Loli Astoreka: 'lana nire osasuna da, eszenatokian ahazten jataz burukomin guztiak'
2010-03-22 10:26 BarriketanMartiaren 27an ospatuko dan Antzerkiaren Nazinoarteko Egunaren harian, maitatua eta esker onekoa sentiduten da Loli Astoreka 35 urte lanbidean emon ondoren. Eta ez bakarrik Interneteko sare sozial batean (Facebook) bere omenezko orrialdea sortu dauelako fan talde batek, ezta pasa dan abenduan Arrigorriagako Umorezko Film Laburren Festibalean jasotako omenaldi hunkigarriagaitik be. Jentearen eta lankideen maitasuna sentiduten dauela adierazo dau Amorebietan 1958an jaio zan aktoreak.
1975ean hasi zan bere ibilbidea Cómicos de Legua taldean, kasualidadez. 1980an, Ramón Barea bere orduko bikotekideagaz eta beste lagun batzukaz, Karraka taldea sortu eban. Konpainia horregaz montaje ezagunak taularatu zituen, horreen artean, 'Bilbao-Bilbao' (igazko udan arrakasta handiaz Arriaga antzokian berrestreinau zana) edota 'Pecata Minuta'. Harrezkero, danetarik egin dau Lolik urte honeetan guztietan: komedia, dramea, musikalak, monologoak... Zineman be ibilia da: Alfonso Ungriaren 'Ehun metro' lanean parte hartu ebanetik, hamar bat filmetan egin dau lan, azkena laster estrenaiuko dan 'Zigortzaileak'. Orain, eta 'Cocidito madrileño II'-gaz herririk herri dabilen bitartean, telebistara bueltau eta ETBko 'Goenkale' seriean pertsonaia barri bat egingo dau.
1.- Zelan, bada, 'Goenkale'-ra bueltan?
Ni hasierako 'Goenkale'-n egon nintzan eta orduan Begoña pertsonaia egin neban, bananduta eta burukominez beteta egoan ama bat. Pertsonaia hori hil egin zan. Orain barriro deitu deutse, honetan Pilar izateko, ostu-ostuka dabilen homosexual baten ama. Ilusinoz bueltetan naz. Ikusi dodanez, plantilea gazte-gaztea da eta espero dot ondo pasetea.
2.- Herri txiki batekoa izanik, zelan sartu zinan mundu honetan?
Ni Bernagoiti auzokoa (Amorebieta) naz eta kasualidadez sartu nintzan mundu honetan. Ikaslea nintzala, asteburu batean, Durangoko jaietara joan nintzan lagunakaz. Antzerkia egoan, 'Cómicos de la Legua' izeneko talde bat. Itzel gustau jatan. Amaieran, eszenatokia desmontetan eta gauza guztiak furgonetan sartzen lagundu geuntsen. Oso saltserea nintzan eta Cómicos taldekoek galdetu eustien ia eurakaz egin gura neban euskerazko kale-montaje bat. Sasoi horretan nire amesa Frantziara joatea zan, frantsesa ikastera. Orduan, burutik be ez jatan pasetan teatroa egitea. Baina azkenean erabagi neban Bilbora joatea eta udako hiru hilebete horreetan antzerkia zer zan probetea. 'Tripontzi Jauna' kale antzezlana montau genduan. Gogoratzen naz estreinua Gernikako plazan izan zala; ez zan ezer ulertzen, oso urduri nengoan, nahiko gazi-gozoa izan zan, baina harrezkero hemen nago. Momentu horretan erabagi bat hartu neban: ikasketak itxi eta Bilbon geratu biziten. Beti izan naz autodidaktea eta urteakaz eta hanka-sartzeakaz, ofizioa ikasten joan naz.
3.- Asko aldatu da ordutik hona euskal antzerkigintzea?
Zoritxarrez, nik ez dot ikusten aldaketa handirik egitura aldetik. Tristurea emoten deust euskal antzerkiak ze lan-baldintza eskasakaz jarraitzen dauen ikusteak. Nik bizitza osoa emon dot lanean eta orain, nire edadeagaz, jubilazinoan pentsetan hasi naz eta ikusten dot ez dagoala modurik, kotizazino urte asko falta jatazala erretiro minimo bat jasoteko eta ez dakit zelan lortuko dodan. Eta hori oso gogorra da. Honetan ez dago aukera handirik estabilidaderik lortzeko. Gure lan-baldintzen minimoak aspaldiko berberak dira. Gehiago esango deutsut: nik, proportzinoan, gehiago kobretan neban orain dala 25 urte. Atzerantza goaz arlo horretan. Hemen oso aktore kantera ona egon da, baina orain ez dakit non dagozan nire edadeko aktoreak. Beste lanbide batzuetara dedikauta egongo dira.
4.- Zure karrerako zein espektakulu dozu gogoan?
Iñake Irastorzagaz batera orain dala gitxi egin dodan 'Ezker eskuma' oso polita izan zan. Baina neuk estimu handia deutsat 'Pecata Minuta'-ri. Lau emakume ginan, lau moja. Gero, hortik, pelikulea etorri zan.
5- Gustura ibilten zara zineman be?
Bai. Pelikula batzuk egin dodaz. Azkenean, bardin jat zineman lan egin, telebistan edo antzerkian. Egia esan, ofizioa gustetan jat. Nire osasuna da: lanak kentzen deustaz burukomin guztiak, taula ganean edo kamara aurrean nagoanean, beste guztia ahazten jat. Gero, lana amaitzen danean, beste zeozer itxaroten zagozanean, lasaitzen ikasi behar dozu. Ansiedade asko emoten dau lanaren zain egoteak, oso gogorra izan behar zara behea ez joteko.
6- Eta sasoi txar horreek ailegetan diranean, ez dozu pentsetan zeure montajeren bat egitea?
Urte askotan egin dodaz nire lanak. Karraka taldeagaz egin genduan azkena 'Pecata Minuta' izan zan. Horrezkero, esan deutsat neure buruari: ez dot sekula santan barriro egingo enpresari lanik. Hainbat kreditu eskatu behar izan dodaz bankuan, eta heldu zan garai bat nire etxea erosteko be ezin nebala krediturik eskatu, Karrakaren zorrak ordaintzen egoteagaitik. Beraz, hori ez da niretzako. Ez dot balio horretarako. Edozein proiektutan burubelarri sartzen naz, baina ez dot gura zenbaki gorri gehiagorik ikusi.
7.- 'Zigortzaileak' pelikuan pertsonaje bat egiteaz gan, umeakaz lan egin dozu coach moduan. Zelako esperientzia izan da?
Aukerea izan neban casting-a zuzentzeko eta gero umeakaz lanaren garapena egiteko pelikula guztian. Erronka handia izan zan eta oso aberasgarria. Gogorra be bai, burukominak be egon ziran. Nik ez dakit jenteari filma gustauko jakon ala ez, baina ni oso pozik geratu naz umeen lanagaz.
8.- Zer emon deutsu profesino honek eta zer kendu?
Dana emon deust, nazan guztia. Eta kendu, ezer ez. Egia esan, oso maitatua eta balorauta sentiduten naz. Dana etorri jat bizitza osoan eskura.
9.- Orain dala gitxi, Arrigorriagan omenaldi hunkigarri bat egin deutsue. Zelan bizi izan zenduan?
Ez neban espero, ezta inondik inora be. Berbakaz azaldu be ezin diran momentuak bizi izan dodaz zenbait omenalditan. Berbarako, Bilboko Jaietan pregonera izan nintzanean eta Euskaltzaindiako balkoira urten nebanekoa. Hor sentidu nebana ezin dot berbakaz esan. Ez naz sekula drogau, baina holako zeozer sentidu behar da. Lurretik gora zagoz. Eta horixe sentidu neban Arrigorriagako antzokian. Nik banekian sari bat emon behar eustiela, eta etxetik urtekeran, nire buruari esan neutsan: ez dakit zelan joango dan eguna, baina ez dot negarrik egingo. Horretarako preparau nintzan, oso negartia nazalako. Eszenatokira urtekeran eta ikusi nebanean nire bizitzari buruzko lan audiobisual eder hori, lotsatu egin nintzan. Eta gero agertu ziran Ramón Barea eta Alex Angulo eta hori izan zan sorpresea niretzako. Batu nintzan beraien besoei, dardaka, motor baten antzera… Oso berba politak bota zituan Ramonek. Negarrik ez egitea lortu neban, baina oso emozionauta egon nintzan. Eta gero nire Karrakako lagun guztiak etorri ziran banda bategaz eta lorakaz! Oraindino be, gogoratzen dodanean, oilo ipurdia jarten jat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!