'Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak' izeneko jardunaldia egingo dau Euskaltzaindiak martitzenean

Bizkaie! 2010-03-22 12:55   Euskerea berbagai

Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egingo dan jardunaldi horren helburua Hiztegi Batuko erabagiak hartzea, Euskaltzaindiak erabilten dituan erispideak, laneko prozedurak eta tresnak erakustea da.

Martiaren 23an, martitzena, 'Hiztegi Batua. Irizpideak, prozedurak eta tresnak' izeneko jardunaldia egingo dau Euskaltzaindiak Bilboko egoitzan. Jardunaldi horren helburua Hiztegi Batuko erabagiak hartzea, Euskaltzaindiak erabilten dituan erispideak, laneko prozedurak eta tresnak erakustea da.

Horregaz batera, egun horretan, goizeko 11:00etan, jentaurrean aurkeztuko dira aurrerantzean Euskaltzaindiaren webgunean kontsultagai egongo diran bi tresna lexikal barriak: Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO) eta Lexikoaren Behatokia.

Hiztegi Batuko forma bakotxa erabagiteko erabili dan dokumentazinoaren barri emoten dauen datu-base bat da Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO), Internet bidez edonork kontsultau ahal izango dauena. Holan, osotuta geratuko da Euskaltzaindiaren webgunean Hiztegi Batuaren inguruko informazino guztia: Orotariko Euskal Hiztegiaren bertsino digitala, XX. mendeko corpus estatistikoa, Hiztegi Batua bera eta honen azpian HBO, orain arte hartu diran erabagien inguruko dokumentazino guztia batzen dauena. Era horretan, hobeto ulertuko da erabagi dan forma bakotxaren zergaitia.

Horrezaz ganera, Lexikoaren Behatokia egitasmoa komunikabideen aurrean aurkeztuko da jardunaldian. Lexikoaren Behatokia egitasmoak ikerketarako eta kontsultarako testu-corpus bat preparetea dau oinarrizko lana, etiketau eta linguistikoki antolatua. Corpus hori osotzeko hainbat eremu jorratu ditu Euskaltzaindiak, batez be hedabideak. Hori dala eta, Akademiak hitzarmenak sinatu ditu zenbait komunikabidegaz -Berria, EITB, Argia eta Deiarekin, besteak beste-, egunero argitaratzen dituen euskerazko testuak Euskaltzaindiaren eskuetan jarteko. Amesa dau Akademiak komunikabide gehiagogaz be bide bera lantzea. Egitasmoa UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa Taldeagaz garatzen ari da Akademia.


Hau izango da martiaren 23ko jardunaldiaren egitaraua:

- 9:00-9:30 Andoni Sagarna: 'Hiztegi Batuaren izaera eta helburua'.
- 9:30-10:00 Andoni Sagarna: 'Erabagien ibilbidea'.
- 10:00-10:30 Jose Antonio Aduriz: 'Erabagiak hartzeko erispideak'.
- 10:30-11:00 Atsedena.
- 11:00-11:45 Jentaurreko aurkezpena: 'Hiztegi Batu Oinarriduna (HBO)' eta 'Lexikoaren Behatokia'.
- 11:45-13:30 Jose Antonio Aduriz: 'Adibideen azterketea'.
- 15:00-15:30 Miriam Urkia: 'Orotariko Euskal Hiztegia sarean eta PDFn'.
- 15:30-16:00 Miriam Urkia: 'XX. mendeko corpus estadistikoa'.
- 16:00-16:30 Andoni Sagarna: 'Lexikoaren Behatokia'.
- 16:30-17:00 Atsedena.
- 17:00-17:30 Miriam Urkia: 'Hiztegi Batua eta Hiztegi Batu Oinarriduna'.
- 17:30-18:30 Parte-hartzaileen galderak eta ekarpenak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu