UPV/EHUk euskerazko lehen ikasketen ezarpenaren 30. urteurrena ospatuko dau

Bizkaie! 2010-03-04 13:22   Euskerea berbagai

‘Euskerazko irakaskuntzeak 30 urte UPV/EHUn’ izeneko ekitaldi honetan unibersidadean euskerearen ezarpena bultzatu eben personen ordezkaritza zabalari omenaldia egingo jako.

Bihar, martiak 5, eguerdiko 12:00etan, UPV/EHUko Areto Nagusian (Leioa-Erandio eremua), UPV/EHUk euskerazko lehen ikasketen ezarpenaren 30. urteurrena ospatuko dau. Aurten UPV/EHUk be 30 urte beteten ditu. ‘Euskerazko irakaskuntzeak 30 urte UPV/EHUn’ izeneko ekitaldi honetan unibersidadean euskerearen ezarpena bultzatu eben personen ordezkaritza zabalari omenaldia egingo jako.

Lehenago jazoera garrantzitsu batzuk izan baziran be, esate baterako, UPV/EHUko Kimikako katedradun Jacinto Iturbek euskerazko lehen tesina irakurri eban 1974an edo Rikardo Arrue kardiologoak euskerazko lehen tesia defendidu eban 1976an, klase ofizialak euskeraz emoteko oinarriak 70ko hamarkadako bigarren erdialdetik aurrera jarri ziran. Adibidez, Zientzia eta Teknologia Fakultadean 1979-80an Biologia, Geologia eta Kimikako lehen maila osoa euskeraz emon zan; Donostiako Kimika Zientzien Fakultadean, 1977an euskerazko lehen irakasgaiak emon ziran; Bilboko eta Donostiako Irakasleen Eskoletan lehenengoz ikasleak euskalduntzeko eskolak antolatu zituen eta gero, 1978an, Euskal Filologia espezialidadea sortu zan eta ondoren ganerako espezialidadeak euskeratzen hasi ziran. 1982-83rako beste espezialidadeak be euskeraz ikasi ahal ziran; Araban, 1977an, Arabako Unibersidade Ikastetxean, Euskara Katedra eratu zan, bertako buru Koldo Mitxelena eta laguntzaile Hendrike Knörr ziralarik. Ekimen horreetako protagonista asko ekitaldian izango dira. Bertan, besteak beste, UPV/EHUko Euskera erretoreorde izandako guztiak egongo dira.


Ekitaldiaren egitaraua

• Euskera eta Eleaniztasuneko erretoreorde Jon Irazusta jaunaren agurra.
• Karmele Artetxe historialariaren hitzaldia: 'Euskerea eta unibersidadea 70eko hamarkadan'
• UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko irakasle Jesus Mari Txurruka jaunaren berbaldia.
• UPV/EHUko Letren Fakultadeko irakasle ohi Karmele Rotaetxe andrearen berbaldia.
• UPV/EHUko Kimika Fakultadeko irakasle eta ikasle ohi Maria Jesus Barandiaran andrearen berbaldia.
• UPV/EHUko ikasle ohi eta Basque Center for Applied Mathematics-eko (BCAM) zuzendari Enrique Zuazuaren berbaldia.
• 70. hamarkadan euskerazko irakaskuntzea sustatu eben lagunei gorazarrea.
• 1981-84 urteetan UPV/EHUko erretore izan zan Gregorio Monreal jaunaren hitzaldia.
• UPV/EHUko erretore Iñaki Goirizelaia jaunaren hitzaldia.
• Musika eta jantza ekitaldia: TTAKUN TTAN TTAKUN ikuskizunaren pasarteak izango dira.


Lehenago, 10:30ean, 1979-80 ikasturtetik 1984-85 ikasturtera euskerazko ikasketak hasi zituen Zientzia eta Teknologia Fakultadeko ikasle eta irakasleak UPV/EHUko Arboretumean batuko dira eta omenezko zuhaitz batzuk landatuko ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu