Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain barriak izentau ditu

Bizkaie! 2010-02-02 09:18   Euskerea berbagai

Urtarrilaren 29an, Euskaltzaindiak Donostian egindako osoko batzarrean, ohorezko euskaltzain barriak izentau zituan, danetara 11: Pakita Arregi, Gorka Aulestia, Joxe Azurmendi, Luis Baraiazarra, Erramun Baxok, Martzel Etchehandy, Ana Etxaide, Joshua Fishman, Jose Angel Irigarai, Joxemari Iriondo eta Xabier Lete.

Urtarrilaren 29an,Euskaltzaindiak Donostian egindako osoko batzarrean, ohorezko euskaltzain barriak izentau zituan, danetara 11.

Jakina danez, Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izentetan ditu ohorezko euskaltzainak. Ohorezko euskaltzainen azken izentapena 2004an egin zan. Egun, 33 ohorezko euskaltzain dagoz.

Honeek dira ohorezko euskaltzain barriak:


Pakita Arregi

Areson (Nafarroa) jaioa. Hezkuntzaren Soziologiako katedraduna da Euskal Herriko Unibersidadean, Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultadean. Soziologia eta Politika Zientzietan Doktorea, Deustuko Unibersidadean. Euskera irakasle aritu zan 60ko hamarkadan Joannes Etcheberry Andereño Eskolan eta ikastegiaren zuzendaria be izan zan bederatzi urtean. Irakaskuntzan ez eze, ikerketa arloan be ibili da, eta lan ugari argitaratu ditu lanaren eta hezkuntzaren soziologia eta euskerearen alfabetatze arloetan.


Gorka Aulestia

Ondarroan (Bizkaia) jaioa. Humanidadeak, Filosofia eta Teologia ikasketak egin zituan. Literatura frantsesean eta espainiar Literaturan lizentziaduna. Kongoko Errepublikan irakasle izana, baita Estadu Batuetan be. Deustuko eta Euskal Herriko Unibersidadeetan literatura eskolak emon zituan, jubilau zan arte.


Joxe Azurmendi

Zegaman (Gipuzkoa) jaioa. Idazle eta filosofoa. EHUko Filosofia Fakultadeko Filosofia Moderno katedraduna. Jakin aldizkariaren bultzatzaileetarikoa izan zan, baita zuzendaria be, 1961etik 1963ra. Euskal saiogilerik zorrotzenetarikoa eta barritzaileenetarikoa da. Bere liburu batzuk: Hitz berdeak (poesia), Hizkuntza eta talde-nortasuna, Euskal Herria krisian, Espainolak eta euskaldunak, Ernazimentuko hizkuntz ideologiak, Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua, Volksgeist-Herri Gogoa, Espainiaren arimaz, Azken egunak Gandiagarekin.

Olerti, Anaitasuna, Egan, Anaitasuna, Larrun, Argia, Egunkaria, Ostiela! eta Egin aldizkari eta egunkarietan argitaratu ditu bere artikuluak, besteak beste. 1969an Hitz berdeak poema liburua argitaratu eban. Horrezaz ganera Arbola beltzaren poema eta Manifestu atzeratua poemakaz euskal poesiaren barrikuntzarako pausu handiak emon zituan. Manifestu atzeratua Hitz berdeak liburuaren parte bat zan, baina zentsureak galarazo eban. Gero, Olerti aldizkarian plazaratu zan.


Luiz Baraiazarra

Meñakan (Bizkaia) jaioa. Filosofia eta Teologian lizentziaduna, baita Euskal Filologian be. Karmel aldizkariaren idazle eta zuzentzaile. Lexikologia arloan egin dau lan handiena. 1988an irakaskuntzea itxi eta 'Bostak Bat' lantaldean hiztegigintzeari emon eutson dedikazino osoa. 17 urte emon zituan lanean 'Adorez' hiztegi-sortea egiteko, 'Bostak bat' taldearen barruan. Itzulpen asko egin ditu, eta bertsolaritzeagaz be lotura estua izan dau; hamar bat urtez Bizkaiko Bertsozale Elkarteko idazkaria izan zan. Augustin Zubikarai eta Lino Akesoloren biografiak idatzi ditu.


Erramun Baxok

Suhuskunen (Nafarroa Beherea) jaioa. Filosofian doktorea. 1968an Quebec-era joan zan eta hango soziolinguistea aztertzera: William Mackey, Richard Bourhis, ... hogei urte emon zituan Quebecen, Filosofia irakasle. Ipar Euskal Herriko mobimentu euskaltzalean (Euskaltzaleen Biltzarrean, Euskal Kultur Erakundean...) partehartzailea. Ipar Euskal Herrian egin diran inkesta soziolinguistiko gehienetan parte hartu dau. Euskal Kultur Erakundeko buru izana. Bat soziolinguistika aldizkaria, Euskera, International Journal of the Sociology of Language, Jakin edota Jazten aldizkarietan argitaratu ditu bere artikulu zientifikoak.


Martzel Etchehandy

Eiheralarren (Nafarroa Beherea) jaioa. Teologian eta Biblioteka Zientzian lizentziaduna. Belokeko abadiaren liburuzaina da. Baionako Lauburu alkartean 30 urte inguru emon ditu hilarriak topetan eta sailkatzen. Elizen Arteko Bibliaren itzultzailea da. Bere lan batzuk: Bibliaren itzulpena (Hasera, Jalgitza eta Lebitikoa, Jondoni Paulo, Beste Gutunak eta Apokalipsia, Testamendu Berria (egokipena), Biblia osoa (egokitzapena), Ibaiak eta haranak (elkarlanean), Les STÈLES discoïdales et l´art funéraire basque: hil harriak. (Jon Etcheverry-Ainchart, Michel Duvert eta Claude Labategaz batera).


Ana Etxaide

Donostian (Gipuzkoa) jaioa. Hizkuntzalaritza Orokorraren katedraduna. Nafarroako Unibersidadean irakasle izan zan erretiroa hartu arte. Bertan, Espainiar Hizkuntza, Linguistika Orokorra eta Euskal Hizkuntza irakasten zituan. Ganera, Linguistika Orokorra Sailaren eta Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrearen zuzendaria izan zan. Unibersidadeko Bibliotekari Orokorra be izan zan. 2002an katedratiko emeritu izentau eben eta 2009an Jakiunderen kide.


Joshua Fishman

Filadelfian (Estadu Batuak) jaioa. New Yorkeko Yeshiva Unibersidadeko ikerketarako katedradun emeritoa da. Euskal Herrian batez be hizkuntza-soziologiaren aitaponteko legez ezagun bada be, jakituria-eremu zabalagoak landu ditu. Bere ikergaien artean honako honeek dagoz: hizkuntza eta etnizidadea, hizkuntza-plangintza, yiddish hizkuntzea, hezkuntza elebiduna eta antropologia medikoa.


Jose Angel Irigarai

Iruñean (Nafarroa) jaioa. 60ko hamarkadearen erdira aldera, Ez Dok Amairu taldeko jatorrizko partaide izan zan. Bertan bide oparoa jorratu eban kantagintzan. 70ko hamarkadan, hainbat urtez Nafarroako ikastolen sorrerearen mobimentuan ibili zan, herriz herri ikastolen aldeko dinamikea sustatuz. Aranzadi Zientzia eta Eusko Ikaskuntza alkarteetako idazkaria izan zan. 1995ean Bilboko Kafe Antzokiaren sorreran parte hartu eban eta hurrengo 9 urteetan bertako kultur sailaz arduratu zan. Azken urteetan, Iruñeko Pamiela agitaletxeko edizio lanetan dabil.


Joxemari Iriondo

Urrestillan (Gipuzkoa) jaioa. 1961ean, Loiolako Herri Irratian sartu zan eta laster euskerazko irratsaioak antolatzen hasi zan. Bertsolaritza arloan lan handia egindakoa da. Euskal kantagintzea be lan-eremu izan dau, Ez Dok Amairu taldearen sorreran parte hartu eban eta grabazino ugari egin zituan irratian.

RTVE-ko euskerazko lehenengo telesaioa gidatu eban, Euskalerria. 1983tik erretiroa hartu bitartean, ETB-n ibili zan, ardura handiko hainbat zereginetan. 1990-1997 urteetan EITBko euskera eta hizkuntza zuzentzaileen arduraduna izan zan.


Xabier Lete

Oiartzunen (Gipuzkoa) jaioa. Idazle, poeta eta kantaria. Ez dok Amairu taldea sortu ebanetariko bat da Xabier Lete. 1975etik 1978ra Antton Valverdegaz kantetan aritu zan, eta bertso zaharren bertsino barriakaz bi disko atara zituan, Lizardiren poesiei eta Txirritaren bertsoei eskainiak. Antzerkia be jorratu eban eta, besteak beste, poema liburu honeek idatzi ditu: Egunetik egunera orduen gurpillean, Bigarren poema liburua, Urrats desbideratuak, Biziaren ikurrak, Zentzu antzaldatuen poemategia, Abestitzak eta poema kantatuak, Egunsentiaren esku izoztuak.

Diskoen artean, honeek: Errota zahar maitea, Nafarroa arragoa, Kantatzera noazu, Lore bat, zauri ba, Eskeintza, Hurbil iragana. Hainbat abeslarik musikau eta kantau izan ditue Leteren olerkiak eta kantak, horreen artean Mikel Laboa, Lourdes Iriondo, Antton Valverde, Imanol Larzabal edota Benito Lertxundi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu