Lekeitioko Udalak Santa Katalinako Itsasargia inaugurauko dau martiaren 26an

Bizkaie! 2010-03-16 10:40
Lekeitio itsasoagaz estu lotzen dauen historiatik abiatuz, inguru natural zehatz batean nabarmendu nahi dau Udalak Herriaren kultura eta ondarearen garrantzia

Herriko Itsas Ondarearen Zentroko ikurra dan Itsasargi hau Euskadin barrutik ikus daitekeen lehenengoa da. Jarduera honegaz aurrera doa Lekeitioko Udala orain zazpi urte jorratzen ari dan ekonomia garapenaren proiektua.

Lekeitioko Udalak martiaren 26an inaugurauko dau Santa Katalina Itsasargiko Itsasketa Teknologiaren Interpretazino Zentroa. Herriko Itsas Ondarearen Zentroko ikurra dan Itsasargi hau Euskadin barrutik ikus daitekeen lehenengoa da. Jarduera honegaz aurrera doa Lekeitioko Udala orain zazpi urte jorratzen ari dan ekonomia garapenaren proiektua, herriko gazteek bertatik alde egin ez daien, ekonomia jarduerea dibertsifiketearen aldekoa. Horren ondorioa da lehiakorra, berezia, kalidadezkoa, urtaro jakin batera mugatzea ebitau (Lekeition udara mugatzen da batez be) eta aberastasuna eta lana sortuko dauen turismoa garatzeko asmoa.

Herriko ekonomia eta erabil daitekezan baliabideen behin behineko azterketea egin ondoren, Lekeitioko Udalak arlo desbardinak batuko zituan jarduera plangintzea egin eban. Ekonomia jardueraren aniztasuna, arrantza eta honen inguruko industrien beherakadearen ondorioz sortutako arazoak gainditzea, eta hirugarren sektorearen jardueraren antolaketa orekatua dira aitatu plangintzaren ardatz nagusiak. Hortik sortu zan Itsas Ondarea Zentroaren proiektua, erabilten ez diran edo erabilera eskaseko azpiegiturei jagoken garrantzia emonez, herriko ekonomia garapenari bultzada bat emoteko helburuagaz. Halan da be, ez da hau lortu nahi dan helburu bakarra. Datozen belaunaldientzako ondareari eustea ahalbideratuko daben jarduerak egitea beharrezkoa danez, zentroa abian jarteagaz, berez dator ondarea berreskuratzea. Beraz, aparteko garrantzia dauka aitatu proiektuak ondarea berreskuratu eta mantentzeko eta horri eusteko beharrezkoa dan ekonomia jarduerea sortzeko.


Santa Katalinako Itsasargia

Inguru natural zoragarrian kokatua, itsasargiaren ekipamenduaren zati bat ez zan ezertarako erabilten. Konponketen ondoren, Euskadin barrutik ikusi ahal izango dan lehenengo itsasargia izango da. Talaia eta Itsasargi barriak itsasketa teknologiaren interpretazino zentroa osotzen dabe, eta bai lekeitiar zein bisitariei antxinatik erabilten diran itsasketaren oinarriak ezagutzera emon (seinaleak, argiak, orientazinoa, izarrak, beleen arrantza…) eta gure itsasgizonek lehorragaz lotzen zituen itsasargiaren argia ikustean sentiduten ebena sentiduteko aukerea eskainiko deusku, edukien ulermena errazten dauen azken belaunaldiko puntako teknologiaren bitartez.

Bestalde, Otoio mendian dago kokaturik Talaia. Arrantzaleak bertara hurreratzen ziran baleak kostalderantz abiatzen ziran ikusteko. Talaiako eraikina oso egoera txarrean egoan eta, konpondu ostean, bere erabilerea Itsasargiaren proiektuari lotzen jako: Bere museo edukia, talaiari figuraren interpretazino zentro legez planteetan da, bere zeregina, tresna eta bestekoakaz lotutako erakusketeagaz.

2006an emon jaken hasierea zaharbarritze lanei, eta uste baino lehenago amaitu dira. Bai itsasargia, baita talaiako eduki eta museogintzako ekipamenduaren garapenaz gan, igogailu panoramikoa eta arrapala sistema baten bidez, itsasargirako sarbideen egokitzea be eskainiko dira. Beste hainbat udal instalazinoetan legez, mobikortasun urriko lagunentzako itsasargirako sarbideak bermatu nahi izan ditu Udalak. Tailer didaktikoak, prestakuntza ikastaroak edota bilerak lako beste hainbat erabilera jaso ahalko dituan gelea be atondu dabe.

Proiektuaren kostua 2.759.000 €-koa izan da, eta horreetatik % 3,79 jarri ditu Lekeitioko Udalak. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren (Turismo, Arrantza eta Etxebizitza Sailak) eta Kultura Ministerioaren laguntzaz gan, zentroa egin ahal izateko erabilten ez dituan instalazinoak eskaini dituan Bilbaoko Portuko Agintaritzearen laguntzinoa be izan dau.


Interpretazino Zentroaren helburuak

- Ondare osogarriak berreskuratu: historia, itsas kulturea eta ingurua zaindu.
- Ekonomia jarduerea sortu.
- Herritarren sektore desbardinen parte hartze eta inplikazinoa ahalbideratu.
- Teknologia eta ezagupen garapena bultzatu.
- Bai herritar zein bisitariak, ondarea zaindu beharraz jabearazo.
- Lana eta aberastasuna sortu.
- Itsas-arrantza alorra babestu jarduera anitzen bitartez.
- Bezero eta turismo arlo barriak jorratu.
- Lekeitio turismo alorrean desbardina dan herritzat ezagutzera emon.
- Eskaintza urtaro guztietara zabaldu: jarduera eta ekintzak urte osoan zehar eskaini.
- Bisitariaren egonaldia luzatu.
- Eskaintzaren espezializazinoa kalidadezkoa eta jasangarria dan produktuaren bitartez.

Hona hemen Itsas Ondarearen Zentroko osogarririk interesgarrienak: Lehengo Itsas Komandantzia; Ondarzabal Hondartza itsasontzia; Talaia; Santa Katalinako Itsasargia; Sosoagako Dolarea eta Santa Elena baseleiza; Mendieta ohiko ontziolak; Arrantzaleen Kofradia zaharra; Marierrota marea Errota; kontserba fabrikak; Ardao eta Arrainaren Bidea; Arranegi Plazatxoa eta portua; baita eskulan jarduerea, jai eta ohitura desbardinak eta ukitu ezineko ondare ugaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu