Patxi Suarez: 'hizkuntzea da integrazinorako traba nagusienetakoa'
2010-02-12 11:46 BarriketanOrain bost urte Txinako ume bat alabatzat hartu eta hor sortu jakon Patxiri Txinagazko maitasuna. Ordutik lan handia egiten dago Txina eta Euskal Herriaren arteko zubiak eregiten, interkulturalidadea bultzatzen. Zubiaqiao, Txina eta Euskal Herria alkartzeko asmoz sortutako alkartea be martxan dauka eta zezeilaren 14ko Urtebarri Txinatarraren hasierako ospakizunakaz bat eginik, Bilbon antolatutakoen barri be eskatu deutsagu ondoko alkarrizketan.
1.- Nondik nora sortu jatzun Euskal Herritik 10.000 kilometrora dagoan Txinagazko interesa eta pasinoa?
Oro har, kulturakazko zaletasuna aspalditik jatort. Edozelan be, feng shui (haizea eta ura) arte-zientziagaz denporatxua da maitemindu nintzala, energia unibersala edota chi edo ki korrontea gure mesederako erabiltea da oinarria, inguruak gure bizitzan eragiten dauela sinistuta. Horrezaz gan, tai chi praktiketan be aspaldi hasi nintzan, jatorriz burruka-artea, kontzientziaren eta gorputzaren mobimentuaren arteko batasunari eutsiz, norberaren harmoniari eta lasaitasunari eragiten deutsien mobimentu eta ariketa multzoa.
Dana dala, Txinako ume bat alabatzat hartu nebanean suspertu jatan Txinagazko pasinoa, ia-ia gaixotasun bihurtzeraino.
2.- Interkulturalidadea eta zubiak eregitea dira zure burukominak. Esangura horretan, Zubiaqiao, Txina eta Euskal Herria Alkartasun Zubia alkartea martxan dozu...
Bai. Hasierako ideia webgune bat sortzea izan zan baina ezertan hasi aurretik, alkartea legalizau behar nebala izan zan lagun baten gomendioa eta hortik jo neban. Bategaz eta besteagaz berba eginez, azkenean Bilboko Alde Zaharrean denda bat daukan txinatar bategaz, Fu Kang-egaz (gaztelaniaz oso ondo egiten dau eta euskerea ikasten dabil) topo egin eta beragaz eta bere arrebeagaz hasi ginan beharrean. Laster ideia eta taldea zabaltzeari ekin geuntsan eta Mungiatik beste txinatar bat batu jakun eta hor hasi ginan serio, batzarrak egiten eta alkarteari formea emoten.
Legalizau ostean, zortzi bat lagun ginan eta egun, beste fase batean gagoz.
3.- Zeintzuk dira Zubiaqiao alkartearen egitekoak eta helburuak?
Funtsean, bi dira helburuak: batetik, txinatarrei azaldu gura deutsegu zer dan Euskal Herria eta ze egoera topauko daben hemen. Bestetik, Euskal herritarrei ezagutarazo gura deutsegu zer dan benetako Txina eta zelakoak diran txinatarrak, zelakoa dan euren kulturea eta euren errealidadea ezelako filtro barik.
4.- Zabal dabilen eretxia da gurera datozen txinatarrak ez dirala integretan eta eurenari baino ez deutsiela jaramon egiten. Zein da zure eretxia?
Egia da gizartean normaltasunez sartzea kostetan jakela baina oinarrian ez dago txinatarren jarrera zarratua, hizkuntzarena da arazo handiena.
Pentsaizu Beiging erdialdeko kale batean agertu eta zer sentiduko geunkean. Duda barik, hizkuntzea da integrazinorako traba nagusienetakoa.
Norberaren gogoa, interesa dagoz hor jokoan eta gurera etorrita, danetariko txinatarrak dagoz, ahalegina egiten dabenak, ezelako pausurik emoten ez dabenak edota bertoko jenteagaz nahastau eta familiak osotzen dituenak. Alkarteko kide batek, mungiarra, txinerazko eskolak emoten ditu eta bere seme-alabak ikastolara eroaten ditu eta euskaldun peto-petoak dira. Familia osoa daukie hemen, aitite-amumak eta.
5.- Zezeilaren 14an ospatzen da Urtebarri Txinatarra, tigrearen urteari hasierea emongo deutsona, 2011ko zezeilaren 2ra arte. Eta Bilbon be aukerea izango da ospakizun horreekaz bat egiteko...
Bai. Aurreko urteetan Euskadiko txinatarren Alkarteak antolatu izan ditu ekitaldiak baina gero etena egon da. Edozelan be, ohitureari eustearren, beste alkarte batek, Bilbon egoitzea daukan Lu Xun, Txinatar Ikasketen Zentroaren ekinbidez, guk geuk be eurekaz bat egin dogu eta makinatxu bat ekitaldi dagoz antolatuta domekarako Bilbon. Jai eguna ez eze, ume zein nagusientzako tailerrak (idazketa txinatarra, jokoak, eskulanak, ipuinak...) be iragarri ditue, bazkaria be egongo da eta abar. Indautxun izango da hitzordua goizeko 11:00etatik aurrera. Danak zagoze konbidatuta.
6.- Tigrearen urtea da aurten. Nondik dator animalien kontu hori?
Kontu edo ipuin bat dago animalien kontu honen oinarrian. Antza Jaun Gorenak lasterketa edo lehiaketa moduko bat antolatu eban bere kobazulora ze animalia heltzen zan lehenengo ikusteko. Kontua da ze, irabazlea arratoia izan zala, gero idia heldu zan eta hirugarren, barriz, tigrea. Gero, jakina, Txina oso handia da eta istorio eta ohitura sano desbardinak dagoz mutur batetik bestera.
7.- Txina mundu mailan potentzia handia da ekonomia arloan eta munduan bigarren hizkuntza erabiliena da txinera (%18,9) inglesaren (%29'4) atzetik...
Kultura eta gizarte mailan be indar handiko herrialdea dala gehituko neukizu eta hori da gure beste helburu bat, hau da, jenteari ezagutarazotea euskaldunek sasoi batean ameriketara jo baeben bizimodu hobearen bila euren hizkuntza eta kultureagaz, orain, barriz, gero eta gehiago dira Txinara doazenak eta, arlo horretan, alkartearen arduretako bat da zubi lana egitea, txinera ikastearen aldeko lana eginaz, Txinako gorabeherei buruzko informazinoa zabalduz eta abar. Aurten, Shanghain egingo da Expo Unibersala maiatzean eta Bilbok aparteko protagonismoa izango dau han. Duda barik, hitzordu interesgarria izango da txinatarrak gu ezagutzeko.
Beste alde batetik, segurutik jakingo dozue baina Asiako lehenengoa izan zan Shanghaiko Euskal Etxea, 2004an ateak zabaldu zituana eta gaur egun badira beste topaleku batzuk hor zehar, berbarako, Tokyon. Jente euskalduna Asian badabilela eta ekitaldiak antolatzen dituela erakusteko, jakingo dozuenez, Korrika saio txikiak egiten dira Beigingen eta Shanghain ez eze, baita Hong Kongen be.
Hizkuntzeari jagokonez, mundu globalizatu honetan eta urtetik urtera Txinako ekonomia hartzen ari dan indarraz jaubeturik, inglesaz aparte txinera izan daiteke bihar-etziko hizkuntza garrantzitsuenetakoa. Datu legez esango deutsut badirala Bilbon leku bat baino gehiago txinera erakusten dabenak eta zeozelako eskaria badagoala egon.
8.- Filosofia taoisteagaz bat egiten dozu...
Nire ibilbidean pausu logikoa izan da. Kristo aurretik laugarren mendean edo, Lao Tse, filosofo txinatar eta taoismoaren sortzaileak 'Tao te ching' izeneko liburua idatzi eban eta gaur egun eskeratuta dago, oso oker ez banago Deustuko Unibersidadeak argitaratua. Hor dagoz zehaztasun guztiak. Zeozer esatearren, filosofia horrek natureagazko lotura handia dauka eta aparteko garrantzia emoten deutso askatasun pertsonalari, hausnarketeari.
Edozelan be, budismoa eta beste erlijino edo jarrera filosofiko asko dagoz Txinan eta ohikoa da danetatik apur bat hartzea. Gehiago esango deutsut: jesuitak han egon ziranean, kristinauak eta taoistak be ibili ziran eta egun, Espainia mailan, handik etorritako jesuita eta taoista ezagun batek, Peter Yiangek mezea emoten dau Bartzelonako katedralean.
9.- Txinera ikasi ahal dozu?
Ez. Ahaleginak egin izan dodaz eta orain itxita daukat baina barriro hasiko naz seguru. Kontua da ze edade bat daukagunontzat oso hizkuntza gatxa dala. Berbarako aditz-jokorik ez dago eta hori abantaila izan daiteke baina kontuan hartu, ahoskatzeko orduan, hogeita piku bokal dagozala eta bost tono; hori guztia biderkatu eta a zelako saltsea! Dana dala, jente gazteak ondo ikasten dau, 11 urteko ume bat ezagutzen dot eta lau hilebetegarrenean, maila apalean baino ez bada be, berbetan ikasi dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!