Sortu eta eragin!

Oskar Zapata Solano Nafarroako Topagunea 2010-02-08 14:55

Nafarroako euskaltzaleok, gure Gobernuaren babes juridiko, politiko eta ekonomikorik barik aurrera egin behar dogu. Gainera, kontziente gara, Gobernuak hiru plano horreetan orain ukatzen dauen babesa ezinbestekoa dala, gizartearen inplikazinoagaz batera euskerearen erabateko normalizazinoa lortuko bada.

Kaguenka! amaitu genduan 2009. urtea Topagunekook, euskalgintzako beste hainbat eragilek bezela: hasarre, irainduta, nazkatuta… Hau da, toxinaz beteta. Nahikotxo hitz egin da euskerazko hedabideek merezidu ez daben tratuaz, euskeraz zein erdarazko Euskal Herri osoko hedabideetan. Hauxe da gertatu danaren gainean egin geinken irakurketa positibo bakarra: alde batetik, hainbat enterau dira existiduten garela eta nahikoa egituratuta gagozala, eta bestetik Euskarabidearen sorrereagaz Nafarroako Gobernuak egin eban distrakzino maniobrea berez jausi egin dala, agirian geratuz, Nafar Gobernuak daroan hizkuntza politika euskarafobiko, mendekatzaile eta aldeanoa ezkutatzeko, Euskarabidea erabiltea dala euren asmo bakarra, horretarako Euskarabideako zuzendaria ipurdia agirian itxi behar badau be.

Bestelakoa izan eitekean Institutua baliabidez hornidu izan balebe, baina ez. Gero alkarbizitzaz egiten deuskue berba. Nork eta gizartearen gitxiengo handi baten nahiak, eskubideak eta kulturea errespetetan ez dituanak.

Gaurkoan, barriz, ez dot gehiago hedabideen gaiaz hitz egingo, mingarria dan arren ez baita kaltetua atara dan sektore bakarra, ez horixe. Azken bi urteko aurrekontuek, euskerearen erabilerea sustatzeko ekimen guztiak kaltetzea dabe helburu: hedabideak, haur eta gazteen aisialdia, kultur programazinoa, entidadeak euskalduntzeko programak, mintzapraktika egitasmoak, herritarren sentsibilizazinorako ekimenak, euskaltegiak, irakaskuntzea... Hau da, erasoa erabatekoa da, helburu garbia dauena: euskeraz bizi nahi dogunontzako esparruak irabazteko egindako lanak ahalik eta gehien trabatzea, horretan ibilten diran eragileei diru-laguntzinoak erabat murriztuz.

Nafarroako euskaltzaleok, gure Gobernuaren babes juridiko, politiko eta ekonomikorik barik aurrera egin behar dogu. Gainera, kontziente gara, Gobernuak hiru plano horreetan orain ukatzen dauen babesa ezinbestekoa dala, gizartearen inplikazinoagaz batera euskerearen erabateko normalizazinoa lortuko bada. Egoera larria dela jakin badakigu. Horren aurrean zer? galdetu dabe hainbatek. Gure ustez, zailtasunak zailtasun bi planotan lan egin behar dogu: alde batetik sormenetik tiraka inurrien antza auzoz auzo, herriz herri antolatu, hiztun sareak osotu, erabilerarako esparruak irabazi, diru iturri barriak bilatu…. Eta, beste aldetik Nafarroako euskaltzaleon nahia ozenago entzun daiten ekimen bateratu eta jarraituak antolatu; horretarako Nafarroan gero eta euskaltzale gehiago egon gaitezen diskurtso eta ekimen erakargarriak gizarteratu, politikariekin harremanak ugaritu, botere ekonomikoarengan ahal dala eragin, kale agerpen indartsuak egin e.a.

Lehenengo egitekoari, hau da, auzoz auzo saretze lan horretan, inozokerietan jausi barik, zerbait aurreratua dogula esan geinke, ez baita alperrik urteetan euskalgintzakook langintza horretan sortutakoa: ikastolak, euskaltegiak, hedabideak, aisialdi eta kultur programak, mintzakide, komertzio eta profesionalen gidak…

Bigarren egitekoari jagokonean, Topagunea etxeko lanak egiten ari da; izan be, azken urteotan, euskerearen erabileran eragitea helburuagaz sortu diran euskera alkarte eta ia hedabide guztiak federatu baitira Topagunean. Horren ondorioz, esan geinke euskalgintzearen hanka bat Topagunearen inguruan egituratu dala eta horrek lagungarri izan behar leukela Nafarroako euskalgintzea egituratzen eta batzen. Beraz, Topagunea prest dago, euskalgintza eta Nafarroako gizarte euskaltzaleakaz diskurtso eta dinamikak adostu eta alkarlanean aritzeko.

'El Drogas'-ek esana: 'Pentseteari ixteko garaia helduko jaku hilten garenean, bitartean…'

Oharra: artikulua Iruñeko Karrikiri Alkartearen enkarguz idatzi dau Oskarrek, alkartearen Karrika buletinean argitaratzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu