Eusko Jaurlaritzeak 7,2 miloe euro baino gehiago bideratuko ditu ardaoaren sustapenerako

Bizkaie! 2010-02-10 09:58   Jan edanak

Ardaoaren Batzorde Aholku-emoile sortu barrian, sektoreko hainbat eragilek ideiak emongo ditue, eta ardaoaren sektoreak zer behar dituan eta alkarregaz zer estrategia erabili behar daben esango deutsie administrazinoari.

Eusko Jaurlaritzeak gitxienez 7.204.989 euro bideratuko ditu 2011ra arte EAEko mugen barruan eta horreetatik kanpora ardaoa sustatzeko diru-laguntzinoetarako. Orain arte, 626 dira laguntzinoa jaso daben enpresak. Laguntzinoak hainbat programaren bidez emoten dira, baina bai laguntzino-kopurua eta bai diru-laguntzen zenbatekoa handiagoa izango da, oraindino ez baitira erregistrau 2010eko eta 2011rako eskaerak.

Datu horreek atzo aurkeztu zituan Gasteizen, Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak. Bertan, Rafael del Rey Ardaoaren Merkatuaren Espainiako Behatokiaren zuzendariak merkatu horren egoerearen eta jokeren gaineko diagnostiko bat egin eban.

Topaketa horretan, Arabako upategi ospetsuen eta kooperatiben 30 ordezkari inguru egon ziran, bai eta Arabako Txakolina Jatorrizko Deiturearen eta Gipuzkoako Sagardaogileen Alkartearen ordezkariak be. Jardunaldia Jaurlaritzearen egoitzan egin zan.

Amaia Barrena Eusko Jaurlaritzako Barrikuntza eta Elikagaien Industriako zuzendariak adierazo ebanez, Jaurlaritzeak EAEko mahastizaintza eta ardaogintza enpresei sustapen-ekintzetan laguntzen jarraitzeko asmoa dauka, besteak beste, diru-laguntzinoen bidez, hitzarmenak eginez, azoketara joateko edo sustapenerako materiala editetako laguntzinoa emonez.

Era berean, Ardaoaren Batzorde Aholku-emoilea sortu dala jakinarazo eban. Batzorde horretan, sektoreko hainbat eragilek ideiak emongo ditue, eta ardaoaren sektoreak zer behar dituan eta alkarregaz zer estrategia erabili behar daben esango deutsie administrazinoari.

Barrenak gogorarazo eban Elikagaien Industria eta Kalidadearen Plan Estrategikoan Sustapen Plan bat proposatzen ari dirala, eta laster egongo dala eskuragarri sailaren weborrian, Eusko Jaurlaritzeak bultzatutako sustapen-ekintzen gaineko informazinoagaz batera.

Prestakuntza-jarduerak eta sustapenerako eta I+G+B arlorako ekimen barriak be bultzatuko dira, Elikagaien Klusterrean, Barrikuntza eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzearen laguntzaz.

Barrenak azaldu ebanez, 2008an eta 2009an guztira egindako ekintzakaz -eta Mahastizaintza eta Ardaogintzearen Merkatu Antolakunde Bateratuan orain arte 2010 eta 2011rako aurreikusten diranakaz (Ardaoaren MABa)- sustapenerako 14,6 miloe euro inguru bideratuko dira. Diru-laguntzinoetan 7,2 miloe emon dira edo emongo dirala aurreikusten da. Nabarmentzekoa da ardaoaren MABa sustatzeko programea. Programa horretan, enpresek 8,7 miloe euroko gastua egin dabe, eta % 50 Europako funtsakaz pagau da.

Rafael del Reyk, barriz, Ardaoaren Behatokia aurkeztu eban. Behatokiaren helburua sektoreari informazino garrantzitsua emotea da: Estaduko eta nazinoarteko merkatuen gainekoa eta merkatuko gustuen eta eskaeren gainekoa.

Espainiako ardaoak kanpoan gehiago sustatzearen alde egin eban Behatokiaren zuzendariak, 'munduan lehenengoetarikoak baitira', eta ohartarazo eban MABa eraldatzeak eta diru-laguntzinoak murrizteak produktoreak merkatu guztietako salmenten menpekoago izatea dakarrela.

Merkatuetan ez dagoala egonkortasunik azaldu eban, eta Espainian kontsumoa ez doala goraka, ezta ostalaritzan be. Balio-katea eraginkorrago bihurtzearen alde egin eban, jatorrizko salneurrietatik hasi eta merkaturatzeko momentura arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu