Eunate Elio: 'lan arloan, familia eta lana ahalik eta ondoen zelan buztartu zan ardura nagusienetakoa'

Koldo Isusi Zuazo 2010-03-08 11:20   Barriketan

Emakunderen eskutik, emakume eta gizonen aukera-bardintasunerako erakunde laguntzailearen ziurtagiria jaso dauen lehenengo unibersidadea da Mondragon Unibersidadeko Enpresagintza Fakultadea. Langileen artean emakumeen eta gizonen bardintasunean aurrera egiteko konpromisoa hartzen daben erakundeei emoten deutse ziurtagiria Emakundek, aukera-bardintasunaren alde gizartean eta lanean sortzen diran ekimenak bultzatzeko.

Emakunderen onespenari esker, Mondragon Unibersidadeko Enpresagintza Fakultadeak aukera bardintasunagaz dauen konpromisoa finkatuko dau, eta datozen bi urteetan Planaren hainbat ekimen abiarazoko ditu.

Makinatxo bat kontu, beraz, Eunate Elio, kooperatibetan emakumeen parte hartzeari buruzko tesi doktorala egiten dabilen MUko irakasleagaz berba egiteko.


1.- Aurretiaz egindako beharraren ondorioa da ziurtagiria baina pozarren egongo zarie, ezta?

Bai, jakina, harro egoteko modukoa da. Emakunde lako erakunde batek holako ziurtagiria emotea sano pozagarria da, izan be, emondako pausuak eta egindako beharra autortzeko eta saritzeko modua da eta, horrezaz gan, modu berezian motibetan gaitu hasitako bidean ekin eta aurrera egiteko. Bultzadatxua da, duda barik.


2.- Mondragon Unibertsidadearen Enpresagintza Fakultadea aitzindaria da Euskal Herrian, Bardintasun Plan bat sortu dauen lehen unibertsidadea baita. Zer ondorio atara daiteke errealidade horretatik?

Ez gara bakarrak era horretako Planak martxan jarten eta bardintasunaren alorrean beharrean gabilzanak baina badakigu jakin, gure beharraren jarraipena egingo dabela askok eta zeozelan eredu izango garela. Edozelan be, ziurtagiri hau jaso ahal izateko nahitaezkoa da diagnostikoa eta plana modu sistematikoan egitea eta, hori da besteek egin ez dabena. Alde horretatik bakarrak gara EAEn. Baina bai esan gura neuke enpresa pribatuakaz konparauta, unibersidade munduan pausu bat aurretik gagozala; berbarako, Nafarroako Unibersidade Publikoak igaz abiarazo eban Bardintasun Plana. Hori bai, denpora kontua baino ez dala izango pentsetan dot eta laster gurearen antzeko ziurtagiri gehiago banatu beharko ditu Emakundek; barri pozgarria izango da hori.

Datu bat emongo deutsut, Espainia mailan 70etik gora unibersidade gara eta igaz, 2009an, 15ek baino ez geunkan Bardintasun Plana.


3.- Bihar-etzi enpresak zuzendu eta gidatuko dituen ikasleak dozuez zuon fakultadean eta, beraz, sano garrantzitsua da ikasle horreek bardintasunean heztea. Zelakoa izan da beharginen inplikazinoa Bardintasun Planaren diseinuan?

Fakultade txikia gara gu eta azkenean prozesuaren fase desbardinak kontuan hartuta, beharginen erdia edo inplikau dala nabarmenduko neuke eta sano balorazino positiboa egiten dogu. Bardintasun taldea osotzen, planaren alor desbardinei buruzko eztabaida eta alkarrizketa saioetan zein planaren beraren zehaztapenean eretxiak emonaz parte hartu izan dabe eta oso pozik gagoz.

Bigarren erdia, barriz, ez dogu erakarri planera baina holakoetan era guztietako eretxi eta jarrerak egoten dira eta, kasu honetan, batzuen eretxia da bardintasunaren alorrean egin beharrekoak eginda dagozala, ez dagoala plangintza berezirik forrmalizau beharrik eta denporeak konponduko dituala arazoak.


4.- Bardintasun Plana abiatu eta fakultadearen diagnostikoa egin zenduen 2009an. Zer nabarmendu zeinke?

Ondorio garrantzitsuena izan zan gizon eta emakumeen arteko desbardintasun edo desoreka alorretik begiratuta, gure unibersidadearen egoerea nahikoa ona zala. Zenbaki eta portzentajeei erreparauta, gorabehera handirik ez dago, nahikoa plantila igualitarioa edo bardinzalea daukagu, aukera bardintasuna errealidadea da. Abiatzeko, beraz, egoerea ez zan txarra. Ardura handiena kontziliazinoaren alorrean egoan, izan be, plantila oro har oso gaztea da eta gure lanak disponibilidade handia eskatzen dau. Lan arloan, malgutasunez jokatzea zan burukomin nagusienetakoa, familia eta lana ahalik eta ondoen zelan buztartu.

Ikasleen aldetik, barriz, gure erronka nagusiena da kontziente izan daitezala egoeraz, hau da, lan merkatuan ez dagoala dana eginda eta kasuan kasuko beharrizanei aurre egiteko kapaz izan behar dirala. Zorionez, egungo ikasle gehienak, neska-mutilak alkarregaz hezitakoak dira eta normalean ez dabe sekula diskriminazino gordinik bizi izan. Abiapuntu garrantzitsua da.


5.- Datozen bi urteetan Planaren hainbat ekimen jarriko dozuez martxan. Zeintzuk dira hobetu beharreko arloak?

Orain gabilz horregaz, sentsibilizazinoa eta prestakuntzea lako gaiak jorratzen. Horrezaz gan, bardintasunean oinarritutako hezkuntzea bultzatzen eta sustatzen gabilz eta, esangura horretan, asteon hasi gara, ideia orokorrak zabaltzeko amesagaz gida bat banatu deutsegu ikasle eta beharginei eta lehiaketa bat abiarazo dogu gida hori erabili ahal izateko eta bardintasunari buruzko galdera eta hausnarketak eragiteko.

Zehatzago esateko, Planak lau atal ditu; beharginak emakume eta gizonen arteko bardintasunagazko sentsibilizetea, idatzizko eta ikusizko komunikazinoa, hizkuntza ez sexistea erabili daien bultzatzea, kudeaketa prozesuetan, inor baztertzen ez daben sistemak bultzatuz eta emakumeak kudeaketa-organoetan txertatuz. Arlo horretan, lana, bizitza personala eta familia bateratzea da ekintza-lerroetako bat. Eta, azkena, laguntzeko produktu eta fakultadearen beste jardueretan, kultura, kirola eta holakoetan be bardintasunaren ikuspegia txertatzea. Gauzatu beharreko ekintzen artean, besteak beste, ondokoak azpimarartuko neuskizu: irakasle zein ikasleei bardintasunari eta genero-ikuspegiari buruzko prestakuntza zehatza emotea, emakumeek kooperatibetan daben partaidetzea ikertze aeta ikasgeletan eta material didaktikoetan hizkuntza barneratzailea sustatzea.


6.- Emakumearen Nazinoarteko Egunaren aldarrikapenak, bardintasunerako planak, bardintasunaren feminismoa... Ba al dago dana zorro edo zaku beren sartzerik?

Galdera gatxa, benetan. Zorro berean dagoana bardintasunaren aldeko jarrerea dala uste dot. Jakina, feminismoaren definizino zehatza eta osoa falta jaku; sasoi batean txarto ikusitako mobimentua izan da, desoreka handiak ziranean, jarrera eta erabagi gogorragoak hartu behar ziralako, akaso. Baina esango neuke ez dala ulertzen feminismoaren oinarrian bardintasunaren aldeko jarrera eta lana dagoala.


7.- Kooperatibetan emakumeen parte hartzeari buruzko tesi doktoralaren azken txanpan zagoz eta udan edo argitaratu gura zeunke. Ondorio nagusirik nabarmenduko zeunke? Zeozerk harritu zaitu?

Konparazino zehatzik ez dot egin baina erraz atzemoten da kooperatibak lan merkatuaren isla baino ez dirala eta, akaso, kooperatibetan egoerea hobea da baina ez neuke baieztapen biribilik egin gura. Hurrengo ikerketa baterako gaia izan daiteke hori. Edozelan be, kooperatibetan beste mekanismo eta bide batzuk dagoz emakumeen parte harztea gehiago bultzatzeko eta uste dot horri heldu behar deutsagula.

Nik Mondragon Korporazino aztertu dot eta hor bazkideen erdiak edo, % 40 baino gehiago emakumeak dira. Zuzendaritza arloan, % 20 edo izango dira emakumeak. Baina egia da sektorearen arabera, gorabehera handiak dagozala. Emakumeak, gehienbat hezkuntzako kooperatibetan eta banaketa etxe eta Eroski lakoetan dira nagusi, industrian, barriz, gitxiago. Beraz, emakumeak badoaz sartzen lan merkatuan baina oraingoz oso segregatua dago lan merkatua. Zorionez, egoerea hobera doa eta gero eta emakume gehiago dago jarduera desbardinetan.

Beste alde batetik, sorpesarik ez dot hartu tesia egiteko prozesuan. Alkarrizketak egin dodaz informazinoa jasoteko, jentea sano arduratuta dago gaiagaz eta jarrera zabala etea edegia atzemon dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu