David Ibarra: 'popetik rockera egin dogula esango neuke, lehenagoko gure jarrera eta estilora'
2010-02-08 11:31 BarriketanArratialdetik datorren taldea da Harrobi eta oraintsu plazaratu dabe 'Harrobian indusi' izeneko bigarren diskoa. Lehenegoa, barriz, 2005eko maiatzean argitarau eben 'Moai', hain zuzen be. Biak Babel Musik etxeagaz. David Ibarra eta Iñaki Akesolo dira taldearen arimea, aspalditik alkarregaz dabilen bikotea, The Inpresentables taldean rock and roll doinuak jorratu zituen eta proiektu horri agur esan ostean, akustikoan ibili izan dira Harrobi jentaurrean azaldu aurretik. Rock & Roll-etik (The Inpresentables) akustikora (David eta Iñaki) eta brit-pop eta rock melodikora (Harrobi, Moai) jo ostean, barriro rockeroago datoz 'Harrobian indusi' izeneko diskoan. Gorabehera guztiak David Ibarrak kontau deuskuz:
1.- Harrobi taldearen musikea holan definiduko geunke: koplarik bako rock & rolla. Bat al zatoz?
Bai. Egia da. Lehenengo diskotik hona badago aldea. Popetik rockera egin dogula esango neuke, lehenagoko gure jarrera eta estilora, hain zuzen be. Brit-pop eta rock melodikoa be badago baina, besteak beste, aurreko diskoagaz ez dogulako bete-betean apurtu gura izan. Dana dala, oraingoan gitarrei aparteko garrantzia emon deutsegu, gitarrista bi daukaguz taldean eta estudioko produkzino askoz gitxiago sartu dogu, zuzenean kontzertuetan eskaintzen dogun soinua ekarri gura izan dogu diskora be eta emoitzeagaz pozik geratu gara.
2.- Boskotea zarie (David Ibarra, Iñaki Akesolo, Raul Gomez, Josu Etxebarria eta Antonio Cantero) eta honezkero denporatxua daroazue alkarregaz. Lehenengo diskotik bigarrenera nahikoa tarte zabala hartu dozue? Zergaitik?
Bai. Egia da. Gauza askogaitik hartu dogu hain tarte luzea. Lehenengo diskoa amaitu ostean, taldekide batzuk beste bide batzuk aukeratu zituen eta orduan, Iñakik eta biok talde finko, sendo bat gura genduanez, beste hiru kide topau genduzan eta zuzeneko batzuk emoten hasi ginan eta laster pentsau genduan baegoala nahikoa material disko bat grabetako. Eta egia da, hiru-lau urte joan dira konturatu barik.
3.- 'Harrobian indusi' diskoan zer kontetan dozue? Berbak zeuonak dira danak?
Lehenengo diskoan letra danak gai bati buruzkoak ziran, gatazka politiko eta sozialaren gainekoak, hain zuzen be. Oraingoan, barriz, 'Harrobian indusi' honetan, zabalago jokatu dogu, berbarako, kantu batean transplantau baten historia kontetan dogu, beste bat desamodio kantua da eta arazo sozial eta politikoak be sartu doguz. Letra edo berbatan nahikoa sakonak garela esango neuke eta inguratzen eta eragiten gaituen gaiak jorratzen doguz, dodaz esan beharko neuke, ze orain arte letra danak dira nireak.
4.- Diskoa Urdulizeko SoulSweet estudioetan grabau zenduen makinatxu bat kolaboratzaile tartean zirala...
Bai. Lehenengo diskoa be hor grabau genduan Saul Santolaria eta Carlos Velascoren produkzino lanagaz eta pozik geratu ginanez, orain be eurekaz egin dogu.
Kolaboratzaileen artean, garrantzitsuena Carlos Velasco gitarristea bera izan da; teklatuetan, barriz, hiru kantutan Gorka Iraundegi izan da eta Saul Santolariak be ahots batzuk sartu ditu. Horrezaz gan, gure bateriaz gan, beste bateria batek be jo dau.
5.- Bederatzi kantu eta bideoklip bat be grabau dozuez. Bideokliparen ideia zelan sortu zan? Non ikusi daiteke?
Kantuak Iñaki Akesolo eta bion artean egiten doguz. Geu biok sartzen gara lokalean edo edozein lekutan eta ataraten doguz akordeak, melodia, kantuen egiturea eta behin hori eginda taldeko danak batu eta konponketak eta kantuei osotasuna emoten hasten gara.
Bideokliparena burukomin handia izan da azkenean ze zorioneko bideoklipa izan da disko osoaren argitaratze eguna atzeratu dauena. Durangoko Azokarako ataratea zan asmoa baina arazo tekniko batzuk tarteko, formato kontuagaitik edo DVD irakurgailuetan ez da ikusten, ordenagailuetan bakarrik eta dana atzeratu zan. Kontua da ze kontu honegaz eta promozinoagaz trabes gabilzala eta aspaldi You Tube-ra igotekoa zan bideoa oraindino igon barik dagoala. Nozonoz ikusgai egongo da You Tuben eta abisauko deutsuegu...
Alkarrizketea egin eta astebetegarrenean, 'Maldan behera' kantuaren bideoa You Tuben dago ikusgai.
6.- Harrobi osotu baino lehen be musikan ibilitakoak zarie. Kontaiguzu zure musika ibilbidea..
Orain 20 urte pasau edo hasi nintzan ni saltsa honetan. Marranzana Arratiako taldean ekin neutsan musika ibilbideari eta pare bat urte edo egin nituan hor. Gero, Marranzanako beste bi kidegaz batera Susi Sexy izeneko beste proiektu bat abiarazo genduan, erderaz kantetan genduan, telebistan be agertu ginan eta master bat egin arren, diskoa ez zan kaleratu eta proiektua ez atzera ez aurrera geratu zan. Hortik aurrera, 1991n The Inpresentables taldeagaz hasi ginan rock rolla egiten hamar bat urte edo emon genduzan. Hor tartean ezagutu neban Iñaki Akesolo gitarristea eta ordutik, azken 14 urtetan edo alkarregaz gabiz proiektu desbardinetan. The Inpresentables desagertu eta gero, biok bakarrik pare bat urte edo hiru emon genduzan akustikoan zuzenekoak eskaintzen han, hor eta hemen. Sasoi horretan egindako kantu asko Harrobiren lehenengo diskoan agertu ziran 2005ean. Gero badakizu, arazo batzuk tarteko, oraintsu argitaratu dogu 'Harrobian indusi' diskoa.
7.- Gaur egun Harrobi taldeak non egiten ditu ensaioak?
Taldean hiru gara Arratialdekoak, Dima eta Igorrekoak eta beste biak Durangaldekoak, Durango eta Matienakoak. Gauzak holan dirala, gehienbat Durangon ensaietan dogu baina noizik behin Diman be badaukagu aukerea horretarako. Suberte handia gurea ze asko dabilz lokalik barik eta baragarri.
8.- Musika arloan Arratialdean emoten dau mobimentu lar ez dagoala. Zein da zure eretxia?
Urte txarragoak egon dira. Diman, berbarako, badagoz beste talde bi MG eta JAIK; hortik gora, Arratialdean neska batzuk be badabiz, karteletan eta ikusi dodaz, ez dakit izena baina badira proiektuak. Sasoi batean ia-ia geu baino ez genbilzan musikan baina orain susperralditxua dagoala esango neuke.
9.- 'Harrobian indusi' diskoa zuzenean aurkezten hasita zagoze. Zelako erantzuna izan dozue orain arte?
Lokal txikietan baino ez dogu jo eta jente asko egon ez arren, emoten dau kriston anbientea dagoala. Alde horretatik, pozik gabilz. Hemetik aurrera daukaguzanak ondokoak dira: zemendiaren 12an, Zornotzako 'Guria' tabernan; zemendiaren 26an, Matienako 'Vancouver' pubean; martiaren 5ean, Zarautzeko 'Marea Gora' tabernan; eta martiaren 12an, Lemoako Gaztetxean. Laster beste pare bat kontzertu konfirmauko doguz.
10.- Ze erronka dozue aurrera begira? Zenbat denpora itxaron beharko dogu Harrobi taldearen hurrengo diskorako?
(Barre algarea). Galdera ona bota dozu eh! Nik neuk baneki!!! Orain daukaguzan zuzenekoak eta uda partekoak zelan joakuzan ikusi behar da lehenengo. Oraingoz, behintzat, urte bi daroaguz alkarregaz eta, tirabirak tirabira, pozik gabilz. Gauzak ondo badoaz urte bi edo hiru beharko doguz beste lan bat plazaratzeko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!