Jokin Oregi: 'antzerkia sortzaile batentzako paradisua da'
2010-02-19 14:13 BarriketanEskulturgile sentiduten da Jokin Oregi (Soraluze, 1970) antzerki proiektu barri bakotxaren aurrean. Irudimena askatu eta istorioa asmetan eta eratzen disfrutetan dau idazle eta antzerkigile honek. Noizbehinkako aktorea, sormen lana gustetan jako eta sari bat baino gehiago lortu ditu, horreen artean FETEN Europar Antzerki Azokakoa. Oraintsu, Jokin Oregiren hiru obra estreinau dira taulan: Gorakadaren 'La última aventura de Julio Verne', Pikor taldearen 'XL Town' eta Marie de Jongh-en 'Robot maitea'. Azken honetan, gainera, zuzendari lana egin dau.
1.- Kazetaritza ikasi ostean, zelan heldu zinan antzerkira? Zeren bila zenbiltzan?
Beti izan dodaz gustoko sormena landu eta garatzen daben alorrak. Edozelakoak. Idazteko gogo eta plazerragaz lotzen neban kazetaritza garai batean, besterik ezean horixe zalako idazle saltsetatik hurren egoan aukerea. Gidoigileentzako eskolarik egon izan balitz, han egingo neukezan ikasketak. Kazetaritzeak baina, ez eban asetu nere sormenerako grina edo pasinoa. Basaurin Antzerki eskolea egoala jakin genduan eta hantxe hasi ginan jo eta su, kazetaritza egiten genduan bitartean. Antzerkiak guztiz atrapau ninduan. Antzerkia sortzaile batentzako paradisua da, norberaren gaitasun artistikoak garatzeko aukerea emoten deutsun uniberso txikia, gertukoa. Antzerkian ibilteak badauka eskulturgile baten lanagaz zerikusi handia. Eskulturgilea bere tailerrean sartzen dan modu berean sartzen naz ni edozelako antzerki proiektutan.
2.- Ez dozu inoiz kazetari lanik egin? Kazetaritzan zer egin nahi izango zeunke?
ETBn bekadun sartu nintzan eta han jardun neban urtebetez lanean. Gero erreportero lanak be egin nituan. Baina, antzerkiko ikasketak amaitu barik nituan eta antzerkiari emon neutsan lehentasuna. Handik urte batzutara barriro be telebistan ibilitakaa naz, Pausokaren eskutik, ikasle gazteentzako Ikusgela saioan, aurkezle eta kazetari lanetan.
Zer egin nahiko neuken kazetaritzan? Galdera potoloegia da bi hitzetan erantzuteko. Ustel kiratsa dario kazetaritzeari aspaldion, pentsamendua prentsa-tu nahian dabilz. Botereak azkenean usteldu egiten zaituela esan ohi da, ba hara, prentsa ez al da 4. boterea?
3.- Antzerkian estreinau barri dozuz umeentzako bi obra, egun berean gainera. Hor amaitzen dira bion arteko amankomuneko elementuak?
Egia autortu behar badot, hiru obra izan dira. Bi Bizkaian eta hirugarrena Araban, Pikor taldeagaz. Umeei zuzendutakoak Bizkaikoak eta helduendakoa Araban. Azken hau Setem GKE egiten ari dan kanpaina baten barruan kokatzen da eta 'XL Town' dauka izenburua. Eta ez dot uste amankomuneko elementu asko dabeneik, nere lana ahalik eta hobeto egiten saiatu nazela guztietan, beharbada.
4.- 'Robot Maitea' antzezlanean ez dago berbarik, Marie de Jongh zeuk sortutako taldearen aurreko obran bezela. Erronka handia da umeei zuzenduta dagoan obra batean testurik ez erabiltea?
Berbarik ez dagoan arren testua badala esan geinke. Narrazinoak egitura bat behar dauelako dinot, elementu oso definituak. Umeei zuzendutako antzerkia egitea da erronkea berez, berbarik ez erabilteak bere alde onak eta txarrak ditu. Berbeak asko erraztuko leuskit lana hainbatian, baina berba barik jardutean sortzen dan magia ikutua galduko geunke. Adibide bat jarriko dot. Argazki bat zuri-baltzean ikusten dogunean, faltan hartu geinkez koloreak, baina ezingo dogu ukatu zuri-baltzeko argazkiek daben berezko xarma edo enkantua, ezta?
5.- Zer sinbolizetan dabe robotek zure lan horretan?
Gizakiei buruz berba egin nahi dot lan honetan, umeak jaubetu daitezan zer diran, zeintzuk diran gure ezaugarri nagusietako batzuk. Robota hotza da, bizirik bakoa. Emoiotzazuz ume bati pilakaz dabillen katu bat eta benetako beste bat. Ia bietatik zein aukeratzen dauen. Zer dago aukera horren oinarrian? Gizakiei buruz berba egiteko gizaki ez dan beste pertsonaia bat behar neban, kontrastearen bidez hausnarketea pizteko.
6.- Zer izan da gatxena obra hori taularatzerakoan?
Gaia potoloegia da modurik zuzenenean, erakargarrienean eta dibertigarrienean kontetako. Egiturea zelan osotu, zeri emon garrantzia, zeri ez… Hortxe izan dodaz buruhausterik handienak. Ganarakoakaz oso pozik nago. Basauriko Social Antzokian egin dogu lanaren parte handiena eta gustora egon gara han.
7.- Egin daigun berba orain Gorakadak estreinau dauen zure beste obra horretaz, 'La última aventura de Julio Verne'. Zelakoa da eta zer kontetan da bertan?
Nik testua idatzi neutsen, bada, obrea nirea dala esatea larregi dala eristen deutsat. Obrea burutzeko antzerkian jokatzen daben elementu guztiak ondo txertatu behar dira, testua elementu bat besterik ez da, inportantzia handia daukana, duda barik. Horretan lanean Jules Verne bera da protagonistea. Jules dagoeneko aguretuta ikusten dogu, bere azken eleberria idazten. Baina zahartzaroko ajeek ez deutse lagaten berak nahi dauen moduan lan egiten eta neskamiaren laguntzaz burutuko dau istorioa. Oso pozik nago lan horregaz, Gorakadakoek lan bikaina egin dabe.
8.- Umeentzako antzerkia idazten duzunean kontu handia ipinten duzu gurasoen gustukoa be izateko. Zelan lortu hori?
Jakina. Umeak ez dira antzokira bakarrik etorten. Eurekaz beti etorriko da aita, ama edo bestelako helduren bat. Guztiak atrapauko dituan istorioa kontetea da helburua, erronkea. Guraso eta seme alabak istorio bera ikusten ari dirala aldi berian hunkitzeak, barre danek batera egiteak, guraso eta seme-alaben arteko hartu-emonak sendotzen ditu, sozializazinorako elementu indartsua da emozinotik heltzen dalako mezua. Gainera ezin doguz ahaztu pare bat gauza: batetik, umeak guk uste baino helduagoak eta azkarragoak dirala, eta bestetik, helduak uste baino umeagoak garela.
9.- Zergaitik idazten dozuz hainbeste obra umeentzat? Aita zara? Umeakaz egoten zara askotan?
Antzerkiak aukera parebakoa eskeintzen deusku informazinoa-kulturea txikienakaz konpartiduteko. Antzerkia, finean, jolasa da eta gu ere jolasten ikusten gaitue, pertzepzino horrek asko errazten dau feed-backa. Konpartidutearen kontzeptua oso inportantea dala pentsetan dot. Familan esaterako, aititek, amamek, gurasoek, izeko eta osabek euren bizi jakituria helarazoten deutsee txikienei, istorioen bitartez, askotan. Eurekaz konpartiduten ditue bizipen horreek eta umeek euren uniberso propioan txertatuko ditue hain gertuko sentiduten dituen istorioak eta norberaren identidadearen parte bihurtuko dira.
Aita naiz bai, baina nere lana ume danei zuzendutakoa da, danakaz konpartidu nahi dodaz nire istorioak.
10.- Antzerkia egiteaz gan, telebistan gidoilari lana be egiten dozu. Bata da pasinoa, bestea ogibidea, edo zelan planteetan dozu?
Biak dodaz gustoko, bietan ikasi dot asko eta ikasitako horrek balio izan deust alor bakotxeko lana aberatsago egiten.
11.- Zinemak ez zaitu erakarten? Noizko pelikula bat?
Zinea, antzerkia, zuendaritzea, gidoiak… Lehen esan deutsudanez, beti izan dodaz gustoko sormena landu eta garatzen daben alorrak. Zinea horreetako beste bat da, ez deutsat bizkarrik emongo. Baina, neretzako kontetako zeozer eukitea da inportanteena. Istorioa. Mamia. Istorio on bat asmauko baneu eta konturatuko banintz zinea dala kontetako biderik aproposena, filma idatziko neuke, zergaitik ez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!