Literaturea eta gerrea buztartuz, 'Eztabaidak Literatureagaz' ekimenaren 2010eko hirugarren topaketea Bilbon

Bizkaie! 2010-03-15 14:09   Kulturea

'Eztabaidak literatureagaz', Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, literatureari eta gerreari buruzko topaketea aurkeztuko dau martiaren 16an, Jorge Martínez Reverte idazle eta kazetariagaz eta Raul Guerra Garrido idazle eta, lanbidez, farmazialari danagaz.

'Eztabaidak literatureagaz', Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimenak, literatureari eta gerreari buruzko topaketea aurkeztuko dau martiaren 16an, Jorge Martínez Reverte idazle eta kazetariagaz eta Raul Guerra Garrido idazle eta, lanbidez, farmazialari danagaz.

Alkarrizketak hilero egiten dira, martitzenez, arratsaldeko 19:30etatik aurrera, Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoko eszenatokian. Bertan, espezializautako kazetari batek hartzen dau saioa aurkeztu eta gidatzeko ardurea eta oraingo honetan, topaketearen moderatzailea Juanma Jubera irrati aurkezlea izango da.

Urteko hirugarren hitzorduan, literaturearen eta gerrearen arteko hartu-emonen inguruko berbaldia proposatzen deusku. Jorge Martínez Revertek (Madril, 1948) eta Raul Guerra Garridok (Madril, 1935), historian zehar upealako arrakastea lortu dauen genero belikoaren ikuspegi laburra eskainiko deuskue, eta ondoren, gerreak literaturearen sorkuntzan izan dauen eragina lako gaiei buruzko erantzunak emoten ahaleginduko dira. Landuko dituen beste gai batzuk, gerra bat literaturatik kontetako modua edo, azken urteetako gatazkek, Irakekoak, Afganistangoak edo Vietnamekoak, literatura unibersalean aztarnarik itxiko daben ala ez, izango dira.

Ia bi orduko saioan, eleberri belikoa irakurleentzat erakargarri bilakatzen daben alderdiak aztertzen ahaleginduko dira, erakarpen hori eleberrian ala gerran oinarritzen dan ikusteko. Horrezaz gan, egungo genero belikoari eta etorkizunean izan leiken bilakaereari buruz be berba egingo dabe.

Jorge Martínez Reverte kazetari eta idazleak historiagaz eta memoriagaz lotutako hainbat eleberri eta liburu idatzi ditu: 'Hijos de la guerra', 'Soldado de poca fortuna' edo 'La batalla de Madrid', beste batzuen artean, zenbait saiakera historikoz gan: 'Hijos de la guerra. Testimonios y recuerdos', 'La caída de Cataluña', 'La batalla del Ebro', 'La batalla de Madrid' (2007), 'La furia y el silencio' (2008). 2009an argitaratu eban azken liburua 'El arte de matar: Cómo se hizo la Guerra Civil española' da.

Lanbidez farmazialaria dan eta 1960tik Donostian bizi dan Raúl Guerra Garridori jagokonez, lan asko idatzi dituan idazlea da. 1969tik eleberria, narrazino laburra, saiakerea, kritika, kazetaritzako artikuluak… landu ditu. Argitalpen horreei guztiei esker, beste baztuen artean, Nadal Saria (1977) eta Letren Sari Nazionala (2006) irabazi zituan. Orain denpora gitxi 'Quien sueña novela' lana argitaratu dau, eta lan horregaz Fernando Quiñones eleberri saria lortu dau.

2007ko urtarrilean 'Eztabaidak literatureagaz' egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ramiro Pinilla eta Harkaitz Cano, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Belén Gopegui eta Iban Zaldua, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Luis Sepúlveda eta Unai Elorriaga edo Suso de Toro eta Joseba Zulaika.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko era barria izan da, jentaurreko alkarrizketearen edo eztabaidearen bitartez, aurretik proposatutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua lehen mailako kazetari, historialari edo idazleakaz alkartzeko aukerea eskaintzea izan da, bertan, idazketearen munduagaz lotutako gaiak planteau ahal izateko, alkarrizketearen bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu