Nazinoarteko 66 upategi batuko dira martiaren 13an Durango Ardao Saltsan azokan

Bizkaie! 2010-02-26 09:59   Jan edanak

Durango Ardao Saltsan azokearen helburua da kontsumitzaileei delicatessen elikagaiak eta Euskal Herriko, Galiziako, Espainiako, Alemaniako, Frantziako edota Italiako upategirik garrantzitsuenetako ardaoak ezagutarazotea.

Durangoko Landako Guneak eta Saltsan Catering enpreseak III. Durango Ardao Saltsan azokea antolatu dabe martiaren 13rako, eta aurten herrialde desbardinetako 66 upategi batzea lortu dabe. 'Delicatessenaren paradisua' izango dan hitzordua 11:00etatik 15:00etara egongo da zabalik goizez, eta 17:00etatik 21:00etara arratsaldez, antolatzaileek jakinarazo dabenez.

Ardaoaz gan, ardaoaren eta gastronomiaren hitzordu honetan bestelako produktuak be aurkeztuko ditue, besteak beste, orioa, urdaiazpiko iberikoa, ahatea eta haren produktu eratorriak, izokin keztatua, kafea eta ura. Sarrerearen prezioa 12 eurokoa izango da eta horregaz bisitariak ardaoa eta bestelako hainbat produktu probetako aukerea izango dau. Horrezaz gan, bisitariek ardaoa probetako kopa bat, triptiko informatibo bat eta azokearen dendan erakusgai egongo diran produktuak erosi ahal izateko eskari-orri bat jasoko dabe.

Durango Ardao Saltsan azokearen helburua da kontsumitzaileei delicatessen elikagaiak eta Euskal Herriko, Galiziako, Espainiako, Alemaniako, Frantziako edota Italiako upategirik garrantzitsuenetako ardaoak ezagutarazotea.

Aitatu 66 upategiez gan, delicatessen produktuak be erakusgai egongo dira, berbarako, Valderrama orioa, Cordobako Sierra Morena urdaiazpikoa, La Tostadora kafeak, Karmelo Toja antxoak, Gironako Imperia ahateak eta haren eratorriak, Mungiako Keia izokin eta hegaluze keztatuak, Salinas mantekadak eta kabiarra. Bestetik, Catering Saltsan txikizkako sukaldaritzaz arduratuko da.

Azokara hurreratzen diranek ardaoa, kafea eta orioa probetan ikasteko aukerea izango dabe. 'Ferian ardaoa, txikizkako sukaldaritzea, delicatessena, orioak, kafeak eta upelgintzea alkartzen dira baina beste ferietatik desbardintzen dauen ezaugarri nagusia kalidadea da', azaldu dabe antolatzaileek.

Ekitaldiak BBK, Durangoko Udala, La Tostadora Kafeak, Gaursa Autoak, Eusko Label eta Fagor erakundeen laguntzinoa dauka, baita Bitácora Gráfica, Aguas San Pellegrino, Escuvin, Bodegas Arane, Vinos Singulares eta Gran Hotel Domineren lankidetzea be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu