Igor Otxoa: 'Instituzinoek erreakzionau egin behar dabe musikearen arloko enpresa asko ez galtzeko'
2010-03-01 11:03 BarriketanMusikearen industriaren egoera larriaz arduratuta, sektoreko 45 enpresa batu eta 'Zure musika, gure lanbidea' izenburupean, manifestua kaleratu dabe salaketa moduan Euskal Herriko Musika Industriaren Plataforma sortu barriaren babesean. Krisi sasoian murrizketa gogorrenak kultureak jasoten dituala azpimarratu eta instituzinoen partehartzea eskatu dabe, sektore guztiz 'atomizaua' izan arren, ehun enpresatik gora batzen dituala gogorarazoz. Igor Otxoak, Oreka TX-eko eta EUPREL euskal promotoreen alkarteko kideak irakurri eban manifestua euskeraz eta, ondoren, zenbait puntutan sakondu eban Bizkaie!-rentzat:
1.- Krisiaren eragina sektore guztietan igarri da baina musikearen munduan gogorrago sentidu dala azpimarratu dozue. Zein aspektutan?
Krisietan, normalean, lehenengo kaltetua kulturea izaten da eta guk aldarrikatu gura doguna da kulturea ez dala beharrezkoa dan onura materialbakoa emoten deuskun sektore huts bat, sektore garrantzitsua baino, kultura arloko antzerki, jantza edo musika-ikuskizunen atzean jente askok egiten dauelako lan eta familia asko dagozalako.
Horregaitik, gizarteari jakinarazo gura deutsagu argi dagoala krisian gagozala, baina, zergaitik eragin behar deutso, gehien bat, kultureari? Zergaitik egiten dira altzairugintza edo autogintza arloak diruz laguntzeko kanpainak eta musikea eta kulturea ez dira kontuan izaten, ez industria legez eta ezta benetan daukan balioa?
2.- Praktikara joten badogu...
Musikearen sektoreak, berez, krisian urte asko daroaz. Baina, egungo krisiagaz, instituzinoetako dirua murriztu egin da eta orain arte egozan programak desagertuz doaz. Murrizketa batzuk harrigarriak dira. Badakigu arlo guztietan dagozala murrizketak, dirurik ez dagoalako, baina ezin dana izan da ez izatea kontuan ez kultureak dakartzan onura neurgatxak ezta neur daitekezanak be, hau da, kontzertu falteagaitik edo programak desagertzeagaitik galtzen dagozan enpresak eta lanpostuak.
Guk hori guztia sufridu behar dogu; besteek be bai, baina musikearen arloak gehiago. Instituzinoek erreakzionau egin behar dabe musikearen arloko enpresa asko ez galtzeko. Ez da bidezkoa musika arloan % 50eko murrizketak egotea eta, horren aurrean, erantzun bat emon behar da.
3.- Manifestuan, gizarteari zuzendutako mezua dala dinozue baina, puntuz puntu aztertuta, oharra instituzinoei begira idatzita dagoala esan daiteke.
Gizarteaz gan, instituzinoek be kontzientzia hartzea gura dogu. Aitagarria da erakunde batzuetako ordezkariakaz alkartzerakoan, ez ekiela sektore honen atzetik dagoan industria eta jentetzea.
Sentsibilizazino-kanpaina baten hasierea da hau, jenteak jakin daian musikearen atzetik enpresa eta lanpostu asko galtzeko arriskuan dagozala edo batzuk, honezkero, galdu dirala. Urtea oso gogor dator eta datorren urtea txarragoa izango dala aurreikusten dogu.
4.- Zergaitik dinozue programazioa esku pribaduen esku ixtea 'ardurabakokeria' dala?
Horregaz, esan gura dogu orain arte instituzinoetatik diruz lagundutako programak egozala eta laguntzino horreei esker egiten zirala. Orain, diru hori kendu ezkero, programak desagertu egingo dira, gauzak dagozan moduan holako zeozer aurrera eroatea ezinezkoa dalako.
Jakin badakigu arlo pribadua egon behar dala, honetan gabizan gehienok enpresa pribaduak gara, baina laguntzino publikoagaz buztartzea nahitaezkoa da. Gure amesa ez da instituzinoek emoten deuskuen diruaz bizitea, baina laguntzinoa eskatzen dogu, beste zenbait arlotan diru-laguntzino bereziak izan diran legez, musikearen arloa be kontuan izatea eskatzen deutsegu instituzinoei.
5.- Plataformearen lehenengo ekimena manifestuaren irakurketea izan da. Aurrerantzean, zeozer berezirik egingo dozue.
Oraingoz, jenteak gure barri izatea gura dogu eta, aurrerantzean, ekimen zehatzagoak planteauko doguz.
Gura doguna da, alde batetik, manifestu hau bestelako enpresei helarazotea, batzuk ezin izan ziralako batzarrera etorri eta beste askok gure barri izan ez dabelako. Orain arte, berrogeta hamar erakunde inguru gagoz taldean, gure industriako arlo guztietakoak, diskoetxeak, soinu-enpresak, zenbait aretotako ordezkariak... Aurrerantzean, musikarien atxikimentua be lortu gura geunke.
Bestela, datorren asanbladan erabagiko dogu zeintzuk izango diran aurrerantzean emon beharreko pausuak.
6.- Eskaintza eskaerea baino handiegia al da kultur arloan?
Gure barruko-irakurketak egiten doguzanean, jakitun gara, lanpostuak galdu arren eta enpresak zarratu arren, kontzertuak egiten jarraituko dala eta taldeak egon, egongo dirala. Halanda be, kopuruak behera nabarmen egin ez arren, kontzertu horreen atzean lanean ibiliko diranen baldintzak askosaz eskasagoak izango dira. Guretzat, sarritan, kantidadea ez da horren garrantzitsua izaten, kalidadea baino.
Kontzertuak baldintza onenetan egin behar dira eta horrek suposatzen dau kontzertuen atzean lan egiten daben guztiak -argi eta soinu teknikariak, promozinoa, komunikazinoa...- be baldintza onenetan egitea euren jarduna. Holan izango balitz, hau da, gauzak ondo egin ezkero, jente gehiago hurreratuko litzateke ekimen kulturaletara, baldintza txarretan eginda baino.
Eskaintzearen eta eskaerearen arteko desorekea dagoan ala ez beste hausnarketa bat izango litzateke baina, esaten nebana, ez da hainbeste hain zabala izatea eskaintzea, baldintza onenetan egitea baino.
7.- Zein da gizartearen erantzukizuna krisialdi honetan?
Gizarteak jakin behar dau musikari bat eszenatoki batera igoten danean, atzean hamar lagun dagozala beharrean. Eta, sarritan, ez gara horretaz kontziente izaten. Eta kontzertuen inguruan, esan dodan moduan, atzeko hamar behargin horreek kontuan izan barik antolatzeko modua egon, badago, baina baldintzak askosaz txarragoak izango dira eta publikoak hori igarri egingo dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!