Aurtengo Harrapazank programan inoizkorik jente gehien izango dala aurreikusi dabe antolatzaileek

Bizkaie! 2010-03-23 17:16   Euskerea berbagai

Edizino honek gazteen parte hartzea sustatzen dau lehiaketa biren bitartez. Horreetan, gazteek euren gaitasun artistikoak, musikalak eta jantzarako doeak erakutsi ahal izango ditue 'Distirazank', 'Dantzazank' eta 'Jozank' ekimenetan.

Bilboko Udaleko Euskera Sailak martxan jarri dau 'Harrapazank' euskera sustatzeko programearen bosgarren edizinoa. Ekimenak 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxuen artean euskerearen erabilera bultzatzea dau helburu eta, era berean, gazteentzako kultur eskaintzea handitu gura dau jarduera erakargarri eta barritzaileen bitartez. 'Harrapazank' programeak gure hizkuntzea, irakaskuntzatik kanpoko eremuetan, eguneroko hartu-emonetako hizkuntza izatea lortu gura dau.

'Harrapazank' Euskera Sailak Topagunea - Euskera Alkarteko Federazinoaren laguntzinoagaz antolatzen dauen ekimen egonkorra da. BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia proiektuaren babesleak dira.

Edizino honek gazteen parte hartzea sustatzen dau lehiaketa biren bitartez. Horreetan, gazteek euren gaitasun artistikoak, musikalak eta jantzarako doeak erakutsi ahal izango ditue.

Topaguneko dinamizatzaileek Bilboko ikastetxe eta institutuak bisitau ditue, gazteei bi lehiaketen ganeko informazinoa eskaintzeko. Komunikazino-kanpaina horren ondoren, 120 nerabe baino gehiagok izena emon dabe lehiaketetan.


Distirazank

'Harrapazank' programearen barrikuntza nabarmenena da talentu lehiaketa hau. Bertara, gazteek edozein muetatako ikuskizunak aurkeztu ahal izango ditue: antzerkia, magia, zirkua, musika ekintzak, playbackak, bertsoak, etab.

Lehenengo edizino honetan, 10 taldek emon dabe izena, eta horreetatik 8 pasau dira apirilaren 17an, 19:30ean Bilborock aretoan egingo dan finalera.

Finala gala ikusgarri baten barruan izango da eta Oihan Vega arduratuko da aurkezle lanetaz.

Ikuskizunak galarako hobetu daiezan, parte-hartzaile guztiek Galder Perez eta Aiora Sedano aktoreen laguntzinoa dabe, astero Deustoko Udaltegian egiten dabilzan proba-saioetan.


Dantzazank

Aurreko edizinoko arrakasta handiaren ondoren, barriro antolatuko da 'Dantzazank' dantza lehiaketea. Aurten be, gazteek talde-koreografiak antolatu beharko ditue azken saria irabazi ahal izateko.

Oraingo honetan, 18 talde aurkeztu dira. Lehen aukeraketearen ondoren, 8 talde ailegau dira lehiaketearen finalera. Azken galea apirilaren 24an izango da, Bilborock aretoan 19:30ean. Nerea Alias izango da aurkezlea eta bertara hurreratzen diran guztiek talde finalisten eta artista ezagunen ikuskizunakaz gozetako aukerea izango dabe, doban.


Jozank

Ardatz nagusitzat musikea izango dauen ekimen hau Bilborock aretoan egingo diran musika ikastaro interesgarriek osotzen dabe. Aurten, Bilboko gazteen eretxia kontuan izan da tailerrak emongo dituen musikarien zerrendea osotzeko.

· Abesti sorkuntzea. Apirilaren 12a. 19:30ean.

Lander Irazola (Lor), Inés Osinaga (Gose) eta Onintze García (Seiren).

· Ahotsa eta berbak. Apirilaren 13a. 19:30ean.

Iñaki Ortiz de Villalva (Betagarri) eta Fran Urias (Hesian).

· Baketen indarra. Apirilaren 14a. 19:30ean.

Iker Uriarte (Betagarri) eta Aritz Lete (Kokein)

· Bajua, kantaren oinarri erritmikoa. Apirilaren 15a. 19:30ean.

Adrian Elustondo (Kauta) eta Joanes Ederra (Seiren).

'Jozank' Esne Beltza eta Lain taldeen kontzertuagaz osotuko da. Emonaldia Bilborock Aretoan izango da apirilaren 30ean, barikua, 20:00etan. Sarrerea: 6 euro.


'Harrapazank' sare sozialetan

'Harrapazank' programeak orrialdea dauka gazteak alkarregaz komuniketako erabilten daben Interneteko Tuenti sare sozialean.

Atari honek 9.000 bisita jaso izan ditu eta ehunka nerabe sarearen lagun egin dira. Gazte bilbotarrek tresna hau mezuak bialtzeko eta ikuskizunen argazkiak eta bideoak komentetako erabilten dabe.

Bestalde, 'Harrapazank'-en bloga (www.harrapazank.com) aurrera doa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu