Xabier de Felipe: 'irakasleen presinoa beharrezkoa da hobetzeko'
2010-03-15 10:38 BarriketanEgun 22 urte daukaz baina bost urtegaz hasi zan biolina joten, nahiz eta ikasketak 8 urtegaz hasi. Bilboko Koralean, Radu Hamzea errumaniarra izan zan bere lehenengo maisua. Geroago, Leioako Kontserbatorioan, Batxilergo Musikala egin eban, Antonio Mendia irakasleagaz.
Igaz amaitu eban Musikenen biolin karrerea, Keiko Wataya irakasle japoniarraren zuzendaritzapean. Hortik aurrera, bakarlari moduan jo izan dau askotan, zenbait Gazte Orkestrakaz, tartean, Bilboko Arriagan, Guggenheim Auditoriumean, Leioako Auditoriumean eta bestelakoetan. Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz be debutau dau, biolin laguntzaile moduan eta EGO, Euskal Herriko Gazte Orkestrako Kontzertino ohia be izan da eta orkestra honegaz, Txinan zeharreko biran be parte hartu izan dau.
Schleswig-Holstein, Gazte Orkestra Internazionaleko partaidea da 2007-2008 denporalditik; honegaz, Alemania, Errusia, Armenia, Lituania, Brasil eta Hungrian jo izan dau, Christoph Eschenbach, Iván Fischer, Zoltán Kocsis eta Christopher Hogwoodek zuzendurik.
Sinfonietta Musikene eta Musikene Orkestra Sinfonikoko Kontzertinoa da egun.
Espainia, Frantzia, Italia eta Alemanian ikastaroak eginak ditu, Keiko Wataya, Aitor Hevia, Ara Malikian, Yuri V. Volgin, Igor Volochine eta Walter Forcher maisuakaz.
Sari garrantzitsuak be irabazi izan ditu, berbarako, 2004ko Euskadiko Ikastetxe-Arteko Jotzaile Gazteen Lehiaketea eta 'Acordes 2007' Txapelketea, 'Kinteto Musikene' taldeko biolinista moduan (Espainiako Goi Mailako Kontserbatorio-Arteko Ganbara-Musika Sari garrantzitsuena). Azkena, orain egun batzuk jaso dau: 'XXII Chapí Hari-Lehiaketa Nazionala', hain zuzen.
2009ko 'Nicanor Zabaleta' XVI. Sariaren bekaz, urrian hasi zituan Alemanian bere Postgradu Mailako Ikasketak, Walter Forchert Profesore entzutetsuagaz.
1.- 'XXII Chapí Hari-Lehiaketa Nazionala' irabazi dozu egunotan Alacanten. Sari berezia ala beste bat?
Bai beste bat izan da baina pozik hartu dot; sariak garrantzitsuak dira duda barik, zezoelan zure lana eta ahalegina autortzen dabelako eta aurrera egiteko indarra emoten deutsuelako. Esangura horretan, sari danak hartzen dira ondo eta honetan estadu mailako musikariakaz lehiatu naz. Sari honek dakarrena da urtean zehar hiru bat kontzertu emoteko aukerea eta hori oso interesgarria da esperientzia hartzen joateko eta gure burua ezagutzera emoteko. Kontzertu horreetako bat orkestragaz izango da, solista moduan eta hori aukera ederra da ni lako musikari gazte batentzako.
2.- 2008an jaso zenduan Bizkaiko Aldundiaren bekeak eta igaz jasotako 'Nicanor Zabaleta' XVI. Sariaren bekeak ate asko zabaldu deutsuez baina irabazi dozuzan sarien artean, berbarako, Acordes 2007, badaukazu bat beren beregi azpimarratzeko modukorik?
Ez. Esan deutsudanez, sariak danak dira ondo etorriak. Ezingo neuke bat aukeratu. Acordes Saria, berbarako, Espainiako Goi Mailako Kontserbatorio-Arteko Ganbara-Musika Sari garrantzitsuena, ez zan izan niri solista moduan emon eustien saria, 'Kinteto Musikene' taldeko biolinista moduan jaso neban eta oso berezia izan zan, TVEn agertu ginan, kontzertu asko emon genduzan eta ate asko zabaldu jakuzan.
Nicanor Zabaleta bekea, barriz, izen handiko bekea da, izan be, horri esker pasa dan urrian hasi nituan Alemanian Postgradu Mailako Ikasketak, Walter Forchert Profesore entzutetsuagaz. Kontuak kontu, sari guztiak dira positiboak.
3.- Igaz biolin karrerea amaitu zenduan Musikenen, Keiko Wataya irakasle japoniarraren zuzendaritzapean. Ze gomuta daukazu?
Musika ikasketetan zein beste batzuetan normala da momentu onak eta ez hain onak egotea. Baina, oro har, gomuta onak daukadaz, Musikenen bizitako lau urteak ez daukadaz ahaztuteko, lagun asko egin nituan bertan eta Keikogaz asko ikasi dot. Ikasleoi presino handia sartzen deusku baina hori beharrezkoa da hobetzeko.
Momentu txarrak edo pasau izan doguz, txarrak baino gehiago tensino egoerak, urduritasuna eta holakoak, beti be, solista moduan jo aurreko momentuetan eta holan. Gero, barriz, ondo egindako lanak asko pozten gaitu, bete egiten gaitu.
4. Gogoratzen al dozu solista moduan egin zenduan lehenengo errezitaldia?
Bai, zelan ez. Oso txikia nintzan. Solista moduan, nire lehenengoetariko bat Bilboko Arriaga Antzokian izan zan, eskolako orkestragaz 12 urtegaz. Oso urduri nengoan baina polito joan zan dana eta hori bizitza osoan gogoratuko dodan momentua izango da.
Hortik gora, piano eta biolin formatoagaz, benetako lehenengo errezitaldi ofiziala Bilboko Sociedad Bilbainako Musika Aretoan egin neban Bach, Schumann, Lutoslawski eta Debussyren obrakaz eta, jakina, aurrerapausu handia izan zan hori niretzako.
5.- Ez al daukazu sentsazinoa dana joatzula oso azkar, sariak, kontzertuak, ikasketak...?
Bai, musikarion patua da hori, nahikoa titiritero ibiltearena baina gustora ibili ezkero ez dago arazorik. Bilbotik Alemaniara, Frantziara, azterketa bat han, ikasketak hemen, bira bat orkestragaz ez dakit nora... Apur bat zoramena da baina gustora ibili ezkero, ondo. Gero, Bilbon be boladak pasetan dodaz eta hemen pasetan dodan denporea sano garrantzitsua izaten da niretzako aitatu zurrunbilo horretako gauza guztiak asimiletako eta pilak kargetako.
6.- Aita nor dozun jakinik, musikeagazko pasinoa etxean suspertuko jatzun, ezta? Zergaitik biolina?
Bai. Etxean musikea beti egon da oso presente, aitaz aparte nire arrebeak be biolina joten eban, amak pianoa, lehengusinea be musika eskolara joaten zan nigaz pianoa joten... Giro musikala bizi izan dot beti etxean.
Biloina aukeratzearena, berez etorri zan. Txikia nintzan eta nire arrebeak biolina joten ebanez, ba horixe aukeratu neban. Ez neukan arrazoi berezirik biolina aukeratzeko baina bat aukeratu behar neban eta etxean ikusita eta, biolina aukeratu neban, beste barik. Musika tresna gatxenetakoa da baina egun pozik nago egindako aukeraketaz. Maila tekniko handia eskatzen dau, biolineko obrak asko dagoz eta oso gatxak eta horrezaz gan, kontuan hartu behar da, berbarako, pianoan tekla bat jo eta nahikoa dala baina guk biolinistok hatzamarrak ondo kokatzeaz gan, arkua pasau behar dogula eta hasieran nahiko ernegagarria da.
7.- Europan eta munduan ibilita zagoz biolina joten Schleswig-Holstein, Gazte Orkestra Internazionalagaz, besteak beste, Christoph Eschenbach, Iván Fischer, Zoltán Kocsis eta Christopher Hogwood zuzendariakaz. Zer moduko esperientzia da?
Sano aberasgarria. Nire lehenengo esperientzia izan da goi mailako orkestra bategaz, Schleswig-Holstein orkestran orain bi, ia hiru urte sartu nintzan eta niretzat sekulakoa izan da. Mundu osoko beste instrumentista gazte batzuk ezagutzeko aukerea emon deust, gazteak baina maila handikoak. Ganera, munduko zuzendari onenetakoen aginduetara jotea be oso interesgarria izan da. Esperientzia musikal zoragarria ez eze, esperientzia personala be izan da, alde guztietatik begiratuta, oso polita.
8.- Alemanian zabilz Postgradu Mailako Ikasketak egiten, Walter Forchert Profesoreagaz. Zer moduz?
Bai. Musikenen pasa dan bagilean amaitu nituan biolin ikasketak eta egun Alemanian nabil posgradu antzeko bat egiten. Pare bat urte izango dira baina gero be han jarraitzea gustauko litxakit, 3-4 urteko tartea osotu arte.
Forchert irakasleagaz nabil eta oso gustora, irakasle bikaina izateaz gan, persona ona da eta ikasleakan konfidantza handia dauka. Askotan, beragaz eroaten gaitu alkarregaz joteko eta asko ikasten gabilz. Alemania eta Euskal Herriaren arteko desbardintasun handia hortxe dago, izan be, ikasleakan han ikusi dodan konfidantza maila hori, alkarregaz ikasle eta irakasleek egiten dituen kontzertuak, giroa, ez dodaz hemen ikusten.
9.- Zein da zure asmoa bihar-etzirako?
Musika munduan bide asko dagoz eta oraingoz ez dakit nondik joko dodan. Orain momentuan, nire ardura bakarra ikasten jarraitzea da eta urte batzuk egin gura neukez horretan. Nire amesa eta beste musikari askorena da bihar-etzi ganbara musika talde bat sortu eta horregaz ataratea bizimodua nahiz eta jakin oso gatxa dala. Dana dala, ikusteko dago patuak nora eroango nauen.
10.- Zenbat biolin daukazuz? Stradivariusak dira onenak?
Galdera ona. Nik neu be ez dakit ondo, behar dan moduko soinua atarateko modukoak lau edo bost eukiko dodaz txikitako biolinak kontau barik. Danak kontauta zazpi bat edo.
Stradivariusa joteko aukerea izan dot, bai; soinu berezia dauka, bibrazino asko ditu eta soinuaren kalidadeaz aparte, proiekzino onekoa da, sala edo aretoko azken txokoan oso ondo entzuten da. Dana dala, izen gitxiagogaz, egun musika tresna onak dagoz. Ganera, biolina ona izateko, nahitaezkoa da erabiltea, jotea, holan hartzen dauelako afinazino punturik ederrena. Egurrezko musika tresnek bibrazinoak behar ditue eta erabiliz hobetzen dira.
1920ko Frantzian egindako biolin bat daukat, 90 bat urte ditu baina biolin bat izateko ez da hain zaharra. Gaur gaurkoz oso soinu polita dauka eta oso pozik nago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!