Bakeprozesua.org, bakeaz alkarrizketarako plaza publikoa

Bizkaie! 2010-02-04 11:06

Bakea eta alkarbizitzan interesa daben pertsonek berba egin eta ekarpenak egin ahal izango ditue bakeprozesua.org blog kolaboratiboan bakea eta normalizazinoa lortze aldera lagun leikien gai orori eta helburu horreek lortzeko Lokarriren lanaren lehentasunei buruz.

Bakea eta alkarbizitzan interesa daben pertsonek berba egin eta ekarpenak egin ahal izango ditue bakeprozesua.org blog kolaboratiboan bakea eta normalizazinoa lortze aldera lagun leikien gai orori eta helburu horreek lortzeko Lokarriren lanaren lehentasunei buruz: partaidetzearen sustapena, masa sozial kritiko baten sostengua, indarkeriaren amaiera ordenatua, adiskidetzea, akordioa eta galdeketea. Adierazo gaien inguruan alkarrizketarako plaza publikoa izan nahi dau Bake prozesua blogak, ikuspuntu guztiak aintzat hartuko dituan gune plurala.

Egunero post bat argitaratuko da gitxienez. Horretarako, hiru hilean behin post bana idazteko konpromisoa hartu dabe Lokarrigaz arlo desbardinetako 100 erreferentek. Erreferente sozial, politiko eta kulturalek parte hartuko dabe blogean, bai eta gai horreek jorratzen dituen hainbat blogarik. Idatziko dabenen artean dagoz: Toti Martinez de Lezea, idazlea; Iñigo Lamarca, arartekoa; Mikel Ruiz, Caritas Bizkaiko zuzendaria; Txema Mauleon, NaBaiko zinegotzia; Fernando Pindado, Kataluniako Generalitateko Herritarren Partaidetzaren Sustapenerako Zuzendariorde Nagusia; David Barbero, kazetaria; Ana Urkiza, idazlea; Pedro Ibarra, EHUko katedraduna; Imanol Epelde, bertsolaria; Felipe Juaristi, idazlea; Igor Calzada, soziologoa; Jose Ignacio Ansorena, idazle, musikari eta pailazoa; Garbiñe Biurrun, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Aretokoa; Txema Ramirez de la Piscina, EHUko irakaslea; Sabino Ormazabal, kazetaria; eta Juanjo Alvarez, zuzenbidean katedraduna. Zerrenda hau luzatuz joango da euskal gizartearen pluralidadea ahalik eta hobeto islatzea helburu.


Gizartearen partaidetzeari zabalik dagoan bloga

Entzumen, alkarrizketa eta batzen gaituana partekatzea defendiduten dituan ideia honetatik, gure gizartearen pluralidadea errespetatuz, bakeprozesua.org blogean iruzkinak idatziz edo ekarpenak eginez parte hartzera animatzen doguz bakean eta normalizazinoan interesauta dagozan lagun guztiak.

Gaur egun gitxi dira pertsona desbardinek berba egin eta alkarri entzuteko aukerea emoten daben guneak. Hutsune horri aurre egiten hasteko ekarpen txikia izan nahi dau blogak. Bestearen azalean jartea baino ez dago alkarbizitza behar bezela eratzeko, besteak dauen egiaren zatia onartu eta batzen gaituana identifikau behar da. Esateko dauena entzutea litzateke hori lortzeko lehenengo pausua. Horregaitik, gure gizartearen etorkizuna guztion artean eregi behar dogula aintzat hartuz eta lankidetza ideia horri eutsiz, parte hartzera animetan zaituegu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu