Wikiplaza aurkeztu dau Azkue Fundazinoak
2010-02-26 12:00Wikiak erabiliz, web nabigatzaile baten bidez erabiltzaileek sortu, aldatu, osotu edota borrau leikiezan orrialdeak, Azkue Fundazinoak 'Wikiplaza', wikiplaza.azkuefundazioa.org, Wiki plataformea aurkeztu dau, euskerazko edukiak, besteak beste, bideoak, irudiak, ikas materialak, datu zientifikoak, historikoak, edo bestelakoak modu librean banatzeko guztion eskura egon daitezan.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako Foru diputadua eta Azkue Fundazinoaren lehendakaria dan Josune Ariztondo, Rodrigo Gartzia, fundazinoaren zuzendari kudeatzailea eta Angel Bidaurrazaga, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundearen ordezkaria, Wikiplaza egitasmoa abiarazoteko lehen proiektu pilotua aurkeztu dabe gaur, zezeilak 26, goizeko 10:30tan Azkue Fundazioaren egoitzan, 'Iñaki Ugarteburu Saria' hain zuzen be.
Josune Ariztondok esan dau, igaz Ahaldun Nagusiak aurkeztu ebanetik, Azkue Fundazioak laguntzinoa emon deutsela dagoeneko Sarean dagozan ekimenei eta internauta euskaldunen aplikazino, zerbitzu eta lanabes barriak be sustatu dituala. Diputaduak azaldu dauenez, orain, 2010. urterako, egitasmo barriak garatzeari ekin deutso. Horreetako bat, esanguratsuenetakoa, Wiki Jakintza gunearen sorrerea da, eta gaur aurkeztu dabe Ugarteburu sariaren bitartez. Sari hau Iñaki Ugarteburu EHUko medikuntza irakaslearen omenez antolatu dabela esan dau, Sarean eta wikipedian espezialidade horri buruzko euskerazko edukiak sartzeko, osasungintzako ikasleen laguntzinoagaz.
Kulturako diputaduak teknologia barrietan eta Interneten euskerearen presentzia areagotzeko beharra nabarmendu dau eta, bide horretan, Azkue erakunde edegia, parte-hartzailea eta aktiboa dala gehitu dau, guztion laguntzinoagaz gehiago lortu daitekela uste dabelako. Euskaldunok, urteak pasa ahala, Sarearen garrantziaz jaubetu garela, edo, behintzat, euskerea sarean egotearen garrantziaz jaubetu garela be esan dau. Baina kontua da gazteen artean horren erabilpenaren gaineko datuak ez dirala hain onak, hizkuntzearen erabilerearen aldetik batez be.
Horri jagokonez, Azkue Fundazinoaren buruak adierazo dau, Euskal Autonomi Erkidegoko Internet erabiltzaileen datuek aztertuta, 950.000 erabiltzaile dagozala, kopuru handiena Bizkaian dagoalarik, 513.000 erabiltzailegaz, hau da, bizkaitarren % 52. Eskola-ume eta ikasleei (15-24 urte bitartean) jagokenez, % 91,7k erabilten dau Internet eta etxea da horretarako toki nagusia, erabiltzaile guztien % 85,4 etxetik konektetan baita.
Bizkaiko Kulturako arduradunak nabarmendu dau, euskereak Sarean dauen presentziaren inguruan, arazo larriena Sarean ibilteko aukeratzen dan hizkuntzea dala. Euskaldunok nabegatzeko gehien erabilten dugun hizkuntzea gaztelera da, eta euskerearen presentzia ingelesaren antzekoa da, % 23 ingurukoa. Eta, esan dauenez, errealidade honi ezin deutsagu iges egin. Euskerea ezin dogu Saretik baztertu, bertan baitago etorkizuna. Eta hori lortzeko Azkue Fundazinoaren eginkizuna bat dator euskereak Interneten dituan hutsuneak beteteko zereginagaz.
Wikiak erabiliz, web nabigatzaile baten bidez erabiltzaileek sortu, aldatu, osotu edota borrau leikiezan orrialdeak, Azkue Fundazinoak 'Wikiplaza', wikiplaza.azkuefundazioa.org, Wiki plataformea aurkeztu dau, euskerazko edukiak, besteak beste, bideoak, irudiak, ikas materialak, datu zientifikoak, historikoak, edo bestelakoak modu librean banatzeko guztion eskura egon daitezan. Azkue Fundazinoak Jakintza Librea bultzatu nahi dau eta horretarako, gizarte eragile eta talde desbardinen arteko alkarlana ezinbestekotzat joten dau. Gauzak holan dirala, hurrengo hilebeteotan, arlo desbardinetako eragileakaz (unibertsitarioak, ikasle eta irakasleak; ikastetxeak, Euskerearen Interpretazino Zentroaren bisitariak; euskaltegiak; udaletako eta Mankomunidadeetako Euskera Zerbitzuak; alkarteak eta Enpresak; euskal komunitateak munduan; eta bere Komunidade propioa sortu nahi dauen edonor) hartu-emonetan jarriko da Azkue Fundazinoa eta Wikiplazan euren komunidadea sortzeko aukerea eskainiko deutse. Alkarbidek (Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunea), berbarako, badauka martxan honezkero bere komunidadea. Komunidadeek wikiak erabilteko aukeraz gan, blogak, foroak eta dokumentu biltegiak sortzeko aukerea izango dabe.
Bestalde, gaurtik aurrera eta Euskerazko Wikipedia sustatzeko helburuagaz, 'Iñaki Ugarteburu Saria' komunidadea jarri dau martxan Azkue Fundazinoak Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeagaz batera. Gainera, ekimen honetako laguntzaileen artean Euskerazko Wikipedia, Udako Euskal Unibersidadea, EHU/UPV, eta Deustuko Unibersidadea dagoz.
Ekimenaren helburua, osasungintza arloko testuak (sarrerak) euskerazko Wikipedian ugaritzea da. Horretarako, Wikipedia lehiaketa bat antolatu da eta parte hartzeko betebeharreko baldintzak osasungintzako ikaslea izatea eta partaidetza indibiduala izatea dira. Izena emoteko epea zezeilaren 26tik aurrera zabalik egongo da eta ekarpenak aurkezteko epea 2010ko martiaren 31n, gauerdian, amaituko da. Lehiaketeari buruzko informazino gehiago wikiplaza.azkuefundazioa.org wikigunean topau zeinkie.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!