BBK sariketea finalera begira
2010-03-18 10:26 BertsolaritzeaEz eizue galdu hurrengo barikuan, martiaren 26an, egingo dan aurtengo sariketako finala arrastiko zazpiretan Bilboko Kafe Antzokian. Protagonistak: Ipar Uribe eta Lea-Artibai.
BBK sariketako lehenengo hiru saioak egin ostean, Busturialdea-Ipar Uribe eta Bilboaldea-Lea-Artibai izan dira finalerdietan kantau daben eskualdeak. Aste honetan bertan egin dira saio bi horreek eta honezkero badakiguz talde finalisten izenak: Ipar Uribe eta Lea-Artibai.
Saio bietan be emozino handia egon da eta puntu gitxiko aldeak zabaldu ditu Kafe Antzokiko ateak: zazpi puntukoak lehenengoan eta hamabost puntukoak bigarrenean. Artikulu honetan, baina, lehenengo hiru saioetatik batutako bertso-ale batzuk iminiko deutsuedaz. Finalerdietako eta finaleko bertsoak hurrengorako.
Igorreko Lasarte Aretoan, Arratia aurtengo sariketatik eliminauta parau zan. Busturialdeagaz egindako kanporaketan Arratiako gaztetxoen taldeak ederto kantau eban, baina kostaldeko nagusiek diferentzia atara eben. Izan be, Busturialdeko nagusien taldean, BBK Sariketan esperientzia handia daukien bertsolariek kantau eben (Ander Elortegi eta Amaia Uribe, berbarako). Bertako saiotik, Arratiagaz kantau eban Malen Amenabar larrabetzuarraren bertsoa dozue hurrengoa:
Oinak emonda: gozoa, osoa, pausoa, arazoa.
Hain zara guapoa ta
hain zara gozoa.
Esan gura nizuke
egia osoa.
Zelan emongo dot oin
aurrera pausoa!
Bildurre dekotela
baita arazoa.
Durangoko Institutuan egin zan sariketako bigarren saioa Durangaldea eta Bilboaldearen artean. Arratiarrei pasau jaken antzeko gauzea pasau jaken Bilbo ingurukoei: txikerretan, ondo eta gazteetan, beheratxoago. Ha ta guzti be, puntuazinoan Durangaldearen gainetik parau ziran. Pello Ormazabalen puntu-erantzuna ederra izan zan benetan be:
Oso negu luzea
izan dogu aurten,
nahiz ta amaituko den
ez duen ematen.
Telebistan aritu
ziren bart esaten,
uda iritsi behar
dela egun baten.
Akabetako, azkenengo saioa Lea-Artibai eta Enkarterrikoen artekoa izan zan. Saioa galdu arren, nagusietan hobeto kantau eben Enkarterrikoek. Horren adibidea, Aitor Arrutiaren bakarreko beharra.
Gaia: Zure amesa beti izan da itsas txango bat egitea. Lortu dozu eta itsasontzian zagoz zure kamarotean, lo. Halako batean, golpe izugarri batek izartu zaitu. Izozmendi bat jo dozue.
Tokatu jata bidai polita
nik eukin dodan suertea!
Hauxe lortzeko egin dot lana
eta kalean eskea.
Nik gura neuen Atlantikoan
bidai gozoz amestea.
Lo eiten nago eta ametsak
hemen hartu deu tartea.
Bakarrik falta jata hementxe
Titaniceko neskea.
Ez eizue galdu hurrengo barikuan, martiaren 26an, egingo dan aurtengo sariketako finala arrastiko zazpiretan Bilboko Kafe Antzokian. Bertso galantak eukiko ditut hurrengo artikulurako. Zuhur ibili zaiteze!
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!