Arabako Kuadrilla Arteko Bertso Txapelketea 2010

Bizkaie! 2010-02-08 14:15   Bertsolaritzea

Aurten, Arabako Bertsozale Alkarteak urteroko bertsolari txapelketea bi urtean behin egitea erabagi dau, eta tarteko urte horretan, modu herrikoi batean eta taldeka beste txapelketa bat antolatzea, bertsolaritzearen parte aktibo jente gehiago bihurtzeko, sarea handitzeko, eta erakusteko bertsolaritzea ez dala gitxi batzuen kontua.

Zer jazoko litzake Arabako Bertsozale Alkarteak AbTx, urteroko bertsolari txapelketea, bi urtean behin antolatuko baleu? Eta tarteko urte horretan taldekako txapelketa bat antolatuko baleu? Eta bertan sekula ibili ez diran bertsolari, gai-jartzaile, epaile... desbardinek parte hartuko balebe modu herrikoi eta ez hain formal batean? Eta txapelketa honen finala Printzipal antzokian egin beharrean Gasteizko Alde Zaharreko frontoian bertso bazkari forman egingo balitz, festa handi baten moduan? Eta...?

'Galdera horreek erantzun nahian, bertsolaritzearen izaera herrikoiari helduz, Araban daukagun sarea handitu guran... 2010erako Arabako Kuadrilla arteko Bertso Txapelketea antolatu dogu'.

Arabako Bertsolari Txapelketea bere laugarren garaian sartuko da 2010. urtean. 1984an lehenengo aldiz txapelketa bat antolatu zanetik aldaketa dezente jasan ditu gure egunetaraino, izena eta izana aldatu dituala esan daiteke.

'Sustraiak errotuz' izan zan 2009ko Arabako Bertsolari Txapelketako leloa, eta horixe izan da Arabako Bertsozale Alkartea sortu zanetik, eskuartean izan dogun erronkarik garrantzitsuenetako bat. Bertsolaritzea Gasteiz edo Aiara aldean bakarrik zan ezaguna. Baina gaur egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritzea ikastetxez ikastetxe, hainbat herritan bertso-eskola barriak sortu dira eta bertsolaritzearen lanketa, sustapena eta transmisinoa eskualde guztietara zabaldu da. 'Sustraiak errotu ditugu, baina hazteko garaia da orain'.

2010eko Txapelketa hau Arabako Bertsozale Alkartearen urteko apustu garrantzitsuena izango da. Alkarlanean jente multzo handi bat batzea espero da eta alkarlan honek biharko herrialdeko bertsolaritzearen oinarria sendotu eta ziurtatuko dau. 'Garai barri bat zabaltzera goaz eta ausartak izatea erabagi dogu. Txapelketa desbardina izango da, bertsolari-bertsozaleen txapelketea, guztiok gozetako txapelketa. Hauxe izango da laburbilduz 2010eko planteamendua: eskualdeka osatutako taldeetan bertsolari-bertsozaleak alkartu eta herrien eta eskualdeen arteko bertsolari txapelketea antolatu dogu'.

'Txapelketa honetan inoiz aurkeztu bako bertsolariak aurkeztea aurreikusi dogu, gai-jartzaile barriak trebatuko dira eta bertso epaile barriak sortuko dira. Ez da banakako lehiarik izango, talde eta auzo lana izango dira nagusi, eta horrek guztiak gozetako moduko festa handi bat antolatzeko aukerea emongo deusku. Bertsolaritzearen sare soziala zabalduko da bertso-eskola edo herriz herriko bertsozale taldeen auto antolaketa eta ekimenari esker. Laburbilduz, Araba bertsotan ipiniko dogu'.

Helburuak ondokoak dira: bertsozaletasuna zabaltzea; bertsogintza herrikoiaren eredua zabaltzea; bertso-eskolak bultzatzea, indartu daitezen eta aurrera egin daien; zenbait lekutan bertso-eskola edo talde barriak sortzea; herriak eta eskualdeak aktibetea; jente barria erakartea bertsogintzara, antolaketa, gai-jartzailetza eta epailetza eremura; bertsolarien eta bertso-eskolen arteko hartu-emonak bultzatzea eta baita belaunaldi desbardinen artekoa be; 2011ko Arabako Bertsolari Txapelketa txukun baten oinarria jartea; eta eskualde eta herri mailako erakunde eta alkarteakaz alkarlan bide barriak zabaltzea.

Danetara, bederatzi taldek parte hartuko dabe: AIARALDEA: talde bat; ZUIA-GORBEIALDEA: 3 talde (Aramaio, Legutio eta Urkabustaiz); LAUTADA: talde bat; GASTEIZ: 3 talde; eta ERRIOXA: talde bat.


Egutegia

- Zezeilak 19, barikua, afaria: Aramaio – Izarrako Bertso-eskola.
- Zezeilak 27, zapatua, bazkaria: Lautadako Sorginetxe – Errioxa.
- Zezeilak 27, zapatua, bazkaria: Gasteizko Aizkorak Zorroztu – Gasteizko Kakiturri-Ehari.
- Martiak 5, barikua, afaria: Aiaraldeko Altubepekoak - Lautadako Sorginetxe.
- Martiak 6, zapatua, afaria: Elosuko Iturrigorri - Aramaio.
- Martiak 12, barikua, afaria: Izarrako Bertso-eskola – Elosuko Iturrigorri.
- Martiak 13, zapatua, bazkaria: Gasteizko Kakiturri-Ehari – Gasteizko Muñoko Katuak.
- Martiak 26, barikua, afaria: Gasteizko Muñoko Katuak – Gasteiz Aizkorak Zorroztu.
- Martiak 27, zapatua, bazkaria: Errioxa – Aiaraldeko Altubepekoak.

- Apirilak 11, domekea, Zigoitiko aretoa, finalerdia.
- Apirilak 18, domekea, Araiako Andramari aretoa, finalerdia.
- Apirilak 25, domekea, Amurrioko aretoan, finalerdia.

- MaIATZAK 8, ZAPATUA, bazkaria, Gasteizko Auzolana pilotalekuan, finala.

Afariak 20:30etan hasiko dira eta bazkariak 14:00etan

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu