Up in the air

Karolina Almagia 2010-02-04 17:18   Zinema kritikak

Muturreko eretxiak jaso ditu Up in the air lanak. Batzuentzat, zoragarria da; beste batzuentzat, kakazaharra. Nire ustez, ez bata, ez bestea. Egia da gustura ikusten dala eta planteamentu originala dauela, baina zorroztasuna eta umorea falta jakoz.

- Zuzendaria: Jason Reitman
- Gidoigileak: Jason Reitman eta Sheldon Turner (Walter Kirn-en eleberrian oinarrituta)
- Herrialdea: Estatu Batuak.
- Antzezleak: George Clooney, Vera Farmiga, Anna Kendrick, Jason Bateman, Tamala Jones, J.K. Simmons, Danny McBride
- Argazkia: Eric Steelberg
- Produktoreak: Paramount Pictures / Hard C / The Montecito Picture Company.
- Generoa: komedia
- Iraupena: 109 minutu.

Gracias por fumar eta Juno zuzendu ondoren, Jason Reitman Up in the air lanagaz jatorku, komedia inteligente legez aurkeztu deuskuen filma. Eta egia da gustura ikusten dala eta planteamentu originala dauela, baina zorroztasuna eta umorea falta jakoz.

Muturreko eretxiak jaso ditu Up in the air lanak. Batzuentzat, zoragarria da; beste batzuentzat, kakazaharra. Nire ustez, ez bata, ez bestea. Entretenigarria da eta nahiko hasiera ona du. George Clooney-k (ederra baino ederragoa, betiko moduan), Ryan Bihnghamen paperean, langileak kaleratzen dituan enpresa batean lan egiten dau eta horretarako munduan zehar bidaiatu behar dau behin eta barriro. Ryanek bidaiak maite ditu, ez dau gura bikoterik ezta umerik eta pozik bizi da holan. Baina sentimentu hori aldatzen doa emakume bat ezagutzen dauenean. Eszena hori, alkar ezagutzen diranekoa, aitagarria da, gidoigileek Anna Kendrick-en eta Clooney-ren artean sortzen dan kimikea alkarrizketa bategaz lortzen baitabe.

Drama soziala atzean dauen ustezko komedia honetan gorabeherak dagoz. Batzuetan, emoten dau aurreikusteko modukoa eta eztitsuegia dala, baina amaierea ez da zoriontsua eta horrek salbetan dau filma. Zentzu horretan, komedia amerikar tipikoetatik urruntzen da eta hori eskertzekoa da.

Aktoreen lana oso ona da. Vera Farmiga eta Anna Kendrick sinisgarriak dira, oso, eta George Clooney oso ondo aguantetan ditu lehenengo planoak. Bikaintasun horrek Oscar sarietarako bost izentapen eta Urrezko Globoetarako sei balio izan deutsoz filmari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu