III. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia Donostian

Bizkaie! 2010-02-24 13:10   Euskerea berbagai

Jardunaldia hausnarketa teorikoan eta maila aplikatuan euskalgintzan dabilzanei zuzentzen jake eta ikerlarien, unibersidadeko irakasleen, eta ikastetxeetan, lan munduan eta administrazinoan euskerearen normalkuntzan dabilzanen topagune izatea dau helburu.

Soziolinguistika Klusterrak Donostiako Miramon Kuxaespazioan, zezeilaren 26an, egingo dan III. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia antolatu dau. Jardunaldiaren harrera-ekitaldia goizeko 9:00etan izango da eta bertan izango dira Maria Jesus Aranburu, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskera Diputatua, Carlos Ruiz, Kutxako Gizarte Alorretako eta Komunikazino Zuzendaria eta Iker Martinez de Lagos Soziolinguistika Klusterreko Lehendakaria.

Jardunaldia hausnarketa teorikoan eta maila aplikatuan euskalgintzan dabilzanei zuzentzen jake eta ikerlarien, unibersidadeko irakasleen, eta ikastetxeetan, lan munduan eta administrazinoan euskerearen normalkuntzan dabilzanen topagune izatea dau helburu. Horretarako, hitzaldi eta tailerrak egingo dira, eskura dagozan datuak konpartidu, horreen inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko. Ondoko galderak hartuko dira abaipuntutzat:
• Zergaitik berba egiten dabe gazte horreek euskeraz? Eta beste horreek gaztelaniaz? Ez al dabe gogorik? Ba al dakite?
• Plangintzetan aldaketak eragin nahi doguzanean, ba al dakigu non jarri gure ahaleginak? Ezagutza-mailako aurrerapenek, zein kasutan eragiten ditue erabilera-mailako aldaketak?
• Zerk bereizten ditu Nafarroako, Iparraldeko eta Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hizkuntza-jarrerak?

Hizkuntzakazko jarrerak eta jokaerak eta hizkuntzen erabilerea izango dira gai nagusi, beraz. Mekanismo konplexu horreen inguruko datu, eretxi eta bestelakoei zabalduko deutse atea Jardunaldiko lehen mahai-inguruak: Euskereagazko jarreretatik erabilerara. Mahai berean izango doguz Erramun Baxok (EEP), Iñaki Martinez de Luna (EHU) eta Pablo Sotes (NUP), Belen Urangaren galderei erantzuten.

Ondoren, Soziolinguistika Klusterrak aurrera eroandako bi proiektu aurkeztu eta landuko dira. Bi tailer egongo dira horretarako, aukeran: Hizkuntza-ohituren aldaketak: gako teorikoetatik egoera errealetara, Pello Jauregi (HUHEZI, Mondragon Unibersidaaea) eta Pablo Suberbiolaren eskutik (Soziolinguistika Klusterra) eta Gazteen erabilerearen korapiloa begi-bistan Jaime Altuna (Urtxintxa Eskola) eta Asier Basurtok azalduta (Soziolinguistika Klusterra).

Bestetik, Esti Amorrorturen berbaldia izango da: bera da 2009an argia ikusi eban lan mamitsu baten egileetako bat: Erdaldunen euskereagazko aurreretxiak eta jarrerak. Bere hitzaldian emongo ditu ezagutzera lanaren ondorioak.

Lan barri gehiago ezagutzeko aukerea be emongo dau III. Jardunaldiak, bertan banatuko baitira 2009. urteko Hausnartu Sariak. Lehen lan saritua bertan aurkeztuko dau bere egileak, Dabid Anaut euskera teknikariak. Leitzako bilakaerea eta egungo egoera soziolinguistikoari buruz egin dauen azterketak ikuspegi berezia dauka; barritzailea alor honetan. Soziolinguistikan ohikoak diran datu-taula, frekuentzia, ehuneko eta abarretatik distantzia bat hartuta, Anautek angelu desbardinetatik errealidadeari 'argazkiak' egin deutsoz, beste udalerri batzuen azterketarako inspirazino-iturri izan daitekeen proposamen bat eskainiz. Lan hau kaleratu barri da BAT aldizkariko 74. zenbakian, bigarren eta hirugarren sarituen lanakaz batera.

Ikuspegiak, ikerketak eta ahotsak, beraz. Guztiak soziolinguistikearen ingurukoak, eta gehien-gehienak euskerearen soziolinguistikearen ingurukoak. Baina ez danak; aurreko bi Jardunaldietan legez, aurten be konbidatu berezi bat izango dogu. Aurtengoa Madrildik dator, eta bertako Unibersidade Autonomoan da irakasle: Juan Carlos Moreno Cabrera jauna, hain zuzen. Hizkuntzen gaineko ideologiez, bardintasunaz edo aurreretxiez irakurri izan dabenek ezagutuko dabe, segurutik, linguista eta soziolinguista honen lana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu