Lan eskaintza publikoetan euskerearen balioa gitxitzeko eskatu dau EAEko Legebiltzarrak

Bizkaie! 2010-02-12 13:44   Euskerea berbagai

Etorkizuneko lan eskaintza publikoetan euskeraren ezagutza mailearen pisua gitxitzea gura dabe PSE-EEk eta PPk, eta Eusko Jaurlaritzeari horretara bideratutako eskaerea egin deutse, EAEko Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamenagaz.

Hizkuntza eskakizunak berraztertzeko Eusko Jaurlaritzeari zuzendutako legez besteko proposamena onartu barri dabe (2010-2-11) Gasteizko Legebiltzarrean, PSE-EE eta PPren aldeko botoakaz.

Etorkizuneko lan eskaintza publikoetan euskeraren ezagutza mailearen pisua gitxitzea gura dabe PSE-EEk eta PPk, eta Eusko Jaurlaritzeari horretara bideratutako eskaerea egin deutse, EAEko Legebiltzarrean onartutako legez besteko proposamenagaz. Bi alderdion aldeko botoakaz egin eban aurrera proposamenak; EAJk, Aralarrek eta EBk kontrako botoak emon zituen eta UPyD abstenidu egin zan. Hain zuzen be, UPyDko Gorka Maneirok aurkeztutako ekimen baten ondorioz landu eben gaia atzoko bilkuran; hizkuntza eskakizunak berraztertzeaz gan, neurri hori zehaztu arte lan eskaintza publikorik ez egitea eskatzen eban UPyDk. Oinarrizko eskaera horren zuzenketea izan zan azkenean onartu ebena, sozialistek eta popularrek adostutakoa.


'Baldintza berberen printzipioa'

Jaurlaritzak eskaintzen dituan lanpostu publikoetan 'baldintza berberen printzipioa' bermatzearen garrantzia azpimarratu dabe PSE-EEk eta PPk atzo onartutako proposamenean. Lan eskaintza publikoetako zerrendetan ezarten diran hizkuntza eskubideen 'egokitasuna' berraztertzeko eskatu deutse Jaurlaritzeari alderdi horreek. 'Egokitasuna' baloretako, barriz, hainbat erispide izan beharko ditu kontuan Jaurlaritzeak, besteak beste 'zerbitzuaren beharrak, leku bakotxeko eskaria eta administrazino publikoakaz EAEko hizkuntza ofizial bietako batean zein bestean aritzeko eskubidea bermatzeko beharra'.


'Neurri atzerakoia' eta 'egungo egoerea'

Atzokoan kontrako botoa emon eben hiru alderdietako ordezkariek -EAJ, Aralar eta EB; EAko ordezkaria ez zan izan eztabaidan. PSE-EEri PPren betiko amesetara makurtzea leporatu eutsen EAJtik. Ana Otadui legebiltzarkidearen esanetan, 'neurri atzerakoia da PPk eskatzen ebana eta orain PSEgaz batera eskatzen dauena'. Orain arte be lanpostu publikoetarako hizkuntza eskakizunak 'zerbitzuearen beharren arabera' administrazinoagaz euskeraz zein gaztelaniaz hartu-emonak izateko eskubidea kontuan izanda ezarri izan dirala gogoratu eban Otaduik. Aralar alderdiko Mikel Basabek be leporatu eutsen sozialistei PPren jokoan sartzea, euskerea 'gatazka eremu' bihurtuz, eta EBk eta EAk be gogor kritikau eben eskaerea.

Sozialistek eta popularrek, barriz, administrazinoaren euskalduntzea erkidego autonomoaren errealidade soziolinguistikora egokitu beharra defendidu eben. Vicente Reyes legebiltzarkide sozialistearen esanetan, 'ez deutsagu guzurrik esan behar geure buruari normalizazino prozesuaz berba egiten dogunean'; bere ustez, Legebiltzarrean onartutako azken proposamen horrek administrazino publikoaren euskalduntzea 'egungo egoerara' egokitzen lagunduko dau. PPko Laura Garridok, barriz, 'euskearearen erabilerea bermatu behar' dala esan eban, 'baina ez edozelan'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu