Euskaltzaindiak lanerako erabilten dituan erispideak, laneko prozedurak eta tresnak erakutsi ditu

Bizkaie! 2010-03-23 14:26   Euskerea berbagai

Jentaurrean aurkeztu dira gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal barri: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia. Honeek dira berbalari: Andoni Sagarna, Jose Antonio Aduriz eta Miriam Urkia, hirurak Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen kideak.

Gaur, martiaren 23an, asteartean, 'Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak' izeneko jardunaldia egiten ari da Euskaltzaindia, Bilboko egoitzan. Jardunaldi honen helburua hauxe da: Hiztegi Batuko erabakiak hartzeko, Euskaltzaindiak erabilten dituan erispideak, laneko prozedurak eta tresnak erakustea.

Jentaurrean aurkeztu dira gaurtik aurrera Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diren bi tresna lexikal barri: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.

Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Andoni Sagarna Iker sailburuak zabaldu dabe jardunaldia. Urrutiaren esanetan, Euskaltzaindiak hiztegigintzearen arloan daroan prozedurea aldatu egin du, 'eta beharrezkoa ikusten dogu prozedura horren barri emotea, prozedura hori zabaltzea jentearen artean eta, batez be, euskalgintzearen aldetik, egunero hizkuntzeagaz lanean dabilen jentearen artean, hain zuzen be. Teknologia barrien ikuspuntutik, Akademiak azken 3-4 urteotan hartu dauen ibilbidea ikusita, beharrezkoa ikusi dogu horren guztiaren azalpen publikoa emotea'.

Horretarako, beraz, jardunaldian honeek dira berbalari: Andoni Sagarna, Jose Antonio Aduriz eta Miriam Urkia, hirurak Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen kideak. Andoni Sagarna, ganera, Iker sailburua da.


Hiztegi Batua Oinarriduna

Andoni Sagarnak azaldu dauen legez, Hiztegi Batuko forma bakotxa erabagiteko erabili dan dokumentazinoaren barri emoten dauen datu-base bat da Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), hau da, Hiztegi Batua eta dokumentazinoa, dana batera. Internet bidez edonork kontsultau ahal izango dau, helbidean.

Tresna honegaz, osotuta geratu da Euskaltzaindiaren webgunean Hiztegi Batuaren inguruko informazino guztia: Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsino digitala, XX. mendeko corpus estatistikoa, Hiztegi Batua bera eta honen azpian HBO, orain arte hartu diran erabagien inguruko dokumentazino guztia batzen dauena. Era horretan, hobeto ulertuko da erabagi dan forma bakotxaren zergaitia.


Lexikoaren behatokia

Lexikoaren Behatokia egitasmoa be aurkeztu da gaur komunikabideen aurrean. Lexikoaren Behatokia egitasmoak ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat preparetea dau oinarrizko lana, etiketau eta linguistikoki antolatua. Corpus hori osotzeko hainbat eremu jorratu ditu Euskaltzaindiak, batez be hedabideak. Hori dala eta, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabidegaz -Berria, EITB, Argia eta Deiarekin, besteak beste-, egunero argitaratzen dituen euskerazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarteko. Amesa dau Akademiak komunikabide gehiagogaz be bide bera lantzea. Egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa Taldeagaz garatzen ari da Akademia.

Egun, hiztegia aztertzeko eta lan arauemolea egiteko, corpusetan oinarritu behar da, eta halaxe egin dau Euskaltzaindiak azken urteotan. Testu klasikoak Orotariko Euskal Hiztegiaren corpusean ditu batuta eta XX. mendeko lagin adierazgarria XX. mendeko corpus estatistikoan. Iturri horreek izan dira Hiztegi Batua egiteko oinarri nagusiak.

'Hizkuntzearen bilakaerea hurretik jarraitu behar da, berba eta adierazmolde barriak ezagutzeko, arauak zenbateraino beteten edo urratzen diran jakiteko, eta arauak hori guztia ezagututa finkatzeko, eta baita hizkuntzearen erabilerea sakonago ezagutzeko, gramatika edo estilistika aldetik, erregistro desbardinen ezaugarriak aztertzeko edo ikuspegi soziolinguistikotik ikertzeko zein edukien ideologia, historia, etab. aztertzeko', azaldu dabe adituek.

Horrek guztiak corpusgintzan lanean jarraitzea eskatzen dau. Horretarako, Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa jarri da martxan. Joan Mari Larrartek eta Berdaitz Goiak gaur azaldu dabenaren arabera, pozgarria da Akademiak egiten dauen lana aintzat hartzea, 'horrek alkarlana erakusten dauelako; guri denporarik barik lan egitea toketan jaku askotan, bidegileak gara, eta poztekoa da ikustea Euskaltzaindiak gure lana kontuan hartzen dauela'. Amesa dau Akademiak komunikabide gehiagogaz be bide bera lantzeko. 2009. urtearen amaieran 4.000.000 testu-hitz eukazan corpusak eta urtean-urtean handituz joango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu