'Getxoko izenak. Aldeetxe eta leku izenak' liburuak udalerriko txokoen sekretuak argitzen ditu
2010-03-18 17:03 Kulturea350 orrietan zehar 1.300 izen batzen dituan liburuan, udalerriko lekuen berben jatorria, historia eta esanahia, hainbat argazki eta mapa agertzen dira. Era guztietako tokiak topauko ditu irakurleak, hondartzak, parkeak, baserriak, etxebizitzak, errekak, mendiak, soloak, kaleak, plazak, desagertutako toponimoak...
Prentsaurrean asteon aurkeztu daben arren, datorren eguenean, martiaren 25ean 'Getxoko izenak. Aldeetxe eta leku izenak' liburuaren aurkezpen publikoa izango da Fadurako Udal Kiroldegian 19:30ean, Imanol Landa, Getxoko Alkatearen eta Mikel Gorrotxategi, egile eta Euskaltzaindiako kidearen eskutik. Laiburu hau Euskaltzaindiagaz 2008ko abenduan Udalak sinatu eban lankidetza hitzarmenaren emoitzea da.
Liburua ez da aurretik (orain 6 urte beka batetik sortua) kaleratutakoaren bigarren edizinoa, bertsino osotuagoa baino, herriko toponimia aztertu eta zabaltzeko beste pausu bat emon baita lan horretan. 'Hori ez zan amaierea hasiera baino hortik aurrera lan gehiago egin baita eta horren fruitua da orain aurkezten dogun alea' azaldu dau prentsaurrekoan Imanol Landa, Getxoko alkateak. 350 orrietan zehar 1.300 izen batzen dituan liburuan udalerriko lekuen berben jatorria, historia eta esanahia, hainbat argazki eta mapa agertzen dira. Era guztietako tokiak agertzen dira, hondartzak, parkeak, baserriak, etxebizitzak, errekak, mendiak, soloak, kaleak, plazak, desagertutako toponimoak. Argazkiak batez be etxeenak dira eta argazki zaharrek paisajeak erakusten ditue. Asko aldatu diran guneetako argazki zaharrak eta barriak dira gehienbat, 100 baino gehiago. Gaztelerazko bertsinoa be agertzen da liburu berean, herritar ez euskaldunei herriko toponimia ezagutzen laguntzeko asmoz, gure ondare lexikoa gordeteko jatorrizko izenak finkatzea eta erreferentzia sendoak eukitzea komenidu baita.
Toponimia, historia, etimologia... politikea, bertoko aldaera linguistikoaren berezitasunak dituan liburuaren bitartez herriko izenek izan daben historia eta garapena ezagutzea oso garrantzitsutzat jo dau alkateak eta oso pozik agertu da lan hori herritarren eskuetara helduko dalako. 'Liburua irakurri daien animau nahi dodaz auzokideak; gure herriko tokiak bilatu eta ikasi, beren historia eta garapena, jakituria zabalduz, azken finean orrien artean agertzen danagaz gozatuz eta Getxo zelan aldatu dan ikusiz' gehitu dau Imanol Landak.
1.500 ale argitaratuko dira eta salgai egongo dira Kultur etxeagaz kolaboretan daben saltokietan. Mikel Gorrotxategi, Euskaltzaindiako kidea eta lan honen egilea Liburuaren Egunean antolatzen dan Azokan egongo da liburua sinatzen. Berak aitatu dau lan honek Udalak herriko topominia berreskuratzeko eta gordeteko dauen konpromisoa beteteaz gan, Nazino Batuen Erakundearen ebazpen bategaz be bat egiten dauela. Bere esanetan, 'toponimia gizartearen ondarea da eta zaindu eta jenteari eskaini behar jako eta hori da Getxoko Udala egiten ari dana'.
'Ondare Udabarria' zikloa
Etimologia liburuaren aurkezpena Getxoko Udalak udabarrian, hemendik maiatzera bitartean antolatu dauen 'Ondare Udabarria' zikloaren lehen jarduerea izango da, gure herriaren altxor horri lotutako hainbat adierazpen zabaltzeko zikloa. Holan, hurrengo ekitaldia datorren apirilaren 23an izango da, Gotzon Elortza auzokide getxotarrak 60ko hamarkadan euskeraz egindako lehenengo dokumentalak berreskuratzeko egindako lanaren aurkezpena antolatu baita Andres Isasi Musika eskolan. Hirugarren hitzordua maiatzaren lehenengo astean izango da, 120 euskaldun zaharri egindako grabaketetan oinarrituta atondutako materialaren aurkezpena eta azkenik, maiatzaren erdian 'Getxo akordaten naiz' II dokumentala ikusi ahal izango da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!