonema eta doinuen esparruan'.
Lourdes Oñederrak agertu dauen giroari lotu jako bere hitzaldian Miren Azkarate euskaltzaina, eta berben eta hotsen artean mobidu da, uraren eta airearen mobimentua aitatuz: drift. 'Lourdes Oñederrak -azaldu dau Azkaratek- ez zituan berbak aukeratu ikerketearen munduan mobiduteko. Bestela esanda, berbak txanpontzat hartuko bageunkez, honeek legez, bi alderdi dituela esango geunke: belarrietara heltzen dan hots multzoa, alderdi fonikoa, eta esanahia, hots-multzoak irudikatzen dauen objektua, ‘zera’. Euskaltzain barriak berbak baino nahiago izan ditu berbak osotzen dituen hotsak'.
Oñederraren ibilbidearen azken 30 urteotan ikerketa-gai nagusiari helduz, Azkaratek adierazo dauenez, 'letrak irakurteko eta idazteko behar doguz. Baina berbetea letren eta irakurketearen aurrekoa da; lehena, jatorria, berbetea da. Eta berbetearen lehengaiak letrak ez, baina hotsak dira; edo zehatzago esanda, fonemak'. Zailtasunak zailtasun, 'aspalditik arduratu da Lourdes Oñederra kanpoko ur-lasterrak gurera ekarteaz: maileguak zelan geureganatzen doguzan, euskerea bigarren hizkuntza moduan irakasteak zer eskatzen dauen aztertzeaz, euskeraz jabetzea zelan gertatzen dan ikertuaz'.
Fonetikan eta Fonologian aditua dan Lourdes Oñederraren ibilbide profesionalean hainbat geldiune egin dau Miren Azkaratek. Gogora ekarri dau bere unibersidade-jarduerea-Euskal Herrian zein kanpoan-, gogora ekarri be bestelako lanak -EiTBn hizkuntza aholkulari, eta ordenagailuek euskal soinua prozesatzeko ikerkuntza proiektu buru, besteak beste- eta Oñederrak jorratu dituan bi iker-lerro nabarmendu ditu: 'ahoskerea arautzeko ahalegina, eta euskerea bigarren hizkuntza dabenek ahoskera egokia lortzeko egindako lana'.
'Araugileek -gaineratu dau Azkaratek- kasu gitxiago egingo eutsen (egingo geuntsen) hotsei, baina ez gaur 'ofizialki' gure artean hartzen dogun euskaltzainak. Horixe izan da bereziki Euskaltzaindian egin dauen lana, bere ekarpena. Ahoskerea, ebakerea, erregistroak… Horixe izan da bereziki Euskaltzaindian egin dauen lana, bere ekarpena'.
Oñederraren ekarria, baina, ez da horretara mugatzen, berbak literatura bilakatzeko haren dohainak goratu dituala. '…Eta emakumeari sugeak esan zion' liburuak aitamen berezia merezidu dau, Azkarateren eretxiz, 'holan autortu deutsielako irakurleek', baita hainbat sarik be. Eta horri lotuta, berba artean murgildutik beste behin, azken aldiko bere itzulpen-lanak gogora ekarri ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!