Transmisinoak hartuko dau egunerokotasunaren zati handiena Gipuzkoan

Bizkaie! 2010-03-18 13:22   Bertsolaritzea

Ikerkuntzan, barriz, bi izango dira urteko erronka nagusienak, bata, Bertsozale Alkarteko dokumentazino zentroa elikatzea helburu dauen Gipuzkoako Grabatzaile Sarea egitasmoari jarraipena emotea, eta bigarrena, Gipuzkoako bertsogintzan garrantzitsuak izan diran hainbat eragileren bideo alkarrizketak egiten jarraitzea.

Pasa dan zapatuan egin zan Gipuzkoako Bertsozale Alkartearen urteroko Batzar Nagusia, Elgoibarko kultur etxean. Ohiturari jarraituz, 2009ko egitasmoaren deskargua egin, 2010eko egitasmoa azaldu eta Alkartearen egoera ekonomikoaren barri emon jaken bazkideei.

Horrezaz gan, Batzar berezia izan zan Elgoibarren egindakoa, 10 urtez lehendakari lanean jardun ondoren, Felix Irazustabarrenak Saroi Jauregiri pasau eutsolako Gipuzkoako Bertsozale Alkarteko lehendakaritzearen lekukoa. Bazkideek aho batez onartu eben Zuzendaritzak aurkeztutako hautagaitzea. Amatasunaren ateetan dagoan Saroi Jauregi pozik agertu zan aukeratua izan ondoren, eta bere esker ona eta lanerako borondatea adierazo eutsen bazkideei: 'Proiektu zoragarri bateko kide sentiduten naz, eta Zuzendaritzearen eta Alkarteko langileen gaitasunean sinisten dot. Uste dot giza baliabide horreek behar bezela ustiatzea eta goxatzea izango dala aurrerantzeko erronka handiena. Hamar urte daroadaz Zuzendaritzan, eta azken biak idazkari karguan egin dodaz, baina karguen eta izenen gainetik dago lantaldea, eta talde horren lanaren emoitzea da Alkartearen proiektua. Gainera, Felixek berak Zuzendaritzan jarraituko dau, eta guztien babesa espero dot. Ez dot uste asko aldatuko danik nire lana Alkartean, baina orain aukera gehiago izango dot Euskal Herriko Bertsozale Alkartearen barri hurragotik ezagutzeko, Gipuzkoako ordezkaria neu izango bainaiz Euskal Herriko Zuzendaritzan'.

Era berean, azpimarratzekoa da, Felix Irazustabarrenak lehendakari kargua itxi dauen arren, idazkari moduan jarraituko dauela lanean Bertsozale Alkarteko lantaldearen barruan.


Ondokoak dira Gipuzkoako Bertsozale Alkartearen erronkak:

- Transmisioak hartuko dau egunerokotasunaren zati handiena. Proiektu errotu eta egituratua da Bertsolaritzearen Transmisinoa Gipuzkoan, eta hiru ardatz nagusi ditu:

§ Hezkuntza Arautua. Gipuzkoako Bertsozale Alkarteko profesionalen laguntzaz, 'Gu ere Bertsolari' proiektua 8.100 ikaslek landuko dabe 2010ean, 46 herritan eta 114 ikastetxetan.

§ Bertso Eskolak. Bertsozale Alkarteak arduradun bat dauka Gipuzkoako bailara bakotxean, bertso eskola barriak martxan jarteko eta lehendik dagozanei behar dabenean laguntzeko (ikasmateriala, matrikulazino kanpainak, motibazino saioak, aholkularitzwa…).

§ Jarduera Osogarriak. BertsolaritzEa eta aisialdia lotzen dituen hainbat ekimen antolatuko dira, herrialde zein bailara mailakoak. Herrialde mailan, Bertso Eskolen VI. Eguna (Eibarren, apirilaren 25ean) izango da ekimen garrantzitsuenetako bat, baina, horrezaz gan, beste hainbat ekimen antolatuko dira bailaraz bailara (bertso-paper lehiaketak, gazteentzako afariak, topaketak…).

- Sustapenari jagokonez, gai-jartzaile eta epaileentzako formazino planak gauzatzea izango da 2010eko helburu nagusia, eta, horregaz batera, 2011ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako egiturea diseinau eta erabagitea.

- Ikerkuntzan, bi izango dira urteko erronka nagusienak, bata, Bertsozale Alkarteko dokumentazino zentroa elikatzea helburu dauen Gipuzkoako Grabatzaile Sarea egitasmoari jarraipena emotea, eta bigarrena, Gipuzkoako bertsogintzan garrantzitsuak izan diran hainbat eragileren bideo alkarrizketak egiten jarraitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu