III. Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren ondorioak
2010-03-01 11:20 Euskerea berbagaiJoandako barikuan, unibersidadeetatik (EHU, NUP, Huhezi…), euskera zerbitzuetatik eta enpresetatik etorritako 130 bat lagunek aztergai izan zituen 2009. urteak euskal soziolinguistikan emon dituan ikerketak, horreen ondorioak eta horreek etorkizunerako azaltzen dituen egoerak eta lan-arloak.
Joandako barikuan, unibersidadeetatik (EHU, NUP, Huhezi…), euskera zerbitzuetatik eta enpresetatik etorritako 130 bat lagunek aztergai izan zituen 2009. urteak euskal soziolinguistikan emon dituan ikerketak, horreen ondorioak eta horreek etorkizunerako azaltzen dituen egoerak eta lan-arloak.
Ekitaldiari hiru erakundetako ordezkariek emon eutsien hasierea: Soziolinguistika Klusterreko Lehendakariak (Iker Martinez de Lagos), Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak (Maria Jesus Aranburu) eta Kutxako ordezkariak (Carlos Ruiz). Etorritakoei ondo etorria egiteaz gan, besteak beste, hau lako jardunaldiak urtetik urtera sendotzen joatearen garrantzia azpimarratu dabe.
Jardunaldiko lehen mahai-inguruan, 'Euskereagazko jarreretatik erabilerara' gaia izan da aztergai. Mahai berean izan ziran Erramun Baxok (EEP), Iñaki Martínez de Luna (EHU) eta Pablo Sotés (NUP), Belen Urangaren galderei erantzuten. Bakotxak ondoen ezagutzen dauen lurraldea izan dau berbagai datuen analisian. Hurranez hurran: Ipar Euskal Herria, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroa. Baxokek esandakoen artean, ondoko ideiak azpimarratu ditu: Iparraldean, gaur egun, euskaldun 'gehiago dagoz', baina esan daiteke 'euskaldun epelagoak' dirala. Iñaki Martínez de Lunak, batetik, eretxi publikoaren arloa lantzea funtsezkoa dala esan dau. Bestetik, formazinoa eta komunikazinoa lantzeari emon deutso garrantzia, eta horretan hizkuntzen ekologia eta eleaniztasunaren kudeaketa aitatu ditu indartu beharreko ideia moduan.
Hirugarren solaskideak, Pablo Sotések, euskeregazko jarrerea Nafarroako zonifikazinoakaz lotu dau; hizkuntza-eremuaren arabera, euskerearen aldeko jarrerea aldatzen da. Eremu euskaldunean % 73 da, eremu mixtoan % 40 eta eremu erdaldunean % 23. beraz, 35-65 urte bitartekoengan dago jarrera positiboena gaur egun, eta gazteen artean jarrerak ez dira hain positiboak.
Ondoren, Soziolinguistika Klusterrak aurrera eroandako bi ikerketa aztertu dira, bertan ataratako emoitzen gaineko lanketa praktikoak eginaz tailerretan. Bi tailer izan dira horretarako, aukeran: Hizkuntza-ohituren aldaketak: gako teorikoetatik egoera errealetara, Pello Jauregi (HUHEZI, Mondragon Unibersidadea) eta Pablo Suberbiolaren eskutik (Soziolinguistika Klusterra) eta Gazteen erabileeraren korapiloa begi-bistan Jaime Altuna (Urtxintxa Eskola), Sonia Perez (Topagunea) eta Asier Basurtok azalduta (Soziolinguistika Klusterra).
Hizkuntza-ohiturei buruzko tailerrean, ikerketan aldaketa prozesuei buruz ataratako ondorioak hartu dira abiapuntu, eta jardunaldian parte hartutakoek ondorio horreek euren hurreko egoera errealakaz akonparau ditue, lanerako proposamen eta ideia barriak landuz alkarregaz.
Gazteen erabilereari buruzko tailerrean be ikerketako emoitzak hartu dira abiapuntu. Ikerketan ondorioztatu dira zein diran gazteen erabileran eragin handiena daben faktoreak, eta faktore horreek ezagututa, tailerrean parte hartu daben teknikari, irakasle eta abarrek etorkizuneko egitasmoetarako kontuan hartu beharreko aspektuak eta ikuspegiak landu eta konpartidu ditue.
Ondoren, 2009ko Hausnartu Sarien banaketa-ekitaldia egin da. Bertan izan dira aurtengo hiru sarituak: Dabid Anaut (irabazlea), Jose Mari Zendoia (2. Saria) eta Urtzi Barrenetxea (3. Saria). Sariak banatu ondoren, irabazleak egindako azterketeari buruzko berbaldia egin dau.
Arratsaldean be bi berbaldi izan dira: Esti Amorrorturena lehenengoa, eta bigarrena Juan Carlos Moreno Cabrerarena.
Esti Amorrortuk bere hitzaldian 'Erdaldunen euskereagazko aurreretxiak eta jarrerak' lanari buruzko datuak eta ondorioak izan ditu berbagai. Nabarmendu dauen ideietako bat da orain arte hizkuntzen gaineko motibazinoen azterketan ohikoak izan diran motibazio integralak eta motibazino instrumentalak bereiztea ez dala praktikan hain sinplea errealidadean, eta bere lanean sailkapen horri gehitu deutsiela kanpokoa / barrukoa dimentsinoa, zeozelan bereizteko, erdaldunen kasuan 'euskerearen mundua'-n eguneroko bizitzan parte ez hartu arren zenbateraino ikusten daben erdaldunek hurreko mundu bat legez, edo zenbateraino urruneko legez.
Jardunaldiko azken saioa Juan Carlos Moreno Cabrera irakasleak emon dau. Saio bikotxa izan da gainera, berbaldia lehenengo, eta ondoren Onintza Irureta kazetariak eginiko alkarrizketea.
Moreno Cabrera ibilbide luzeko hizkuntzalaria da eta erakutsi dau bere ezagutzak ez dirala mugatzen linguistika teorikora. Madrildarra izan arren, badauka euskereagaz loturea, baita ezagutza be. Eta ezagutza hori praktikan jarri dau, izan be, hitzaldia eta ondorengo alkarrizketea euskeraz egin ditu, bertan batutakoen harridurarako. Aurreretxi eta ideologia linguistikoen aurrean linguistikearen arloan adituak diranek daben erantzukizuna aldarrikatu dau, azterketa teoriko objektiboen bitartez egunero entzuten doguzan hainbat topiko guzurtatzeko. Esate baterako, mila aldiz entzun dogu 'euskerea hizkuntza gatxa' dala, eta berbaldian azaldu dau zelan linguistikoki esaldi hori mito hutsa dan, oinarri zientifikorik ez dauena, ez baitago munduan teknikoki hizkuntza bakar bat besteak baino gatxagoa dana (ezta errazagoa be).
Aztergai izan ditu beste hainbat aurreretxi be: esate baterako, dialektoak hizkuntza estandarraren bariedade 'okerrak' diranaren ustea, teknikoki erabat faltsua dana, edota ahozko eta idatzizko hizkuntzei buruz zabalduta dagozan uste okerrak. Bat etorri da, gainera, Esti Amorrortugaz azpimarratzean, euskerearena lako normalkuntza prozesu batean elebitasun pasiboak dauen garrantzia; hau da, euskerea 'oso ondo' egitera heldu barik be, euskerea ulertzera heltzen dan jentearen ahalegina balorau eta gizartean gehiago indartu behar dala.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!