Aiara Dantza Taldeak dantzaldiak eskainiko ditu Argentinako euskal etxeetan

Bizkaie! 2010-03-12 11:42   Euskaldunak munduan

Aberri Egunaren harian, jantza-ikuskizunak eskaintzeko amesagaz, danetara, 16 jantzari dira Buenos Airesko hainbat euskal etxetatik ibiliko diranak datorren martiaren 27tik apirilaren 10era arte.

Amurrio eta Aiara bailara osoko kideek osotutako Aiara Dantza Taldeak Argentinara bidaia egingo dau Aberri Egunaren harian, jantza-ikuskizunak eskaintzeko amesagaz. Danetara, 16 jantzari dira Buenos Airesko hainbat euskal etxetatik ibiliko diranak datorren martiaren 27tik apirilaren 10era arte.

Aiara Dantza Taldea 1984ean jaio zan Amurrion. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako jantzak egiten ditue -tartean, Zuberoako Maskaradea. Igaz, taldea Aiarako 24 herrietan aurkeztu zan konpainiaren 25. urtemugea ospatzeko. Aurten, barriz, urrunagora joatea erabagi dabe eta datorren martiaren 27an lur hartuko dabe Argentinan. Aberri Eguneko hainbat ekitalditan parte hartuko dabe, baita Llavallolgo Euskal Echea Institutuan, Euskaltzaleak-Eusketxe-Ekin erakundeen egoitzan eta Iparraldeko Euskal Etxean be. Euskal Echea Institutukoa izan ezik, beste aurkezpen guztiak Buenos Airesko Ekin Dantzari Taldeagaz batera egingo ditue gazte arabarrek.

Aiara Dantza Taldea Isabel Sanchez Robles eta Edorta Yaldebere irakasleen gidaritzapean sortu zan. Hasieran 120 bat ikasle -artean Amurrio, Urduña eta Laudiokoak- joaten ziran klaseetara. Hamar urte pasau ondoren, jantzariek taldearen zuzendaritzea eta kudeaketea bere gan hartzea erabagi eben.


Birearen egutegia

Martiaren amaieran hasiko dan bireari jagokonez, martiaren 27an, arratsaldeko 19:00etan, Aiara Taldeko kideak Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxeak antolatutako jantzarien topaketan aurkeztuko dira. Martiaren 29ko goizean, Llavallolgo Euskal Echea Institutuan izango dira. Aberri Egunaren ospakizunen testuinguruan, apirilaren 3an, goizeko 11etan, Buenos Airesko Plaza de Mayo-n jantzaldia egingo dabe eta arratsaldean beste bat Iparraldeko Euskal Etxean. Amaitzeko, apirilaren 9ko ekintzak Eusko Kultur Etxeak, Euskaltzaleak-ek eta Ekin Euskal Argitaletxeak uriburu porteñoan batera daukien egoitzan izango dira: jantza-tailerra eta erromeria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu