Iratxe Esnaola: 'sakontasunaren bila joakeran pertsonaiak troka modukoetan dagoz'

Elkarrek Bialdua Eta Bizkaie Ek Egokitua 2010-03-29 11:11   Barriketan
Idazlea eta irakaslea

Bere lehenengo liburua kaleratu barri dau Iratxe Esnaolak (Donostia, 1983): 'Galerna', sargori giroa paperera daroan testua, lau pertsonaia hartu-emon sare katramilatsu batean endredatzen dituana, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko Augustin Zubikarai nobela laburren sariketako irabazlea, hain zuzen be.

2001tik, besteak beste, Alberto Ladron de Aranak edo Irati Jimenezek irabazitako Agustin Zubikarai Saria beka bihurtuko da aurrerantzean, 'Galerna' liburuaren aurkezpenean, Ondarroako ordezkari Maite Reyk azaldu ebanez. Aurrerantzean, beraz, amaitutako lanak aurkeztu beharrean egitasmoak aurkeztuko ditue hautagaiek sariketara. Eta nobela laburretik eleberrira aldatu da landu beharreko generoa, beti be aldaketak idazleen onerako izango diralakoan.

Esnaola and.aren literatur ibilbideari jagokonez, lehenago, 2007an, hain zuzen, Basauriko Euskarabilla alkarteak antolatutako XII. Ipuin Erotikoen Lehiaketea irabazi eban 'Egin mesedea' lanarengaitik.

Iratxe Esnaola Aldanondo Donostian jaio zan 1983an. Kazetaritzan lizentziatua da EHUn, eta Literaturearen Teorian eta Literatura Konparatuan Granadako Unibersidadean. Gaur egun unibersidadeko irakaslea da Txileko Santiagon.


1.- Izen barria zara gure letren panoraman. Aurkeztu labur zeure burua: nor da Iratxe Esnaola?

Nor dan Iratxe Esnaola? Nik uste, besteek kanpotik ikusten daben emakume indartsua dala, baita barruan usnatzen dodan enbrioia be. Eta baita idazlea be, eta feminista eta adiskidea eta bidea eta irribarrea eta ura eta organo mordo bat bata besteari pilatuta...


2.- Literatura konparatua ikasi, kritika idatzi... baina orain zure lehen liburua kaleratu dozu. Zelakoa izan da prozesua? Zergaitik sorkuntzarako pausua?

Bi alderdi badira hor. Batetik, eta ez da erakargarriena ezta autortzeko errazena be, batek idazten dau idatzi leikela bere buruari erakusteko. Bizian pilatu egiten dira ereduak, erreferenteak, eta lehiakortasunak bultzatuta behartu egiten dogu geure burua. Esate baterako: gaztaroan jaubetu zara badaukazula doerik idazteko. Orduan ekiten deutsazu idazteari beste gauza asko ahaztuz. Ez jente guztiari, baina niri holako zeozer pasau jat eta prozesuan ikasi egin dot. Bestalde, sorketarako saltoak badau ederretik be. Salto hori umetan gertatu zan eta bidai lagun izan dot ordutik. Gauzak kontetako modu diferenteak ditu gizakiak eta niri hau jatort neurrira. Zergaitik? Ez nago seguru.


3.- 'Galerna'-k, nobelea izan arren, badauka antzerki kutsu bat: pertsonaia gitxi batzuk, dekoratu pare bat, protagonisten sartu-irtenak... Bilatutako paralelismoa da, halabeharrez gertatua...?

Ez da bilatutako ezer. Bilatzen zan bai pertsonaia gitxi, dekoratu eskasa, objektu esanahiez beteak, giro izarratu eta itogarria... Baina ez antzerkian pentsauta. Genero bakotzak bere moldea dauka (hausi daitekeen arren moldea dauka) eta nik zorroztasun hau behar neban istorio honetarako, prosa laburrari ederto jatorkona.


4.- Giro opresiboak astintzen ditu pertsonaiak, ala pertsonaiek eurek bihurtzen dabe giroa itogarri, beren miseriakaz?

Biak batera doaz, edo hobe esan, alkarri laguntzen deutsie.


5.- Nobelan aurkezten dozuzan gaiak ez dira gozoak. Adibidez, adin-diferentzia handiko pertsonen arteko hartu-emonak...

Hor kontuz ibili behar da. Zuk adin diferentzia deitzen dozuna, beste batek sexu gehiegikeria deituko dauelako eta beste batek, auskalo. Badakigu nobelea ez dala zenbait gairen errenkada jarraia. Zertarako esango dot nik gai hau eta beste hau jorratzen dituala? Ez neuke halakorik nahi. Edozelan be, ez da gai gozo edo gai perbertso kontua, sakontasun kontua baino. Gaien aukeraketea sakontasunean legoke, beraz.


6.- Sakontasunean?

Gauzei arretaz begiratzeak dakarren sakontasuna. Edozein gai literatura bihur daiteke eta gaiak ez dau ardura, benetan.


7.- Horregaitik jarri dozuz pertsonaiak muturreko egoeran?

(Barreak) Seguruenik muturreko egoeran jarri nituan neure burua ezagututa! Sakontasunaren bila joakeran pertsonaiak troka edo amildegi modukoetan dagoz. Arrazoi dozu. Ez neuke nahi, edozelan be, sakontasun hau morboagaz nahasterik. Bai, egoera muturreko honeetan begiak lizun begitu leike, besteen miserietan plazer hartuz. Horri buruz pentsau neban idaztean. Hau ez da modu morbosoan idatzitako liburua. Orain esan neike.


8.- Guztien zirtzilkeriaren artean, gizonezkoak umeago, lerdoago, berekoiago agiri dira; errealidadearen isla?

Segun zeinen errealidadea. Norberak jakingo dau zenbat dauen umetik, lerdotik, berekoitik. Nik esan barik be ulertuko dau bakotxak zein genero egokitu jakon eta horrek ze zama edo ze eskubide dakartsozan.


9.- Zu gaztea izan arren, literatur jakintzaz gainera, giza izaeraren ezagutza sakon bat dagoala dirudi, eta hari buruzko ez oso irudipen baikorra...

Ziurtatzen deutsut gehien-gehienetan instintu handia dodala, baina jakintza? Ez, kontua ez doa hortik. Gizakiaz ez daukat irudipen ezkorrik, nahiz erabili izan dodan ironia berari buruz berba egiteko. Nik gizakiari begiratu egiten deutsat eta ikusi egiten dot, ahal dodan neurrian.


10.- Testuaren ezaugarrietan sartuz, nabarmena da erritmo zaindua deskribapenetan, ekintzetan...

Bai, sano kostau jatan, baina beharrezkoa dau hori nobeleak, hasi eta amaitu, dana bat izan daiten.


11.- Paragrafoak be ondo eregiak, berbak arretaz aukeratuak....

Beste horrenbeste. Musikea behar dau nobeleak.


12.- Bestalde, estilo propioa daukazula esan daiteke: hotza, neurtua, eutsia... Zure estiloa da, oro har, ala nobela honek eskatzen ebana?

Hori ez dakit neuk be. Muturreko eta guzurrezko erantzuna emongo neuzkizu erantzun ezkero.


13.- Eta nobela osoari darion antisentimentalismoa, zure pentsakerearen adierazgarria da, ala argumentuaren ezinbesteko ondorioa?

Nik dakit antisentimentalismoa esateak ze lanak emoten deustazan. Esan nahiko dozu ez dala samurra, ez dala leuna, ez gozoa, ez biguna. Bai, bizitza bera bezela, hainbestetan. Argumentuak eskatua dator holan tonu hori, nire bizi gogoetak gorabehera.


14.- Literaturearen munduan, zein dira zure planak, estreinaldi honen ondotik?

Nire planak ez dagoz argi. Baina ez dira oraingoz literatur 'planak' dituen eta holan plazaratzen dituenenak. Errespetu guztiz dinot hau, ez da ironiaz irakurteko ezer. Bakotxak bere nortasuna dauka, bere idazteko modua. Nik nahiago planak isilean, literatur formea emon artean.


15.- Eta Txilen jarraitzekotan zara?

Hemen nago oraingoz, ikasten, biziten. Biharko egunean, batek daki.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu