AEK etorkizunari begira bere XIII. Mintegian
2010-03-29 13:53 Euskerea berbagaiHurrengo epealdi estrategikorako AEKren beste asmo nagusietako batzuk dira barruko egitura eraginkorragoa diseinau eta praktikan jartea, bere kideen lan baldintzak egokitzea eta profesionaltasunean aurrerapausuak emotea.
'Hiru hamarkada garena ikasten' lelopean, AEK-k bere XIII. Mintegia egin dau astegoienean Gasteizko Europa Jauregian. Bertan AEK-k bere hirugarren plan estrategikoa onartu dau, 2010-2014 epealdian garatuko dauena.
Onartutako plan estrategiko barria aurreko bien jarraipena da, eta hainbat asmo nagusi batzen ditu. Lehenengo eta behin, AEKren helburu nagusia Euskal Herria euskalduntzea izanik, hizkuntzearen sustapena, erabilerea eta normalizazino orokorreko ataletan bultzadea emotea da bere arduretako bat, aldi berean Helduen Euskalduntze Alfabetatzearen egoerea normalizau eta egonkortuz. Gainera, jendartean txertatutako herri ekimena izanik, euskerearen eragile izateko konpromisoa dauka, euskerearen aldeko jarrerak sustatu eta bultzatuz, eta euskeraz biziteko aukerak sortu, gehitu eta zabalduz.
Bestalde, AEK-k urteak daroaz bere jarduera osoan kalidadearen kulturea txertatzen eta euskerearen irakaskuntzan pausu handiak eta barriak emoten, metodologian, eskaintzan, irakasleen prestakuntzan eta material sorkuntzan sakonduz.
Hori guztia lortzeko, hurrengo epealdi estrategikorako AEKren beste asmo nagusietako batzuk dira barruko egitura eraginkorragoa diseinau eta praktikan jartea, bere kideen lan baldintzak egokitzea eta profesionaltasunean aurrerapausuak emotea.
Hiru hamarkada baino gehiago lanean
AEK-k jai giroan ospatu dau XIII. Mintegi hau, pasa dan abenduan bete baitziran 30 urte Arantzazun bere lehenengo mintegia egin ebanetik. Ordutik hona, beste hamabi mintegi egin ditu, koordinakunde izatetik Euskal Herri osoan aritzen dan erakunde izatera pasau da, milaka eta milaka lagun euskaldundu ditu eta hamasei Korrika antolatu. Hori irudikatu dabe amaiera ekitaldian taula gainera igotako bost irakaslek, lehenengo 'AEK, hiru hamarkada garena ikasten' esaldia osotzen eben bost koadro erakutsiz, eta ondoren, horreei bueltea emonda, 'Etorkizunean be Euskal Herria euskalduntzen' esaldia osotuz.
Iragan eta etorkizun horren isla izan da amaiera ekitaldiaren hasieran entzun dan AEKren historiari buruzko kontakizuna, argazki zahar eta barriz hornitua. Eta ildo horretatik jarraitu dabe ondoren parte hartu daben hizlariek be.
Bertan egon ezin arren, Andres Urrutia euskaltzainburuak egun honetarako helarazotako idazkian, 'Garena ikasten' mintegiaren lemaren haritik, AEKren 'lan eskergaren gakoa' bi berba horreetan dagoala adierazo dau. 'Garena', berba horren barruan sartuta dagoalako, hizkuntza ez eze, hizkuntzearen inguruko kultura osoa; eta 'ikasten', AEK-k ikasbide horretan etenbarik egin dituan eginahalakaitik. Era berean, Urrutiak AEK Euskaltzaindiaren babesean sortu zala gogoratu dau, eta Euskaltzaindia sortzaile izan zan moduan, egun bidaide dala azpimarratu dau. Gainera, behinola AEKren sortzaile eta arduradun, eta, azkenik, Euskaltzaindiaren kudeatzaile izan zan Juanjo Zearreta izan dau gomutan.
Ondoren, Kontseiluko idazkari nagusi Xabier Mendiguren Bereziartuk hartu dau hitza, AEK Kontseilua osotzen daben kideetako bat dalako. Mendiguren Bereziartuk agurtzeko aukera izan dau, datorren hilean itxiko dauelako kargua Paul Bilbaoren esku. Mendigurenek AEK-k Kontseiluan dauen parte-hartzea azpimarratu dau, Euskal Herriko lurralde osoan diharduen erakundea izatea eta orain arte egindako euskerearen aldeko lana goratuz.
Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiari egokitu jako ekitaldiaren amaierako berbak botatea. Mugikak AEKren lehenengo mintegia egin zanetik 30 urte igaro dirala gogorarazo dau: 'Noizean behin atzera begiratzea eta nondik gatozen gogoratzea behar-beharrezkoa da, nora joan nahi dogun, nora eta zelan joan behar dogun jakiteko'. Iraganetik, etorkizunera, Mugikak azaldu dauenez, 'XIII. mintegian indar, ilusino eta adostasun osoz egin hausnarketeagaz eta hartutako erabakiakaz, bihar-etziko AEK egiten hasi garela esan geinke'. Amaitzeko eskerrak eman dizkie AEKn urte honeetan guztietan ibili diranei eta AEK-k eta AEK-kideek euskerearen normalizazinoan egiten daben ekarpena nabarmendu dau.
Kortatu taldearen 'AEK-ko beteranoak' kantuak emon deutso amaierea AEKren XIII. Mintegiari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!