Rith 'Korrika' gaelikoan parte hartuko dau AEK-k

Bizkaie! 2010-03-09 13:25   Euskaldunak munduan

AEK eta KORRIKAko arduradunak Dublinen dagoz asteon, gaur Belfasten hasi eta hilaren 17an amaituko dan Rith 2010 lasterketan parte hartzeko. Gaelikoaren aldeko ekimen hau lehenengo aldiz egingo da aurten.

AEK eta KORRIKAko arduradunak Dublinen dagoz asteon, gaur Belfasten hasi eta hilaren 17an amaituko dan Rith 2010 lasterketan parte hartzeko. Gaelikoaren aldeko ekimen hau lehenengo aldiz egingo da aurten, urtero martian egiten dan Gaelikoaren Astearen barruan, baina hemendik aurrera bi urterik behin antolatzeko asmoa azaldu dabe eragileek.

Belfasten abiatu, 1.600 kilometro egin, eta 250 herri eta 15 konderri zeharkatu ostean, Galwayn amaituko da Rith 2010, Patrick Deunaren eguna ospatzeko egiten dan jai egunaren barruan.

Gaelikoa Irlandako lehen hizkuntza ofiziala izan arren, hizkuntza gitxitua da gaur egun Irlandan, eta are egoera larriagoan dago Ipar Irlandan. Rith 2010eko antolatzaileek eskainitako datuen arabera, ez dira bi miloera heltzen munduan gaelikoa berba egiteko gauza diran personak. Ipar Irlandan biztanleen % 10,4 dira eta AEBetan 13.000 lagun inguru. Halan da be, asko ei dira gaelikoa unibersidadean ikasten dabilzanak, hizkuntza honek Europako Batasunean lan status ofiziala lortu ostean. Egoera diglosiko horren ondorioz, erakunde asko dabilz Irlandan gaelikoa berreskuratzearen aldeko lanean, horreetako 39 gobernu irlandarrak zuzenean babesten ditualarik.

Rith 2010 ekitaldian batzen dan dirua Ciste Rith Ar Son Na Gaeilge izeneko fondo batera bideratuko, eta gaelikoaren sustapenerako ekimenen antolaketarako erabiliko da. Erakunde horretako partaideak sektorean prestigioa daben personak dira. Lehenengo edizino honetan lortutako dirua herri mailako taldeei emongo jake, ekitaldiak antolatu eta materialak erosi daiezan. Baina etorkizunean gaelikoaren sustapenaren aldeko lanean jente gehiago jarteko be erabili nahi da dirua.

Lasterketeari jagokonez, AEK-k antolatzen dauen Korrikaren antzera, Rith 2010eko korrikalariek be eskuz esku ibiliko dan lekukoa eroango dabe, Bradley Richards eta Brian Reardon artisau irlandarrek egindako aginte makila irudikatzen dauena. Zilarrezko eraztun batek inguratzen dauen makilaren barruan Irlandako presidente Mary McAleesek gaelikoaren alde idatzitako mezuak egingo dau ibilbide osoa. Halan da be, Rith 2010ek ez ditu Irlandako errepideak gau eta egun zapalduko. Korrikalariak egunez bakarrik ibiliko dira, eta gauez Club Rith izeneko jaialdiak egingo dira egun horretan lasterketea geratzen dan herrian.


AEK-k eta Korrikak Dublinen egingo dabe kilometroa

Euskal Herrian AEK-k antolatzen dauen Korrika hartu eben oinarri Rith 2010en antolatzaileek, eta ekitaldia hobeto ezagutzeko asmoz Tuterara joan ziran igaz 16. Korrikaren hasiera ekitaldira. Orain, euren hizkuntzearen aldeko lasterketea abian jarteko momentua heldu jakenean, Korrika eta AEK konbidau ditue bertan parte hartzera. Kontuak kontu, Edurne Brouard Korrikako arduradunak eta Mertxe Mugika AEK-ko koordinatzaile nagusiak Dublin erdiguneko Patrick Street-en hartuko dabe Rith 2010eko lekukoa martiaren 11n. Iluntzeko zortziak eta hogeita bostean dabe hitzordua 374. kilometroa egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu