Bidaiatu trenez Interneti esker

Gotzon Plaza Informatikoa 2010-02-24 10:28

Zoragarria izango litzateke ibilbide luzeko trenetan bidaiatzea. Orain, Interneti esker, Transiberianoan bidaia 'birtuala' egin daiteke. Ez da gauza bera izango, ezta pentsau be, baina egon badago webgune bat eta hor Transiberianoko bidaiaren 150 ordu grabauta topauko dozuez.

Trenean egiten doguzan bidaiek badaukie holako xarma berezi bat, behintzat trenzaleak bagara. Ez dakit zer dan, baina hegazkinean zein autoan ibiltea baino erakargarriagoa da askorentzat trenez bidaiatzea.

Eta zer esanik ez, bidaia sasoi bateko trenetan egiten badogu: energia-iturri moduan ikatza eta lurruna erabilten eben trenak dira politenak. Bizkaian badago horrelako bat, Enkarterri haranetik turismoa egiteko aukerea emoten deuskuna, ibilbide bigaz: Bilbotik urten eta Karrantzaraino ('Naturaren trena' izenekoa) eta Bilbotik Balmasedaraino ('Historiaren trena'). Gipuzkoara joaten bagara, Azpeitin badago Urolako tren zaharrean horrelako txangotxoak egiteko aukerea.

Baina, duda barik, trenzale gehientsuentzat egon badagoz tren mitikoak: Orient Express eta Transiberianoa, kasurako. Zoritxarrez, lehenengoak bere azken bidaia orain dala bi urte egin eban, Parisetik urten eta Istambuleraino, Viena, Budapest, Belgrado eta Sofia urietatik pasatuz. Trenaren historian, ibilbideak aldaketak izan zituan eta, egoera politikoak bultzatuta, Milan eta Venezia be izan ziran tren horren geltokiak. Baina Bigarren Mundu Gerrearen ostean beherakada makala izan eban. Dana dala, zenbat nobela eta pelikula oinarritu diran tren horretan! Agatha Christie eta Hercules Poirot detektibearen izenak tren horri lotuta dagoz.

Beste trenak, Transiberianoak, beharbada ez dau izango Orient Express-aren mailarik. Ez dago lujuzko bagoirik ezta hainbeste literatura, baina, halanda be, zaletuentzat zeozer berezia dauka. Moskutik urten eta Vladivostock-eraino dagozan 9.288 kilometroak egin ondoren, Errusia ia osoa punta batetik besteraino egiteko aukerea emoten deusku. Hori bai, bidaiak zortzi egun eta zazpi gau irauten ditu.

Zoragarria izango litzateke horrelako trenetan bidaiaren bat egitea. Orain, Interneti esker, Transiberianoan bidaia 'birtuala' egin daiteke. Ez da gauza bera izango, ezta pentsau be, baina egon badago webgune bat eta hor Transiberianoko bidaiaren 150 ordu grabauta topauko dozuez.

YouTube-ri esker, treneko lehiatilatik zer ikusten dan jakingo dogu helbide horretan. Ez dago konparatzerik trenean joateagaz, baina gogoa izan ezkero (eta denporea!), Errusiako zelai zabalak, ibaiak eta mendiak ikusiko doguz. Gure esku dagoz bidaia horretako berrogeiren bat etapa eta orduak eta orduak emon zeinkez leihotik begira.

Bidaian zehar, trenaren gurpilen soinu erritmikoa edota Errusiako irratsaioren bat entzungai izango doguz, baita balalaikaren musikea be, bertako 'giroan' sar gaitezan.

Horregaz batera, Google Maps zerbitzuagaz loturea daukagu, mapak eta herrien ganeko informazinoa jasoteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu