Aurten be, Esne-Bildotsaren Jaia ospatuko da Bilbon

Bizkaie! 2010-02-19 13:15   Jan edanak

Goizeko 9:30ean, Carlos Ibarrondo aditua Bizkaiko produktoreek ekarritako 40 esne-bildotsak burduntzian erreten hasiko da Plaza Barrian. Ondoren, 1.500 pintxo eskainiko dira 12:30etik aurrera. Pintxoak euro batean egongo dira salgai eta jasotako dirua Caritas erakundeari emongo jako.

'Kalitatea Fundazinoa' dalakoak Eusko Labela dauen Esne-Bildotsaren Jaia ospatuko dau bihar, zezeilak 20, Bilboko Plaza Barrian, Bizkaiko Foru Aldundiko Nekazaritzaren Sailaren, Bilboko Udalaren, BBKren eta Alde Zaharreko Merkatarien Alkartearen laguntzinoagaz. Ekimenaren helburua produktua sustatzea, bere ezaugarriak jakinarazotea eta Bizkaiko artzainak babestea da.

Antolatzaileek azaldu dabenez, goizeko 9:30ean, Carlos Ibarrondo aditua Bizkaiko produktoreek ekarritako 40 esne-bildotsak burduntzian erreten hasiko da. Ondoren, 1.500 pintxo eskainiko dira 12:30etik aurrera. Pintxoak euro batean egongo dira salgai eta jasotako dirua Caritas erakundeari emongo jako.

Dastaketa-gunearen ondoan, Bizkaiko produktuak salduko diran nekazaritza-azoka txikia be izango da. Bertan egongo dira Lea Artibaiko sagardaoa, Basalbeiti txakolina, Florencio Txurrukaren gaztaia eta Maite Leanizbarrutiaren ogia, besteak beste.

Benetako Eusko Labela dauen esne-bildotsa zemendia eta maiatza arteko produktua da, % 100 naturala, eta 'Latxa' eta 'Karrantza' arrazetakoa. Bere amaren esnea besterik ez dau hartzen bildotsak eta hiru edota bost aste dituanean sakrifiketan da. Holan lortzen da okela mamitsua.

Produktua kontrolpean dago bere fase guztietan: baimendutako artzainen erregistroagaz, bildots bakotxaren identifikazinoagaz eta elikadurearen eta jatorri geografiko eta genetikoaren kontrolagaz. Hiltegian, teknikari adituek hilketa-lanak kontroletan ditue eta aukeraketa zorrotza egiten dabe.

Produktuaren arautegian agiri diran kalidade ezaugarriak beteten dituen bildotsei baino ez Eusko Labela jarrita. Eusko Labela dauen esne-bildotsak lau kontrol etiketa daroa, bakotxa lauren batean, Eusko Label logotipoagaz, hilketearen dateagaz eta hiltegiaren izenagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu